Ximun Fuchs. 'Zaldi urdina' podcastaren zuzendaria

«Euskal Herrian sekulako soinu teknikariak dauzkagu»

EITBren eskariz audiofikzio bihurtu dute 'Zaldi urdina' antzezlana. Fuchs da zuzendaria, oholtza gaineko lanean bezala. «Ezkutuan mikro bat» balego bezala dela azaldu du.

GUILLAUME FAUVEAU.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Antzerkigilea, aktorea eta zinemagilea da Ximun Fuchs (Larzabale, Nafarroa Beherea, 1974).

Aurretik zer fikzio lan egin dituzu irratirako?

France Bleuerentzat Gartxot egin nuen. Gainera, Antton Lukurekin batera aritu nintzen lanean Euskal Irratietarako. Beste grabaketa batzuk ere egin izan ditut frantses irrati batzuentzat.

Nola joan da EITB Podkast atariarentzat zuen antzezlana audio bihurtzeko prozesua?

Egokitzapena guk eraman dugu, eta konfiantzaz aritu gara lanean. Gure moldean egin ahal izan dugu egokitzapena.

Aktoreak zuzentzeko orduan, zer desberdintasun daude oholtzan gainerako edo podcasterako aritu?

Kontu bera da animatzen gaituena, hau da, aktoreak animatzen dituen sua edo garra bera da oholtzan eta mikro aurrean. Irudimena, emozioak, zentzua, zertarako aritu... horiek bietan daude. Aldatzen dena da nori ari garen. Itsu bati kontatuko bagenio bezala ari gara podcastean. Egiteko moldean desberdina da: ahotsarekin beste leku batean kokatzen da sortzailea.

EITBkoek argibide jakinik eman zizueten?

Esan ziguten lana berariaz pentsatua izateko audiorako, zinez horretara egokitua. Bizpahiru etorri egin genituen, baina nahiko laster onartu zen apustua. Erabaki genuen ez egotea ahots narratzaile bat dena esplikatzen duena; ez genuen serie esplikatibo bat egin nahi. Entzulea soinuaren bitartez sartzen da, ezkutuan mikro bat balego bezala. Egun diren baliabideak erabili ditugu, entzuleari azaltzeko non gauden.

Musika aukeraketak ere garrantzi nabarmena izaten du halako ekoizpenetan, ezta?

Bai, baita antzerkian ere. Guk oholtza gaineko obretan lan asko egin ohi dugu soinuarekin. Oholtza gaineko Zaldi urdina-n osagai gutxi genituen lekuak irudikatzeko, eta road movie bat da. Hortaz, soinua asko erabiltzen genuen antzezlanean ere.

Unai Iturriaga eta Igor Elortza gidoilariek zer diote antzezlanak podcastera egindako jauziaz?

Gustura daude. Iturriagak berak ahots bat egiten du podcastean, eta barne-barnetik ikusi du nola ziren grabaketak. Aktore asko behar genituen ahotsetarako, oholtzan baino gehiago. Antzezlanean aktore batek pertsonaia bat baino gehiago egin dezake, baina podcastean ezin da halakorik egin. Iturriaga eta Elortza pozik daude obrak beste bizi bat hartu duelako, istorioari beste zuku bat ateratzen zitzaiolako. Baita egiazko ekoizpen bat izan delako ere, ondo landua eta zentzuz egina.

Soinu teknikariek nolako garrantzia dute halakoetan?

Gaur egun sekulako soinu teknikariak dauzkagu Euskal Herrian, zinez kristorenak. Grabaketak Arrasaten [Gipuzkoa] egin genituen. Ander Barriuso arduratu zen grabaketaz. Eta gurekin aritu ohi den Philou Barandiaranek egin zuen soinu diseinu osoa. Lan handia izan zen hura, egunero Arrasaten, hilabete eta erdiz...

Merezi du halakoetan saiatzeak, ezta?

Bai. Poza ematen du ikusteak zenbat altxor dagoen gure herrian, bai pertsonetan, bai istorioetan. Frantzian, Erresuma Batuan eta Alemanian aritu izan naiz lanean, eta ederra da ikustea Euskal Herrian zer aberastasun dagoen. Ea lortzen dugun aberastasun horri bere zukua ateratzen eta balioa ematen.

Artxipelagoa audiofikzioa zer iruditu zaizu?

Ongi, arrunt estilo desberdina da gurearengandik. Gurean atalak laburragoak dira: 15 minutura ez dira iristen.

Ikus-entzunezkoei dagokienez, Gastibeltza Filmak ekoiztetxean zabiltza. Zein izan daitezke hurrengo pausoak Iparraldean?

Egiazko baliabideak ukaitea. Frogatu da Gastibeltzak Filmak ekoiztetxeak eta Kanaldude telebistak lan handia egin dutela ikus-entzunezkoetan, funtsezkoa. Frogatu dute publiko bat ere bazela. Baina hori diruztatu egin behar da. Zukugailua elkarteak ere beste ikusgaitasun bat azaleratu du, eta orain botere publikoek seriotasunez hartu behar dute: diruz lagundu behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.