Zientzia

Euskal hezetasuna, berrikuntza ureztatzeko

Kasualitateak lekua izan du beti zientziaren eta teknologiaren historian. Zoriak elkartu ditu Donostiako Nanogunean lanean dabilen kimikari musikazale bat, kostaldeko aire umela eta Norvegiako goi mailako musika gailuen ekoizle batzuk. Denen artean, grafenoan oinarrituriko munduko lehen bozgorailua merkaturatu dute.

Euskal hezetasuna, berrikuntza ureztatzeko.
Edu Lartzanguren.
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Anaiak ohartarazi zidan, etxera etorri eta bozgorailuak ikusi zituenean», esan du Raul Perez-Jimenez kimikariak. Musika entzuteko gailuak erabat hondatuta zeuden, nahiz eta oso gama altukoak izan, hau da, oso garestiak. «Ez dira edonon ikusten». Norvegiako Seas etxeak ekoizten ditu, eta zientzialariak AEBetan erosi zituen. Izan ere, Granadako (Espainia) unibertsitatean irakatsi ondoren, Columbiako Unibertsitatean aritu zen Perez-Jimenez, New Yorken. 2013an hasi zen Donostiako Nanogunean, biologia taldean; besteak beste, entzima berriak diseinatzen dituzte han, eta grafenoarekin nahasten ari dira horietako batzuk, gorputzean txertatu eta elektrizitatea eramateko gauza diren materialak sortzeko.

Baina zerikusirik ba du horrek musikarekin? Ez zen kasualitatea kimikariak halako bozgorailu onak edukitzea etxean, musikaria eta musikazale aditua baita: pianoa jotzen du, eta konposizioa eta orkestra zuzendaritza ikasi zituen New Yorken. «Musika nire pasioa da, eta horregatik dauzkat ohikoak ez diren tresnak etxean».

Ikertzaileak esan du maila oneko audio gailuak «mundu bat» direla, eta onartu du «fetitxismo handia» dagoela horretan. Baina grabaturiko musika kalitate handiarekin entzun nahi denean, bozgorailua sistemaren «arima» dela adierazi du. Herrialde eskandinaviarretan esperientzia handia dute bozgorailuen diseinuan; Norvegian, 1920ko hamarkadatik dabiltza diseinatzen. «Bozgorailu hauetako batek kostatzen duenarekin, musika gailu oso bat eros zenezakeen merkataritza gune batean». Ikertzaileak eskuan duena, esaterako, 300 bat euroan saltzen dute; bafle bakoitzak horrelako bi eta lau artean ditu.

Bi urte, eta herdoilduta

Perez-Jimenezek 2012. urtean erosi zituen bozgorailuak, eta bi urte geroago ikusi zuen herdoila. Nola liteke horren kalitate handiko tresnetan halako arazo bat sortzea?«Hau Donostian gertatzen da, hezetasun handiko lekuetan», ohartarazi du ikertzaileak.

Kimikaria izanik, usainarekin bakarrik bazekien gatz horiek magnesio hidroxidoa zirela, ozpin usain tipikoa dutelako. Konoak magnesiozkoak dira. «Magnesioa higroskopikoa da [hezetasuna xurgatzen du], eta magnesio hidroxidoa sortu zen»: hezetasunarekin herdoildu egin zirela, alegia. Materiala ez da arazoa, berez; izan ere, edozein materialek ditu desabantailak ingurumen batzuetan.

Norvegiarrei idatzi zien kimikariak, eta beste kono bat bidali zioten. «Baina berriz herdoilduko zitzaidala pentsatu nuen; beraz, arazoa nola konpondu pentsatzen hasi nintzen. Arazo bat duzue, eta badakizue, esan nien, eta baietz erantzun zidaten, arazoa zegoela leku oso hezeetan».

Hainbat artikulu irakurrita, Perez-Jimenezek ikusi zuen grafeno oxidoa erabil zitekeela metalak babesteko. Danimarkako DTU Nanotech institutuko Feng Yu ikertzaileak aztertu du han grafenoa nola erabili metalak herdoiletik libratzeko inguru latzetan. Perez-Jimenezek konponbidea proposatu zien Norvegiarrei: metalezko konoa grafeno materialarekin babestea.

Kontxako uretan sartuta

Ikertzaileak adierazi du Norvegiarrak oso irekiak izan direla hasiera-hasieratik. «Oso erraza izan da haiekin lan egitea». Kono batzuk bidali zizkioten, eredu gisa; gero, ikertzaileak grafeno oxidoa bidali zien Donostiatik, konoak Norvegian margotzeko.

Horietako bat Donostiako badiako uretan sartuta eduki zuen ikertzaileak bi astez, proba egiteko. Norvegian hainbat prototipo margotu zituzten, eta klima ganbera batean sartu zituzten, muturreko klimak simulatzeko. Beste kono batzuk Singapurrera bidali zituzten, hau da, negurik eta garai lehorrik gabeko klima ekuatoriala duen leku batera.

Bi urtez, sinfonia eta sinfonia artean, ikertzaileak argazkiak egin zizkien etxeko konoei, eta norvegiarrei bidali zizkien. «Hemen hezetasun mailaren tontorra azaroan heltzen da, eta baxuena martxoan neurtzen da. Behaketa hezetasun ziklo oso batean egitea erabaki genuen». Ikertzaileak esan du Donostiako lekurik hezeena Mirakontxako pasealekuko etxeetan dagoela, ipar haizeak bete-betean jotzen duelako eta mendiarekin ez dutelako lehortzeko aireztapenik. Hezetasun horren biktima izan da ikertzaile andaluziarra, eta ez bakarrik etxeko musika tresnetan: alergiadauka orain, umelean ugalduriko akaroengatik. «Osasunari erasan dit, ni beti bizi izan naizelako leku lehorragoetan».

Urtebete pasatuta, ikusi zuten konoek ez zutela herdoilik. «Orduan erabaki genuen honek funtzionatzen zuela». Luzea izan da prozesua, bi urtekoa, proba asko egin behar izan baitituzte.

Perez-Jimenez protagonista izan duen istorioak balio du ilustratzeko zer den zientzia aplikatua. «Zientzian formakuntzarik ez duen batek ohikoa egingo luke: kexatu eta garantia erabili, arrazoi osoz. Baina ikerketan dabilen batek... Nanogune entzuten dugunean, askotan minbizi zelula baterako nanopartikula bat sortzeko ikerketaz ari gara. Baina nanoteknologiaren aplikazioak sinpleagoak dira sarri, egunerokoari lotuak. Nire deformazio profesionalak honetara eraman ninduen».

Grafenoz babesturiko lehen bozgorailuak merkatuan daude jada, eta horretarako dirua duen edonork eros ditzake. Etorriko dira gehiago. «Asko ikertzen ari da. Etorkizunean, grafenoa izango dugu egunero erabiltzen ditugun gauza askotan, eta hau da lehenetako bat».

Euskal Herriko kostalde osoan badago korrosio arazo publiko bat: barandak, kale-argiak... «Ez dakit ekonomikoki bideragarria izango ote zen Euskadi osoa grafeno oxidoz margotzea», esan du ikertzaileak, barrez. Edonola ere, Perez-Jimenezek uste du benetako aukera dela grafeno oxidoa erabiltzea teknologikoki hauskorragoak diren gauzetan, osagai elektronikoetan, esaterako. «Honekin hala erakutsi dugu, nahiz eta kasualitate hutsa izan, hau ez baikenuen egingo ni beste nonbait bizi izan banintz».

Norvegiarrak pozik daude, produktu lerro berri bat zabaldu ahal izan baitute inork baino lehen. Baina batez ere grafenoarekin lan egiten duen sarearentzat da ona berrikuntza, aplikazio praktiko bat dendetako apaletan jarri duelako.

Edonola ere, zientzialaria ez da ase. Konoa bozgorailuaren markora lotzen duen gomak ere arazoak ematen ditu askotan. «Proposatu diegu goma nanozelulosarekin ordezkatzea. Nanogunean nanozelulosa sortzen dugu, eta lagin batzuk bidali dizkiegu».

Jakina, hau ez da penizilinaren aurkikuntza, baina pasadizo hutsa baino gehiago da, ondo ilustratzen baitu zoriak baduela eginkizun handia zientzia eta teknologiaren aurrerapenean, baina, aldi berean, erakusten du basoan lanean dabilenari jotzen diola kukuak. Hi-fi soinuz jo ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.