Euskaldunoi agertu zaigun mezularia da Mairin Mitchell. Munduan ezagutzera eman gaitu, gozotasunez, ikuspegi duinak aurkitzen saiatuz, ostean maitasunez jasotzeko». 1966an Venezuelan erbesteratutakoei idatzitako gutunean, miresmenez mintzatu zen Manuel Irujo EAJko buruzagia Mairin Mitchell kazetari, idazle eta Erresuma Batuko Royal Geographical Society elkarteko kidearen inguruan: izan ere, betidanik izan zuen hark Euskal Herriarekiko interesa eta hari buruz ikertu eta idatzi zuen oparo.
Ekarpen horiengatik omenaldia egin behar zitzaiola uste zuen politikariak, domina bat eman, edo nolabaiteko aitortza egin, behintzat. Baina 50 urteren ondoren mamitu da Irujoren nahia: Xabier Armendariz itsas historialariak, Amaia Lopez de Munain kazetariaren laguntzarekin, Mitchellen bizitzaren eta obraren inguruko erakusketa bat taxutu eta komisariatu du, Gernikako (Bizkaia) Euskal Herria Museoan bisitatu ahalko dena otsailaren 5era bitartean. Orain arte, ordea, oharkabean igaro da Mitchell.
Mitchell 1895ean jaio zen, Darlingtonen (Ingalaterra), baina irlandartzat zuen bere burua —Irlandakoa zuen aita, hain justu migratu beharra izan zuen mediku bat—. Era berean, Euskal Herriarekiko interesa ere goiz piztu zitzaion: amonetako bat, Marianne Garat, Lapurdikoa zen, eta, Armendarizen arabera, harengandik heldu zitzaizkion euskaldunekiko ezagutza eta grina. Euskara ere hark transmititu zion, seguruenik: hitz egiten ondo jakin ez arren, ederto ulertzen baitzuen Mitchellek.
Gaztetatik, bidaia andana bat egin zuen Europan zehar, eta Euskal Herrira ostera mordoak egin zituen tartean, 1930eko urteetatik aurrera. Hamarkada horren hasieran, Donostian egon zen Jose Migel Barandiaranek euskaraz eman zuen hitzaldi batean, esaterako. «Interesa zuen euskal historian eta historiaurrean», komisarioaren hitzetan.
Bisitatu bakarrik ez, Euskal Herriaz idatzi ere nabarmen egin zuen Mitchellek garai hartan. The Irish Press egunkarian zutabe ugari eskaini zizkien euskal gaiei: xehe-xehe deskribatu zituen hemengo dantzak, musika, jantziak, fisionomiak, hizkuntza eta ohiturak, besteak beste. Orobat, erne egoten zen, kasik zelatan, ingelesezko agerkarietan Euskal Herriaz zer esango, zuzentzeko prest. «Esate baterako, artikulu batean esan zuten galesa zela Europako hizkuntzarik zaharrena; bada, Mitchellek beste artikulu bat idatzi zuen esateko ezetz: euskara zela zaharrena», Armendarizek azaldu duenez.
Gerraren arbuioa
Hala nola Marx eta Hegel irakurtzen osatu zuen Mitchellek bere ideologia, feminismoak biribildu zuen bere mundu ikuskera, eta anaiaren heriotzak bultzatu zuen gerraren aurkako iritzi irmoa izatera: Lehen Mundu Gerran, Erresuma Batuko abiazioan borrokatu zen Edward Mitchell, eta 1918an hil zen, hegazkin istripu batean.
Anarkismora ere jo zuen Mairin Mitchellek, eta horregatik bukatu zuen 36ko gerra betean. «Uste zuen jende xumearentzat anarkismoa aukera ona zela», Armendarizen esanetan, «eta Errepublikako anarkistek zer egin zuten ikusteko gogoa zuen». Lagun batekin joan zen hara, eta altxamendu kolpistak harrapatu zituen; hala, bi bandoak bisitatzeko aukera izan zuen, eta haietan bizitakoak ere kontatu zituen. Besteak beste, George Orwellek goraipatu zuen haren lana.
1937an eta 1938an, Europako toki askotara bidaiatu zuen, baina, 36ko gerragatik aurrena eta Bigarren Mundu Gerragatik ondoren, Euskal Herritik aldenduta egon zen urte luzez. Ez zen hartaz ahaztu, nolanahi ere. «Norbaitek idazten zuenean euskal herritarrek bonbardatu zutela Gernika, Mitchellek egunkari britainiar guztiei idazten zien esaten bera Gernikan egona zela, eta nazionalek bonbardatu zutela», adierazi du komisarioak. Eta idatzi zuen, era berean, eskatzeko abegi egin ziezaietela Euskal Herritik ihes egin behar izan zuten umeei.
Euskal nabigazioan interesa
Europara egindako bidaietan oinarrituta, Back to England obra idatzi zuen Mitchellek, eta nostalgiaz gogoratu zituen hemen ikasi eta bizitakoak. «Urrun, iparraldeko haran berdeetako arto zelaietan, idi gurdien karraska entzuten da, zeru guztia anbar eta malba kolorekoa da eta muinoak itzaletan daude. Haurrak ikhasazue jotzen eta dantzan ari dira euskal haurtxoak, plazan. Baliteke azken aldia izatea. 'Eta tira, zergatik ez?'». Hori horrela, euskaldunen kontuetan sakontzea erabaki zuen 1950eko hasierako urteetan, eta euskal nabigatzaileen itsas historia izan zuen jopuntuan, orduko aurkikuntza geografikoen aitzindaritzat baitzituen.
