Fernando Moleres argazkilariak (Bilbo, 1963) hogei urte baino gehiago darama esplotazioaren eta giza eskubideen urraketaren errealitate gordina erretratatzen mundu osoan. Erakusketan, gidari lana egingo du gaur. Izena emateko: [email protected].
Zu erizaina zinen, eta Nikaragua sandinistan hartu zenuen lehen aldiz kamera, salaketa arma gisa.
Aita erizaina nuen, eta ni ere gustura nengoen erizain lanean; zoriontsu nintzen, laguntzen nuen jendearekiko lotura horrengatik. Nikaraguara brigadistekin joan nintzen, azken batean, orduan Euskal Herrian bizi nintzelako. Murtzian [Espainia] bizi izan banintz, ziur ez nintzela han egongo. Hein handi batean, Euskal Herrian egokitu zitzaidan errealitate soziopolitikoak bultzatu ninduen argazkilari bihurtzera eta gizartea salatzeko lanak egitera.
Beste batzuek kalaxnikova hartu zuten orduan, zure egoera berean.
Batzuk kalaxnikova hartu zuten; beste batzuek, etxera itzuli, eta lanean jarraitu zuten. Nik argazkigintzari ekin nion, jarraipen gisa, nolabait ere, sinesten duzun horretan parte hartzen jarraitzeko. Gauzak aldatzerik badagoela sinesten jarraitzeko, horretarako bide bat edo beste hartuta ere.
Azken erreportajea Sierra Leonako espetxe batean egin duzu, eta hau esan duzu: «Uste nuen kartzelan sartzea lortzen banuen eta lana argitaratzen banuen zeozer aldatuko nukeela... Baina ez da ezer aldatu». Ez al zaude azken boladan kameraren indarrarekin etsi samar?
Preso diren haurren lan hau egin eta argitaratu izanak zeure tokian jartzen zaitu. Gauzak ez daudela ondo dioen kate luze baten begi txiki bat besterik ez zara, gobernuz kanpoko erakundeekin eta beste jende askorekin. Baina norberak oso gutxi mugitzen du kate hori. Ez dakit eszeptikoagoa naizen, edo errealistagoa. Baina oraindik behar adina sinesten dut lanean jarraitzeko. Garena baino garrantzitsuago garela pentsatu ohi dugu.
Begirada kontzienteak erakusketa azalduko duzu gaur. Lehen munduaren eta hirugarren munduaren arteko paralelismoen ariketa bat da.
Zaborra ateratzen dudan bakoitzean pentsatzen dut: «Hau guztia nire kontsumoaren ondorioa da?». Zabor elektronikoaren gaia jorratzen du erakusketak, eta baita arroparena ere: horrenbeste arropa erosten dugu merkea delako. Bangladeshen 2004an erretratatu nituen langileek 12-14 dolar inguru kobratzen zuten hilean. Dramatikoa da hangoa: ez dute ateratzeko ordurik, hamasei ordu egitera behar ditzakete, baina berdin kobratuko dute, ez dutelako modurik lanordu estren ordainik jasotzeko. Ezin duzu sindikatura jo, kaleratu egiten zaituztelako. Langileon protestetako argazki bat dago erakusketan, atzeraturiko soldatak ordaintzea eskatzeko. Poliziak hainbat hil zituen manifestazioan.
Bangladeshera itzultzeko asmorik?
Nahiko nuke jarraitu Bangladeshko jantzi lantegietako egoera erretratatzen hamar urteren buruan. Egoera aldatuko zela agindu zuten Rana Plaza lantegiaren iazko hondamendiaren ostean, 1.130 hildakoren ondoren. Baina neurtu egin behar dut egitasmoa; jakin behar dut hedabideek zer nahi duten. Freelance izatea asko maite dut, baina gaizki ateratzen bazaizu, kontua ez da hil horretan zer ez duzun irabazi, baizik eta zenbat galdu duzun.
Fernando Moleres. Argazkilaria
«Euskal Herriko errealitate soziopolitikoak bultzatu ninduen argazkilari izatera»
Moleresek bi hamarkada pasatxo darama salaketa erretratuak egiten. 'Begirada kontzienteak' erakusketan gidari lanak egingo ditu gaur, 17:00etan eta 19:00etan, Donostiako Okendo kultur etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu