The Clayton taldeko baxu jolea

Mikel Ullibarriarana: «Euskal Herrian ez daude gure estiloa euskaraz egiten duten talde asko»

The Clayton rock taldeak 'Over the red light' diskoa kaleratu du. «Arazo sozialen» ideiak inguratzen du lana, abestien edukitik hasi eta azalean ageri den izenbururaino.

Mikel Ullibarriarana, The Clayton taldeko baxu jolea
Mikel Ullibarriarana, The Clayton taldearen kontzertuan. THE CLAYTON
unai etxenausia
2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Over the red light izena du The Clayton talde aramaioarraren (Araba) estudioko bigarren diskoak. Euskal rock-and-rollean indarra hartzen ari da Mikel Ullibarriarana (baxua), Xabi Muñez (gitarra), Pello Arriolabengoa (gitarra), Manex Zalakain (bateria) eta Jokin Larrañaga (ahotsa) kide dituen boskotea. Kantu bakoitzak egungo arazo sozialei egiten die erreferentzia, modu gordinean edo poetikoan. Ullibarriaranak (Aramaio, Araba, 1999) gozatu egin du prozesua: «Oso eskertua sentitzen gara jendeak emandako babesarengatik».

Aldatu, beharbada, baina ez duzue rock-and-roll estiloa baztertu zuen bigarren lanean; eta euskara gehitu diozue, gainera. Apustu bat izan da?

Rock-and-rollaren barruko adar asko batu ditugu lan berri honetan, aurreko lanarekin alderatuta. Lehen lanean, nahiko antzekoak ziren abesti guztiak; oraingoan, berriz, denetik sartu nahi izan dugu. Horrez gain, zortzi abestietatik sei euskaraz dira, eta gainontzeko biak, ingelesez. Kultura indartzearekin batera, euskarazko rock-and-rolla indartzea izan dugu helburu.

Over the red light (Argi gorriaren gainean). Zeri egin nahi zenioten erreferentzia?

Abeslariaren ideia izan zen, berak idazten baititu abestien hitzak: gizarteak pairatzen dituen arazo sozialei egiten die erreferentzia. Izan ere, argi gorriek badute gure gizartean konnotazio negatiboa: debeku seinaleak gorriak dira, azterketak gorriz zuzentzen dira... Diskoaren abestien ideiak batzeko modua izan da izenburua.

Taldean baxua jotzeaz gain, zure ideietatik abiatuta sortu dituzue abesti asko.

Musika sortzen dugu lehenik, eta gero hitzak, baina abesti berri bat sortzeko bide asko daude. Hasierako melodiak sortu ohi ditut nik, baina guztion artean moldatu eta osatzen ditugu; Jokinek idazten ditu hitzak ondoren: lan kolektibo bat da. Azkenik, abestiak fintzen ditugu estudiora joan baino lehen.

«Lehen diskoa grabatu izanaren esperientzia geneukan; ez ginen hasiberriak. Grabazio prozesua ere desberdina izan da bigarren lan honetan, bost egunetan izan ginen Gaztain estudioan (Zestoa, Gipuzkoa), Eñaut Gaztañagarekin»

Euripean baladatik Inertzia bezalako abesti dantzagarrietaraino. Disko bat osatzeko prozesuan, zer da zailena?

Konplexua da lan berri baten sorkuntza prozesua. Guretzat, entseatzeko denbora ateratzea izan da zailena; ez baita erraza guztiok elkartzea. Hala ere, lehenengo lanean ez geneukan heldutasuna izan dugu. Lehen diskoa grabatu izanaren esperientzia geneukan; ez ginen hasiberriak. Grabazio prozesua ere desberdina izan da bigarren lan honetan, bost egunetan izan ginen Gaztain estudioan (Zestoa, Gipuzkoa), Eñaut Gaztañagarekin.

Nekezena kenduta, beraz. Askatzailea da hainbeste landu duzuen diskoa jendaurrean aurkeztea?

Duela gutxi hasi gara biran, eta oso eskertua sentitzen gara jendeak emandako babesarengatik. Hamalau kontzertu emango ditugu maiatzera bitarte, eta uda kontzertuz betetzea nahi dugu. Hilabete eskas pasatu da diskoa kaleratu genuenetik, eta dagoeneko hainbatek abestien hitzak dakizkitela ikusten dugu zuzenekoetan; harrigaria da hori.

Rock-and-rolla ez da berria; zuek bai, ordea. Zerk bereizten zaituzte?

Gaur egun, Euskal Herrian ez daude gure estiloa euskaraz lantzen duten talde asko; uste dut hori badela gure berezitasunetako bat. Zuzenekoetan ateratzen dugu giharra; horrek laguntzen digu jendearekin konektatzen.

Talde bat ez da bakarrik diskoan entzun edo oholtzan ikus daitekeen hori: sare sozialak kudeatzea, kontzertuak lotzea, arropa ekoiztea... Gogorra da atzeko lana?

Bai, hori da gogorrena beharbada, zaila baita guztiok ados jartzea. Baina hori ere egin behar da, eta oso garrantzitsua da talde batentzat. Hori barik ez dago talderik: beharrezkoa da bizirik irauteko.

Zailtasunak zailtasun, taldean zerekin gozatzen duzu gehien?

Diskoaren prozesu guztiaz gozatzen dut, eta kontzertuez gozatzea tokatzen zaigu orain.

LOTSABAKO

Rock-and-roll talde bat?
John Dealer & The Coconuts Legazpiko taldea (Gipuzkoa).

Abesti bat?
The Hellacopters Suediako taldearen Toys and Flavors

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.