Izan ere, Mitchellentzat Juan Sebastian Elkano izan zen munduari buelta ematen lehena, baina jabetu zen nazioartean bestelako bertsioak gailentzen zirela: Stefan Zweig idazle austriarrak Fernando Magallaesi buruz idatzitako liburuan, Elkano gutxiesten omen zuen; eta anglosaxoiek uste zuten Francis Drakek egin zuela lehen bira. Eleberriaren moldea hautatu zuen uste horiek ezeztatzeko, eta Juan Akuriorengan ardaztu zuen mundu biraren kontakizuna, Victoria ontziko kontramaisuarengan, hain zuzen, Elkanorengan zentratu beharrean. Bermeokoa (Bizkaia) zen Akurio, eta udalerrira lekualdatu zen idazlea 1951n, dokumentatzeko xedearekin. XVI. mendeko Bermeoren historia, gizartea eta tradizioak islatu zituen Akurioren odisea lanean, baita garai hartako paisaia eta giroa ere. 1956an argitaratu zen eleberria.
Ingelesez zegoen idatzia, jatorrian, baina euskarazko hitzez, esaera zaharrez, eta kantu herrikoiez zipriztindu zuen Mitchellek nobela. 1958an, gaztelaniazko itzulpena argitaratu zuten Bartzelonan, eta han ere beren horretan agertu ziren euskarazko zatiak. «Esaldiak hor zeuden, eta ez zentsurak ez beste inork ez zion ezer esan», Armendarizek dioenez. Europako hainbat hizkuntzatara itzuli zen obra, hala nola alemanera; iaz, euskarazko itzulpena berrargitaratu zuen Bermeoko Udalak.
Ez-fikziora jo zuen idazleak hurrengo argitalpenerako. Elkano izan zuen hizpide, ostera ere, baina lan biografikoa egin zuen orduko hartan: Elcano: the First Circumnavigator (Elkano: munduari bira ematen lehena; 1958). Eleberri historikoaren formatura itzuli zen, aldiz, The Bridge of San Miguel (San Migel zubia; 1960) obran: Vasco Nuñez de Balboarekin batera itsasoratutako bi bizkaitar ditu hizpide lanak, Barakaldoko Antonio Ortuño eta Urduñako Pedro Orduña. 1964an, Andres Urdanetaren biografia argitaratu zuen; ez-fikziozko liburu bat, alegia.
Euskal herritarrak, gertu
Dokumentatzeko egindako bidaiak gorabehera, Mitchellek gertu izan zituen euskal herritarrak garai hartan. Londresen bizi zen gazte zenetik, eta gerraosteko garaiak oparoak izan ziren harentzat: hiriburuan bildu ziren gerretako erbesteratu asko, hala nola euskal herritarrak, eta harreman estua izan zuen erbesteko Eusko Jaurlaritzako kide batzuekin. «Gutun asko trukatu zituen [Jesus Maria] Leizaolarekin eta [Manuel] Irujorekin». Harreman epistolarra izan zuen, halaber, Koldo Mitxelenarekin. «Euskararen inguruan zalantzaren bat zuen bakoitzean, karta bat bidaltzen zion», komisarioak kontatu duenez.
Euskal Herrira itzuli egin zen Mitchell, ez soilik istorioetarako oinarriak biltzeko, baizik eta bizitzeko. 1960ko hamarkadaren bukaeratik aurrera, ia bi hamarkada egin zituen hemen. Beran (Nafarroa), Zumaian eta Tolosan (Gipuzkoa) bizi izan zen. 1977an, 82 urterekin, Ingalaterrara itzuli zen, eta han hil zen 1986an, 91 urterekin. Hil hurren zela, bere azken liburua hurbildu zioten, azkenik publikatua esfortzu handien ondoren: XII. mendeko Berengaria noble nafarrari buruzko eleberri bat taxutu zuen azken urteetan, Rikardo Lehoibihotza Ingalaterrako erregearen emaztea izan zena. Testamentuan ere Euskal Herria izan zuen gogoan.
«Bizitza osoa eskaini zion Euskal Herriari», laburbildu du Armendarizek, eta miresmena igartzen zaio ahotsean. Baina, duela urte eta erdi, ez zuen Mitchellen berri. Bermeoko Arrantzaleen Museorako Elkanoren eta Akurioren inguruko erakusketa bat prestatzen ari zela egin zuen topo emakumearekin, kontramaisuari buruzko eleberria tarteko. Eta ikertzen hasi zen, eta jabetu zen ez zela eleberrigile soil bat. «Sekulako bizitza izan zuen», komisarioaren irudiko, baina, hala ere, ez da batere ezaguna.
Zergatik ote? «Oso-oso diskretua zen», erantzun, eta datu bat eman du: haren argazki bakar bat baino ez dute aurkitu orain arte, 24 urte zitueneko bat. Ez dago haren irudiaren beste zantzurik. Diskrezio horri erreparatuta, Armendarizek uste du litekeena dela Bigarren Mundu Gerraren garaian lan egin izana Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetarako, beste idazle batzuek egin bezala. «Pila bat hizkuntza zekizkien: ingelesez, gaztelaniaz, grezieraz, alemanez, frantsesez, errusieraz... Eta 1938an, gerra hasi baino lehen, Europa zeharkatu zuen, baita gero etsaiak izango ziren herrialde horiek ere: Alemania eta Austria». Teoriak teoria, ezkutuko andre horren arrastoan segitzeko asmoa du Armendarizek, eta hari aitortza egiteko nahian.
Euskal Herriari emandako bizitza bat
Euskal Herriko tradizioak, kantuak eta marinelen bizipenak jaso, eta euskal kultura eta politikarekin harreman estua eduki zuen Mairin Mitchell idazle irlandarrak. Alabaina, gaur egun ahaztu egin dira haren ekarpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu