Euskal Herriaren zati bat Necochean

Astebetean, Argentinako euskal diasporak topagune bat izango du, dantza, musika eta gastronomiaren inguruanLarunbatean, euskal etxeetako ordezkariak bilduko dira; igandea festa eguna izango da

Igandean, erromeria egingo dute, eta 600 bat dantzari bilduko dira Necochean. IÑAKI ARAMAYO.
Buenos Aires
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Aurten, berriro ere, Euskal Aste Nazionalaren inguruan bilduko da Argentinan bizi diren euskaldunen elkartea. Aurten, Necochea izango da topalekua; Buenos Airestik 504 kilometroa dagoen hiri bat da, bainuetxez betea, eta hango Euzko Etxea euskal-argentinar etxeak antolatu du euskal-argentinar familiaren 2011ko festa handia.

Aste osoan, zuri-gorri-berdez jantziko da 94.000 bizilaguneko hiri hori, eta Euskal Herriko herri bihurtuko. FEVA Euskal-Argentinar Erakundeen Federazioan bildutako ia ehunka euskal etxeetatik joanda, mila lagunek baino gehiagok hara bidaiatuko dute; batzuek mila kilometro baino gehiago egingo dituzte, urtero ohi dutenez euskal musika, dantza, gastronomia eta kulturaren inguruan biltzeko berriro ere. Horretaz gainera, abagunea izango dute nork bere esperientziak azaltzeko eta herrialde osoan euskal nortasuna zabaltzen eta aldezten lan egiteko aurrerantzean ere.

Astelehenean hasi ziren jarduerak, askotarikoak: euskal etxearen sarrerako haga biak inauguratzea, ikurrinari eta Argentinako banderari eusten dietenak; Maria Julia Ercorecari omenaldia egitea, oraindik orain zendu baita Argentinako euskal dantzen eta kulturaren zabaltzaile nekaezina. Asteartean, euskal zinemaren txanda izan zen. Bart, berriz, gastronomia izan da osagai nagusia, eta Pilpillando Argentina saioa aurkeztu zuten; FEVA izan du babesle, eta Itziar Aguirre sukaldari argentinarra buru. Saioak honako helburu hau du: Euskal Herriko sukaldaritza ezagutaraztea eta hainbat tokitako gabeziak kontuan hartzea, eskolak emango dituzten hirietan parte hartzen dutenek galkorra ez den jaki bat eraman beharko baitute.

Gaur gauean, Euskal Herriaren historiari buruzko hitzaldi bat egingo du Cesar Arrondok; Aukeran dantza konpainiak, berriz, bere burua ezagutaraziko du, Argentinara bidaiatu baitu horretarako, beren-beregi. Jardunaldia amaitzeko, sagardotegi gau bat antolatu dute euskal etxean.

Bihar hasiko dira iristen Necocheara herrialde osoko ordezkaritzak, baita Txiletik, Uruguaitik eta Brasildik bildutakoak ere; besteak beste, hogei gazte talde baino gehiago eta haien arteko dantzariak. Horiexek girotuko dute festa, eta pozez eta kolorez jantziko.

Asteburuan, ekitaldi ugari

Euskaldunen elkartea kalera irtengo da: herri kirolak izango dira Necocheako hondartzan; euskal abesbatzen topaketa antolatu dute hiriko elizan; eta Aukeran dantza taldeak Gernika ikuskizuna emango du hiriko antzoki batean. Eta, ohikoa denez, erromeria handi batek amaituko du gaualdia euskal etxean.

Larunbata bileren eguna izango da, Argentinako euskal etxeetako ordezkariak bilduko baititu FEVAk; liburuzainen, euskara irakasleen eta dantzari taldeetako zuzendarien topaketak ere izango dira. Arratsaldean, ordea, kalean zehar ibiliko da festa: euskal-argentinar danborrada izango da, Juan Mari Abadek eta Gaztelubideko hainbat partaidek gidaturik; gero, kalejira handi bat egingo dute, euskal etxetik antzokira bitartean; antzokian, Maria Julia Ercoreca izeneko jaialdi artistikoa izango da gauean, eta gala jantzirik apainenaz arituko dira dantzari taldeak.

Igandea agurrerako eguna izango da. Erromeria handi bat egingo da, eta meza; ondoren, 600 dantzari baino gehiago dantzatuko dira kale erdian, denak batera, Necocheako plaza nagusiaren aurrez aurre. Eta, azkenik, amaierako oturuntza, 1.500 pertsona baino gehiago bilduko dituena. Aurtengo topaketak amaitzeko modu ezinago bikaina. Itxaropentsu agurtuko dute elkar, 2012an berriro ere Rosarion bilduko direlakoan, Zazpirak euskal etxeak hantxe antolatuko baitu datorren urtean Euskal Aste Nazionala, abertzaletasunak hiri horretan 100 urtean iraun duela gogorarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.