Etnografoa

Fermin Leizaola: «Euskal Herrian bakarrik topatu daiteke kaikua; bakana da»

Etnografiaz gehien dakitenetako bat da, zalantzarik gabe. Leizaolak milaka pieza bildu eta dokumentatu ditu euskal ondarea babeste aldera: «Nire pozik handiena zera da, ikustea lehen ganbaran abandonatua zuten trastea orain atarian zintzilik dutela».

Fermin Leizaola, etnografoa, eskuan kaiku bat duela, Aranzadiko bere bulegoan, Donostian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Fermin Leizaola, etnografoa, eskuan kaiku bat duela, Aranzadiko bere bulegoan, Donostian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun

«Bizia badoa». Holaxe bota du. Jarraian, hil zaizkion lagunak zerrendatu ditu. Hizketan hasi, baina, eta biziz bete da pixkanaka, hitz bakoitza bizi arnasa balitz bezala; pieza baten izena, baserri batena, laiotzean dagoen parajearena... eta solasaldi luzearen ostean aurretik baino biziago dago, begi urdinak bezain bizi. Fermin Leizaola (Donostia, 1943) adimen argiko gizon zolia da, metodikoa, eta aparteko memoria dauka: «Fitxak egitea da gakoa». Datekin, pasarteekin, lekuekin eta izenekin harilkatuz doa bakarrizketa, hurrenkera jakinik gabe, baina zehaztasun osoz, narratzaile trebeek bakarrik egiten duten moduan. Eminentzia bat da. Aranzadiren Etnografia saileko bere bulegoan hartu du BERRIA. Gazteleraz mintzatzen da, nahiz eta etengabe tartekatzen dituen euskarazko hitzak edo esaera zaharrak; balizko olak burdinarik ez.

Lepotik zintzilik beti argazki kamera, eta buruan beti txapela.

Bai. Txapela zenbait arrazoirengatik eramaten dut. Batetik, gorputzaren beroaren %30 burutik joaten delako, eta, bestetik, gure identitatearen ikur bat delako. Gogaituta nago manifestazioetara pegatinaz beteta joaten diren euskaldunekin. Ni leku guztietara joaten naiz txapelarekin. Etxean nagoenean ez naiz ohartzen jantzita daramadala. 

Zure arantza handiena omen da euskaraz ez jakitea...

Erabat. Aitak euskaraz bazekien, baina amak ez. Ama irundarra zen. Kolon pasealekuan bizi ziren, eta 36ko gerran bost minutu eman zizkieten etxetik ateratzeko. Dena erre zuten; Irun osoa erre zuten. Aita, berriz, donostiarra zen, ingeniaria, eta egunkarientzako errotatibak egiten zituen. 1936ko uztailaren 18a larunbata zen. Tailerra itxi, eta iparraldera joan ziren. Aitona-amonek château bat zuten Angelun [Lapurdi], Aierbe Etxea. Bada, han zeudela, amak irratian entzun zuen tropa errebeldeek itsasartea zeharkatu zutela, eta sekulako anabasa zegoela. Han geratu ziren. Ni han enkargatu ninduten.

FERMIN LEIZAOLA ETNOGRAFOA
Fermin Leizaola etnografoa, bere bulegoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Baina Donostian jaio zinen...

Bai. Lau anai-arrebetatik hemen jaiotako bakarra naiz. Aguilera izeneko eraikinaren alboan zegoen aitona-amonen etxea. Hektarea bateko lorategia zuen. Wehrmatcht-ak, Alemaniako armadak, ofizialak babesten zituen eraikin hartan, eta erresistentziaren jomuga bilakatu zen. Gestapo zelatan zegoen, eta aitak hegoaldera etortzea erabaki zuen. Donostiara iritsi bezain pronto, kartzelara eraman zuten. Hiru egunez egon zen Ondarretako kartzelan. [Jesus Maria] Leizaola lehendakari izango zenaren lehengusua zen aita, Luis, eta gure familia markatuta zegoen. Ez dakizu zer den hori. Erregimenarekin bat egiten ez genuenez, gorriak eta beltzak ikusi genituen. Aitak lantegia galdu zuen. Grosen zegoen, hiltegi zaharraren ondoan; gaur egun gasolindegi bat dago parean. 

Errazionamenduaren garaiak ziren, ezta?

Itzela zen. 1943tik 1953ra egon zen errazionamendua. Nire bilobek ez dakite zer den hori. Familia bakoitzeko azukre kilo bat eta olio litro bat; koko olioa izango zen hura. Oso garai tristeak ziren. Artean akordatzen naiz giro ilun hartaz. Groseko frontoia... Edo Urumeakoa... Leku beltzak ziren. Horrek betirako markatzen zaitu.

Eta halako batean kobazuloetara joaten hasi zinen...

Aranzadira gerturatu nintzen. 1958ko azaroa zen. San Telmora joan, eta han aurkitu nituen Jose Miguel Barandiaran, Perico Espada, Tomas de Aturi Manchola, Francisco Fernandez Garcia de Diego, Jesus Elosegi... Ni umemoko bat nintzen. Orduantxe utzi nion galtzamotzak eramateari, eta galtza luzeak eramaten hasi. Benetako erritual bat zen hura. Bada, espeleologia taldean eman nahi nuen izena, baina une horretan ez zegoen inor sail horretan. Historiaurrea taldean sartu nintzen. Aizpitarten 1960an egin zituzten lehen indusketa historikoetan egon nintzen. Euskal Herrian egin ziren lehenak izan ziren.

Aizpitarteko kobazuloko indusketak.
Aizpitarteko kobazuloko indusketak, Oreretan. ARANZADI
Zer oroitzapen duzu Barandiaranez?

Nire maisua izan zen, oso gertukoa. Euskal Folklore aldizkariko idazkari izan nintzen, eta urte askoan aritu ginen lanean elkarrekin. Beti esaten zidan gauza bera: «Zure kabuz bizi ez duzun hori nekez interpreta daiteke». Esaldi hori iltzatuta daukat. Artzainekin egon naizenean, haiekin bizi izan naiz, haiekin jan dut, haiekin egin dut lo, txilarrez egindako kamantza batean. Behin bederatzi egunez egon nintzen artzain batekin bizitzen, eta transhumantzian ere ibilia naiz. 

Julio Caro Baroja izan zen zure beste maisua.

Bai. Metodologia irakatsi zidaten biek. Baroja beste munstro bat zen, gizon polifazetikoa. Barojarengandik zera ikasi nuen, lurra zapaldu behar dela. Beti esaten zuen historia eta etnografia hankekin egiten direla. San Telmon etnografia ikastaroak ematen zituen Barojak. Bibliofiloak ginen biak. Manterola liburu dendan topatzen ginen. Zabaldu zuten egunean bertan eraman ninduen aitak liburu dendara, 1955ean, eta itxi zuten egunean ere han izan nintzen, 2014an.

Eta noiz hasi zinen kobazuloetara joaten?

Handik urtebetera. Mendi elkarteetako presidenteak deitu nituen, eta 45 lagun elkartu ginen. Kobazuloetara joaten hasi ginen. Eguberrietan eta aitaren urtebetetze egunean baino ez nintzen geratzen hemen; bestela, asteburu guztietan mendira jotzen nuen. Gipuzkoako 250 kobazulotan izan nintzen. Horietako batzuetan lehen aldia zen norbait sartzen zena. Americano tabernan erosten nituen armadaren buzoak, larruzko ukondokoak eta belaunetakoak jartzen nizkion, eta azpian amak jositako artilezko jertsea. Garai hartan ez zegoen neoprenozko jantzirik. Hegazkin arin baten lanpara itsatsita zeraman kaskoa erabiltzen nuen, errepublikanoen armadakoa. Kobazuloak katalogatzen hasi ginen: ahoa marraztu, tenperatura neurtu, intsektuak aztertu... Troglobioak, adibidez, kobazuloetan jaio, bizi eta hil egiten dira. Glaziazio garaitik daude hor... San Martingo osinean egon ginen. Nazioarteko hiru espedizio izan ziren, eta munduan ezagutzen zen osin sakonenera iristea zen asmoa. Munduko errekorra egin genuen. 1.155 metrora iritsi ginen, sarreratik 11 kilometrora. Sei egun behar izan genituen, lau jaisten eta bi igotzen... Sei edo zazpi urte ibili ginen horrela...

Harik eta...

Harik eta ohartu nintzen arte kobazuloek hor jarraituko zutela beti, eta artzainen bizimodua desagertu egingo zela. Kobazuloetara joateko baserri eta bordetatik pasatzen ginen, eta liluratuta geratu nintzen mundu horrekin. Ni kalekume bat nintzen, eta bizimodu horren aurkikuntzak sekulako zirrara eragin zidan. Beheko sutan laratz batetik zintzilik pertzak ikustea, edo neskamea, zartagina edo parrilla jartzeko erabiltzen den tresna. Mundu ia autarkiko bat zen. Mundu amaiezina da, baina zeharo aldatu da. 

FERMIN LEIZAOLA ETNOGRAFOA
Fermin Leizaolaren bulegoa, Aranzadin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zertan aldatu da?

Artzainen mundua aurreko 2.000 urteetan baino gehiago aldatu da azken 30 urteetan. Lehen, sei hilabetez egoten ziren mendian; gehienak mutilzaharrak ziren. Haietako askok erdaraz nik euskaraz bezain gaizki hitz egiten zuten. Ekosistemaren parte ziren, behiak, sugeak eta igelak bezala. Ezagutza izugarria zuten; begiratu hutsarekin bazekiten ardietako bat gaixo zegoela, edo, zerua guztiz urdina egon arren, eguraldi aldaketa zetorrela. Hasieran, sinestezina iruditzen zaizu, baina hala da. Orain ezkonduta daude, seme-alabak dituzte, eta Land Roverrean doaz. Eguneko ogia jaten dute. Lehen, goizean hiru gazta egiten zituzten, eta arratsaldean beste hiru. Irratirik gabe bizi ziren artzainak ezagutu ditut, gauetan arrosarioa errezatzen zutenak. Egun Internet eta iPad bat dute. Lehengoa eta oraingoa bi ogibide ezberdin direla esango nuke.

Etnografia deskubritu zenuen orduan. Zer da etnografia?

Bizimoduak aztertzen dituen zientzia da, eta adar asko ditu. Diziplina asko hartzen ditu barne, eta denaz jakitea komeni da. Nire espezialitatea artzaintza izan da, baina, noski, bidean, ezinbestean beste gauza batzuk topatzen dituzu: estela diskoidalak, belarrak, mineralak, harriak... Kareharriekin maiteminduta nago, arroka igneoak ez zaizkit batere gustatzen, baina kareharrizko mendiak izugarriak dira, malkarrak... Egurra ere ezagutu behar duzu: astigarra den, haltza den, urkia den, lizarra den... Lokarri batean jarri nituen egur puska txikiak eta ezberdinak; hartara, berehala ikusten dut zein egur motaz egina dagoen tresna bat. Oso autonomoa naiz. Dena nire kabuz egitea gustatzen zait. Artikulu bat idazten dudanean, nik neuk egiten dut dena; testua, marrazkia, argazkia, mapa edo krokisa...

FERMIN LEIZAOLA ETNOGRAFOA
Fermin Leizaola kaiera txiki batekin doa mendira. Kalkatzen diren bi orri ditu eta artxibategian sailkatzen ditu. BERRIA
Astero mendira joaten zara oraindik...

Bai, asteazkenero joaten naiz, euria goian-behean ari badu ere bai. Neguan bailaretara edo kostaldera joaten naiz, eta udaberritik aurrera Urbasa, Andia, Altzania, Gorbea, Aralarrera... Orain mantsoago joaten naiz. Lehen, orduak eta orduak egiten nituen mendian. Abaltzisketara autobusez joan, goiz-goizean, eta handik mendira iluntzera arte. Bizikletaz ere joaten nintzen herrietara, edo trenez. Motxila txiki batean eramaten nuen dena; garai hartako grabagailu erraldoiak, bi argazki kamera, bata zuri-beltzekoa eta bestea diapositibetakoa, altimetroa, termometroa, lupa, txilibitua, janaria... eta makila, noski, sasi artean ibili ahal izateko. Baserritarra, ikazkina, basomutila edo artzaina topatzen nituen bidean, eta hantxe borda belztuak edo txilarrak, iratzez egindako etxolak. 

