Euskal historiaren parkea

Senpereko parkeak Euskal Herriko historia ezagutaraztea izanen du xede, eta horixe da Anai Artea elkarte humanitarioaren egungo eramaileen azken lana. Hainbat historialariren laguntza ukan dute bideo bidez historiako 22 garai kontatzeko.

Senpereko Helbarrun auzoko parkea, irudi digitalean. Larunbatean estreinatuko dute. ANAI ARTEA.
Joanes Etxebarria.
2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Anai Artea elkarte humanitarioak bost hamarkadako ibilbidea bukatutzat jo duelarik, bere ohiko zereginetik doi bat urruntzen den azken lan bat utziko du Senperen (Lapurdi). Piarres Larzabal eta Telesforo Monzonek bultzaturik, Anai Artea euskal iheslariak laguntzeko sare bat izan da urteetan, 1969an sortu zenetik. Larunbatean Senpereko Helbarrun auzoko Zubiondon estreinatuko duten parkean, aldiz, Anai Arteak Euskal Herriaren historia luzearen lan sintetiko bat utzi nahi izan du; horretarako, hainbat historialariren laguntza ukan dute.

Laborari senpertar batek eman lurretan, 1.500 metro koadrotan, parke tematiko bat plantan ezarri dute. Senperen izanen da, baina teknologiak du historia hara eramanen: panel batzuetan 22 gai bereizi dituzte, eta QR kode batzuek eginen dute historialarien lanarekin lotura digitala: gai bakoitza landu duen historialariaren testutik abiaturik, bideoak egin dituzte, eta parkean kodea eskaneatuz edo zuzenki webgunera sartuz ikusten ahalko dira, Anaiartea-oroitlekua.eus helbidean.

Historia kontatu

Parkean paneletan eta webgunean kronologia batean kokaturik, 22 gai historiko bereizi dituzte Anai Artekoek, historialarien hautuen arabera. Elkarte humanitarioa izanagatik, historiaren kontakizunean ere nahi izan du bere ekarpena egin Anai Arteak, ibilbide bukaeran, Mixel Mendiburuk argitu duenez: «Bada historia ofiziala, baina guk ere, herri ttipi bezala, badugu gure historia eta behar dugu gure partea kontatu».

Duela 40.000 urteko kontakizun batekin hasi eta Lizarra-Garazi Akordioarekin (1998) bukatzen da kronologia; bien artean, besteak beste, ondoko gai hauek aletzen dira: erromatarren garaia, Orreagako 778. eta 824. urteetako guduak, Nafarroako foru orokorra, PNV-EAJ alderdiaren sortzea, ETAren sortzea eta euskararen egoera atzo eta egun. Garai bakoitzarendako, webgunean, euskarazko bideo bat ageri da, eta frantsesezko eta gaztelerazko azpitituluekin ere ikus daiteke.

Gai horien lantzeko, elkarteak «Euskal Herriko historialari hoberenak hautatu eta bakoitza zein gairen jabe den kontuan hartu» du, Battitta Larzabal Anai Arteko kidearen erranetan. Horietan, izen ezagun franko: Aurelia Arkotxa, Eneko Bidegain, Xarles Bidegain, Jean-Louis Davant, Iñaki Egaña, Peio Etxeberri-Aintxart, Claude Labat, Jean-Claude Larrondo, Nabarralde, Xabier Otero, Battitta Larzabal bera eta Maite Urmeneta.

Azken horren partea, irri artean dioenez, «beste nehork hartu nahi ez zuena», haren ustez erromatarren garaia da, eta lantzea interesgarria izan zaio Urmenetari: «Baina ez da beharbada gai mugarri edo zedarria Euskal Herriko historian». Kanboko Xalbador kolegioan Historia irakaslea da, eta publiko zabalarentzat idatzi duen testuan oinarritzen da parte horren bideoa: «Gai horrez, orain arte, baziren mito anitz; karikatura eginez bi hitzez, euskaldunak ez ginateke sekula erromanizatuak izan. Azken urteetako ikerketek zinez garatu dute hori, eta ari da pixka bat gaia berritzen. Uste genuen baino askoz gehiago erromanizatuak izan gara, onerako: bideak, hiriak, arrantza... Aldiz, azpimarratubehar da gure herrian hizkuntzak iraun duela, salbatu dela erromanizazio prozesu horretan».

