Euskal Herriko Eskulangintza Azoka hasiko da bihar, Errenterian

Beira izango da azokako ardatza; ostiraletik igandera egingo dute, eta sariak ere izango dira

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza Elkarteak beste behin antolatu du Euskal Herriko Eskulangintza Azoka. Bihar irekiko ditu ateak, arratsaldean. Aurreko urteetan azoka 12:00etan hasi bazen ere, 18:00etan irekiko ditu azokak ateak. Aurtengoa 33. aldia izango da.

Azokako gai nagusia beira izango da, eta, jendeari material hori nola lantzen den erakusteko, bertan azalduko dituzte zenbait teknika. Guztira, hamahiru postutan ariko dira beiralantzen, eta haiek egindako produktuak saltzeko ere ipiniko dituzte.

Beiraz gain, beste material batzuk landuko dituzte beste eskulangile batzuek. Esate baterako, egurra, burdina, papera, kartoia, ehuna, zumea eta zeramika. Eta, noski, material horiekin egindako produktuak ere saltzera aterako dituzte.

50 artisauren postuak egongo dira azokan banatuta. Artisauak Euskal Herriko lau izkinetatik etorriko dira.

Horretaz gain, goserik izanez gero, janari postu bereziak egongo dira.

Sari banaketa

Sari bereziak banatuko dituzte eskulangileen artean. Alde batetik, produktuaren kalitaterik onena sarituko dute. Beste alde batetik, sari berezia emango diote erakusmahairik onena duen artisauari.

Azokaren inaugurazioa egitaraua azoka egingo den leku berberean izango da, Merkatuzar kulturguneko Jose Luis Caso aretoan.

Ostiralean, larunbatean eta igandean bisitatu ahal izango da azoka. Abagune polita ematen dute gisa honetako azokek eskuz landutako produktu sorta ugari ikusteko eta erosteko.

Bisitatzeko ordua 11:00etatik 14:00etara izango da goizean, eta 16:30etik 20:30era arratsaldean. 2,50 euroren truke sartu ahal izango da aretora.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak eta Kutxak lagundu dute Ereintza Elkarteak antolatutako azoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.