Antropologoa

Aitzpea Leizaola: «Euskal Herrian inauterien loraldi bat dugu orain»

Jatorri paganoa duten erritua dira inauteriak. Leizaolak dio herri askotan dutela zerbait berezia egiteko gogoa: «Pertsonaia berriak sortzen ari dira, ekintza berriak, eta hori oso interesgarria da»

Aitzpea Leizaola, astelehenean, EHUko Antropologia fakultatean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Aitzpea Leizaola, astelehenean, EHUko Antropologia fakultatean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2025eko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Inauteriak. Aratusteak. Basaratusteak. Izen ezberdinak ditu, baina ospakizun bera da. Garai bete-betea da. Aitzpea Leizaola (Donostia, 1971) herriz herri dabil ospakizun horren esanahia azaltzen. Antropologoaren ustez, erritu pagano hori oso errotuta dago Euskal Herrian. Gaur Lizarrako (Nafarroa) La Bota elkartean emango du hitzaldia, 19:00etan.

Ikuspuntu antropologikotik, zer dira inauteriak?

Gauza asko dira. Europako tradizioan oso errotuta dauden errituak dira. Jatorri paganoa dute, baina kristautasunak, daukan joera sinkretikoarekin, beste jite bat eman zien, eta gerora berriz ere eraldatu egin dira. Leku batzuetan ondare ere bihurtu dira. Veneziakoak [Italia] dira ezagunenak, baina beste leku askotan daude inauteri inportanteak. Mundu mailako ospakizunak ere badira, zenbaitetan kolonizazio prozesuen bidez errotu direnak. Mozorrotze jarduerak izendatzeko terminoa ere izan dira antropologoentzat, kakotx askorekin. Egiten ditugun irakurketez gain, ez daukagu elementu nahiko interpretazio zehatz bat egiteko, baina inauteriek iraganarekiko lotura dute, erritu izaera bat dute, eta eraldatzeko gaitasun ikaragarri bat.

Euskal Herrian ere oso errotuta daude.

Euskal Herrian badago inauteriak ospatzeko ohitura eta joera handia, eta, zorionez, bai landa eremuan eta bai hirietan, oso errotuta daude, oso bizirik. Euskal Herrian inauterien loraldi bat bizitzen ari gara. Hegoaldean eta Iparraldean gertatzen ari da loraldia. Herri askotan zerbait berezia egiteko gogoa dute, eta hori oso interesgarria da. Pertsonaia berriak sortzen ari dira, baita ekintzak ere, nahiz eta mugaren bi aldeetan gain behera joan ziren inauteriak...

Julio Caro Barojak inauteriak desagertzear zeudela esan zuen...

Baina ez zuen testuingurua aipatu. 1966an argitaratu zuen El carnaval, análisis histórico cultural. Ikaragarrizko lana da. Bertan aipatzen du sekularizazioak eta modernitateak inauterien gainbehera ekarri zutela, baina ez du aipatzen, frankismo betean idatzia izanagatik, [Francisco] Francok esplizituki debekatu zituela gerra lehertu zenean. Debeku hori ez zuen inoiz kendu; hortaz, mugaren alde honetan ia 80ko hamarkadara arte itxaron behar izan genuen inauteriak berriz ospatzeko. 

Erritu paganoa zela diozu. Ilargiaren arabera antolatzen da inauterien egutegia, ezta?

Bai, inauteriak, zentzu hertsian ulertuta, ilargiaren arabera antolatzen dira, horregatik dira datak aldakorrak; urte batean hilabete batean izan daitezke, eta beste urte batean, berriz, beste hilabete batean. Aste Santua ere horren arabera finkatzen da. Kristautasuna baino zaharragoa da inauterien egutegia. Erramu igandea markatzen da udaberriko lehen ilargi betearen arabera, eta erramu igandetik atzera zenbatzen dira berrogei egun, eta hori da Errauts Eguna edo Hausterre Eguna. Aurten, martxoaren 5ean izango da. Egutegiak badu denbora arautzeko edo antolatzeko funtzio bat, eta inauterien data goiztiarrena Kandelaria eguna da. Goizen ospatzen diren inauteriak, dena den, maskaradak dira, Zuberoan. Urtarrilaren 1ean ere ospatu izan dira. 

Ostegun Gizena oso ospetsua da, baina garai batean aurreko ostegunak ere inportanteak ziren.

Bai. Gizakunde, Emakunde eta Orokunde Egunak ziren. Egun batean gizonak ateratzen ziren emakumeak xaxatzera, zirikatzera, eta beste egun batean, emakumeak. Julio Caro Barojak eta Jose Miguel Barandiaranek jaso zituzten egun horiek. Baztan aldean oraindik mantentzen da, leku zenbaitetan. Sunbillan, adibidez, emakumeen afaria egiten dute. Gauza berritzat jo daiteke, baina badauka lotura garai batean egiten zenarekin, eta oso egun berezia da. Tradizioa etengabe eraldatzen da, birsortzen da, berrinterpretatzen da... 

Alderik ba al dute udako festekin?

Erabat. Inauteriak neguko festak dira, barrura begira antolatzen direnak, herriarentzat, esango genuke. Kontrastean, udako festak kanpora begira egiten dira, beste herrietatik joaten diren neska-mutilentzat, jende berria ezagutzeko... Hori izan da logika nagusia, batez ere landa eremuan. Inauteriek komunitatea ehuntzen dute, eta inauterietan komunitateak bere burua agerrarazten du. Inauteriak, funtsean, plaza bat dira. Indar berezia dago inauterietan, eta, askotan, aukera ematen dute beste testuinguru batzuetan esan ezin diren gauzak esateko. Satira eta kritika sozialerako aukera ere ematen dute. Denetarik bota daiteke, denetarik esan daiteke. Autoerregulazio ariketa moduko bat da. Gainera, eguneko jaiak dira, egun argitan egin daiteke dena, begi bistan...

Eta hartza? Zergatik horrenbeste hartz inauterietan?

Hartzak neguko ziklo bat dauka. Lozorroan egoten da, eta lozorrotik esnatzen da gero; Kandelaria egunaren bueltan esnatzen da. Hartzak gizakiaren antz handia dauka, zutik jar daitekeen ugaztun handi bat da, eta badaude hainbat kondaira hartzarekin lotuta. Oso presente dago gure iruditerian; begira zenbat peluxezko hartz dauden gure etxeetan, eta izaki beldurgarri bezain miretsia izan da. Hartza Pirinioetan bizi zen, oso gertu, eta antropomorfoa da gure iruditerian. Funtsean, eraberritzea sinbolizatzen du. Esanahi hori dauka. Hainbat inauteritan egiten den epaiketaren funtzioak ere halako zerbait sinbolizatzen du. Gaizkilea zigortzen dute, eta garbitze erritu bat da hori. Ziklo bat da.

lotsabako

Inauterizalea zara?
Bai, oso.

Oroitzapen bat?
Inauteriak oraindik debekatuta zeudenean, etxeko eskaileretan gora eta behera lehengusuekin, mozorrotuta.

Mozorro bat?
Edozein. Etxean dauden trapu zaharrak jantzi eta kalera irtetea. Niretzako hori dira inauteriak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.