Urmenetaren ustez, bere ekarpenak zentzua hartzen du besteekin kokaturik: «Erromanizazioaren partea bakarrik irakurriz, ene ustez, ez du zentzurik; bai, aldiz, proiektu orokorrak». Irakasle izateaz gain Ikas pedagogia materialen sortzen ari denez —hain zuzen, Euskal Herriko historiaren material pedagogikoa egiten—, osagarritasuna ikusi du Senpereko parkearekin: «Ikasleendako parke hori izatea, bisitatu ahal izatea eta webgunea izatea bikaina da, eskolan orainarte ematen ahal ez genuenzerbait gehitzen baitu: euskaldunok ezagut dezagun gure historia, eta gazteek ttipitik ezagut dezaten».

Lekukoa Udalbiltzari

Anai Arteak azken bost urteetan landu du larunbatean estreinatuko duten parkearen ideia. Hastapen batean, 2000. urtera arte atxilotuak edo preso sartuak izan ziren Ipar Euskal Herriko zazpiehun izen omentzeko zizelkatze bat ezartzea zen ideia, eta gero historiaren kontakizunera hedatu zen xedea. Iñaki Iriarte eskultore saratarraren obra estreina egunean erakutsiko dute. Egun horretan utziko dute, sinbolikoki, Anai Arteko kideek elkartearen lekukoa. Parkearen mantentze lanak Senpereko herriak eginen baditu ere, «kudeaketa intelektuala Udalbiltzak eramanen du», Larzabalek erran duenez. Gehitu du Anai Artearen lana ere gaur egungo kideek Udalbiltzako kideen esku utziko dutela: «Ekipo berri batek segida hartuko du, bertze helburu batzuekin».

Historiaren kontakizuna egiteko parkea sortzeko egin behar ziren gastuak Udalbiltzak hartuzituen bere gain; Anai Artearen Donibane Lohizuneko egoitza, berriz, erakundearen esku gelditu da. Xedea gauzatzeko eginbehar izan duten bide luzea elkartearen bidea bukatzeko manera bat zen, Mendibururen arabera: «Anai Artea bururatzen ari zen, eta ari ginen interesgarria izanen zela obra bat egitea». Elkartearen historia beste helburu batekin ezagutarazi zuten lehendik: Txomin Hiriart-Urrutik idatzi liburuarekin, hain zuzen: Anai Artea 1969—2021 elkartearen historia.

Lekukoa Udalbiltzari pasatzearekin batean, Anai Arteko kideek badakite Senpereko parkeak segida beharko duela, Lizarra-Garazi Akordioarekin bukatuz idatzi gabe gelditu delako historiaren parte bat, Larzabalek argitu duenez: «Lehen bertsio bat da, hobetzeko gisan pentsatua dena. Lizarra-Garazin bukatzen da historia kontakizuna, eta bake bidea, desarmatzea eta horiek falta dira. Bistan da oraindik goiti osatzen ahalko dela, historia oraindik egiten ari baita».

Bestalde, laburki kontatua den historia horren barnatzeko bide berriak irekitzen dira Ikas elkartearen pedagogia material berriarekin ere. Urmenetaren erranetan, «orain arte ez da sekula izan; irakasle batek nahi bazuen gai bat landu behar zituen ikerketak egin, materiala sortu eta landu behar zuen, eta beti hautu bat egin behar zuen, gai bat edo bestea hartuz. Sintesi lan hori egina da Ikasen, eta ekainean aterako da». Frantziako Hezkunde Nazionalaren bermea behar du material pedagogiko horrek, eta Akademiako ikuskariaren oniritzia kausitu dute XIX. mendea aipatzen duen materialarentzat; «Historia unibertsala egiten dugu Euskal Herritik partituz. Bi helburuak uztartuz, Euskal Herriko historia irakatsi eta Hezkunde Nazionalekoa», esplikatu du Urmenetak.

Estreina, larunbatean

Anai Arteak gomita zabaldu du inauguraziorako, eta, orain, uste zuten baino pertsona gehiago izanen dela iduri zaie. Larunbatean, 11:00etan, parkea deskubritzera joanen direnei autoa Senpereko Intermarche saltokian uztea galdetu dute, handik hurbil den lur eremuan ez baita aski leku izanen. Eskultura han bada ere, larunbatera arte tapatua atxikiko dute, aurkezpen egunerako. Webgunea, berriz, oraindanik kontsulta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.