Euskal ardi moztaileen elkarteko lehendakaria

Joseba Attard: «Euskal Herrian milioi bat ardi daude, eta ilea moztu behar zaie, nahitaez»

Ofizioa da ardi moztaileena, eta lehiaketa ere bai. Euskal selekzioak ofizialtasuna lortu du. Attardek konbentzitu zuen Mundu Kontseilua: «Nazioen arteko kontua bada, gu ere nazio bat gara».

Joseba Attard, Beraonako Olabe baserrian, ardi batekin (Ea, Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
Joseba Attard, Beraonako Olabe baserrian, ardi batekin (Ea, Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2024ko irailaren 4a
05:00
Entzun

Ingelesez zipriztindutako bizkaiera ederrean mintzo da Joseba Attard (Cheltenham, Ingalaterra, 1979). Ez zuen inork txakur txikirik ematen haren ahaleginaren alde, baina lortu du Ardi Moztaileen Mundu Kontseiluak euskal selekzioa kide gisa onartzea.

Zure abizen hori?

Maltan du jatorria. Aitita, aitaren aldetik, hangoa zen; erdi ingelesak, erdi maltarrak ziren. Amaren aldekoak, berriz, euskal herritarrak denak.

Eta euskal herritarrak ofizialki lehiatuko dira ardi mozten? 

Oraindik zehaztu gabe dago euskal selekzioa zeintzuk osatuko duten, baina bai, nazioartean ofizialki lehiatuko gara.

Nola lortu duzue ofizialtasuna? 

Asko kostata. Hemengo politikariek-eta esaten zidaten hori ez genuela lortuko. Badago ardi moztaileen mundu kontseilu bat, eta erakunde horrek ezartzen ditu arauak eta betebeharrak. Hamabost herrialde dira kideak, eta tartean daude Espainia eta Frantzia. Urtero egiten dute batzarra. Telematikoki izaten da gehienetan, baina, hiru urtean behin, Munduko Txapelketan bertan egiten dute. Ni Espainiako ordezkari gisa aritu izan naiz. Ingelesa menperatzen dudanez, batzar horietan parte hartzen nuen. Espainiarekin eta Frantziarekin lehiatu izan gara beti, baina duela pare bat urte Espainiako ordezkariengana joan ginen, eta esan: «Gure asmoa ofizialtasuna eskatzea da». Eztabaidatu genuen, eta baietz, aurrera egiteko.

Noiz egin zenuten eskaria? 

Iaz, Edinburgon egin zen Munduko Txapelketa, eta hara joan nintzen. Kontseiluaren batzarrean hitza hartu, eta aurkezpena egin nuen. Artzaintzak Euskal Herrian izandako historia, moztaileen jarduna... aipatu nituen. Eta sekulako arrakasta izan zuen. Negarrez eta hunkituta amaitu zuten askok.

Bihotzak bigunduz konbentzitu zenituen?

[Barrez]. Kontseiluak baditu kide izateko bete behar diren arau batzuk: gobernu propioa izatea, ardi arraza bat, ikastaro bat eta txapelketa bat. Guztiak betetzen ditugunez, ezin zuten ezetz esan, eta onartu egin gintuzten. Esan nien: «Hau nazioen arteko kontu bat bada, gu ere nazio bat gara». Gales, Eskozia... ere hor daude. 

Zein dira herrialde nagusiak ardi mozketan? 

Orain arte Zeelanda Berria izan da beti erreferentea, baina azken urteetan galestarrak ari dira nagusitzen.

Han inguruan hasi zinen zu ere?

Bai, Ingalaterrako partean, baina Ipar Galestik oso gertu. Aitarekin askotan joaten nintzen hara. 

Haren bidez hasi zinen? 

Artzaina, ardi moztailea eta nekazaritzako irakaslea izan zen han berrogei urtean. Nekazaritza eskoletan bizi izan ginen beti.  

Eta Euskal Herrira etorrita, ofizioari heltzea erabaki zenuen. 

Urtea askoan aritu nintzen lanean diseinu enpresa batean: Sorlanden. Landa eremuaren falta sumatzen nuen, ordea. Aitak, hona etorri eta erretiroa hartu zuenean, esan zidan: «Ze pena. Zer egingo dut nik nire tresneria guztiarekin?». Mahai baten gainean jarri zituen denak. Eta esan nion: «Hartuko ditut neuk». Eta Artzain Eskolara joan nintzen. Ezkertia naizenez, nahiz eta aita maisua izan, asko kostatzen zitzaion niri irakastea. Asko ikasi nuen han, baita beste ardi moztaileekin ere.

Zer puntuatzen da lehiaketetan? 

Maila ezberdinak daude, adinaren eta esperientziaren arabera. Ardi kopuru jakin bat mozten da maila bakoitzean, eta arauak Mundu Kontseiluak ezartzen ditu. Abiadura puntuatzen da, eta mozketa. Ardiari ebakirik ez egitea, bigarren mozketarik ez egitea... Zeren hau dena artilearen mundutik dator, artileari balioa ematen dioten herrialdeetatik.

Beraz, zuen ofizioak hemen badu etorkizunik?

Baietz esango nuke. Heldu nahi dionak, beti izango du aukera. Hori bai, erreleborik ez dago. Erakundeek ere ez dute horretan asko lagundu hainbeste burokraziarekin. Baina Euskal Herrian milioi bat ardi daude, eta ilea moztu behar zaie, nahitaez. Gutxienez, urtean behin.

Gaztak badu balioa, baina artileak? 

Artilea eta bildotsak bigarren mailako produktuak dira Euskal Herrian. Hori hala da. Batez ere artilea. Eta egin litezke gauzak gure artilearekin modu industrialean, baina horrek inbertsio handia eskatzen du, eta Jaurlaritza ez da mugitu. Iaz egin nuen gai horren inguruko memoria bat, bide orri bat. Kontratatu ninduten lan hori egiteko, eta han zehazten ditut egin beharreko urratsak zeintzuk diren, baina oraindik ez da ezer egin. 

Ardi latxaren artilea balekoa da?

Izenak berak dioen moduan, latza da artile hori. Ezin da erabili arropa egiteko, ez da aproposa gure azalarentzat. Ezin duzu konparatu ardi merinoekin. Australian, esaterako, merino pila bat daude. Eta hango artzainei ez diete artzain deitzen. Woolgrowers deitzen diete, artilea hazten dutenak. Artilea dutelako dituzte ardiak han. Guk, esnea dutelako dauzkagu ardiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.