Eta tresnak erosten hasi zinen.

Tira, nik errespetu handia izan diet artzainei. Gauza mordo bat erosten ahal nien, baina horrenbestekoa izan da haiekiko izan dudan miresmena, ezin nizkien kendu beren pieza horiek. Lan pedagokikoa egin dut haiekin. Esaten nien ezin zituztela tresna horiek erre edo zakarrontzira bota. Bi kaiku bazituzten, bat ematen zidaten. Horrela egin dut nire bilduma. Kaiku honek orain 700 euro balioko ditu.

Zer da kaiku bat zuretzat?

Euskal Herrian bakarrik aurkitu daitekeen pieza bat da kaikua, bakana. Euskal Herriarenak propio diren piezak dira, gure kultura bakana baita. Objektu monoxiloa da, pieza bakarrekoa, urkiz egindakoa, ardatza makurtua duena, ardiak jeztean hanken artean sartzeko. Estetikoki eder-ederra da, eta behatz bakar batekin har daiteke eskulekutik, orekari eutsiz. Esnarria sartu eta berehala irakiten du esneak, mikrohuin labean baino azkarrago: sortzen duen erreakzio termikoa horren handia da, harriak burbuilen artean lebitatzen du. Orduak eman ditzaket kaikuez hitz egiten...

FERMIN LEIZAOLA ETNOGRAFOA
Fermin Leizaola etnografoa, eskuan laia bat duela. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal Herriko artzainek jezteko modu bakan bat ere ba omen dute.

Pikotxean jezten dute. Pirinioan, adibidez, aulki txiki bat erabiltzen dute, gerrira lotuta, eta horrela ibiltzen dira eskortan. 

Atzerrian ere ibilitakoa zara, ezta?

Bai. Sirian, Palmira ondoan, Turkian, Grezian, Tunisian, Marokon, Mendebaldeko Saharan... Leku horietako askotan topatu ditut antzeko piezak, adibidez, garia jotzeko makina, silexez egindakoa... Sekulako poza sentitzen dut milaka urtetan aldatu ez den tresna bat topatzen dudanean. Garia jotzeko makina ez da aldatu 3.000 urtean.

Zein da aurkitu duzun pieza kuttunena?

Euskal Herri historikoan egin ditut landa lanak: Aragoin, Sorian, Errioxan, Landetan, Biarnon... Behin, txundituta utzi ninduen pieza bat aurkitu nuen, polit-polita. Aragoiko bailaretan [Espainia] nenbilen, herriz herri... Abandonatutako herriak ziren, eta etxe espaldada batean, hau da, eroritako etxe baten hondakinetan, sabaya batean, hau da, ganbara batean, artzainen eguzkitako erloju bat aurkitu nuen, ezpelez egina. 

Etsi ere egin izan duzu batzuetan...

Bai. Behin, Aizkorriko artzain baten borda batean, armiarmaz betetako habe batean, gorostiz egindako irabiagailu bat ikusi nuen, malatsa, esneari mamia egiteko gatzagia botatzen zaionean erabiltzen den tresna. Begiz jo nuen, eta handik denbora batera, berriz ere bordara joan nintzenean, ez zegoen. Artzainak esan zidan bere arrebak sutara bota zuela, eta erotu egin nintzen. Nire onetik ateratzen nau horrek. Nire poz handiena zera da, ikustea lehen ganbaran edo ukuiluan abandonatuta eta hauts artean zuten trastea orain etxe atarian zintzilik dutela, txukun-txukun. Tresna horietan dago gure izatea. Arima ere badutela esan daiteke.

FERMIN LEIZAOLA - ARANZADI - ETNOGRAFIA
Fermin Leizaolaren bulegoa, tresna zaharrekin eta mapa zahar batekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zaharkinak proiektua ezinbestekoa izan zen baserritarrek euren tresnak altxor gisa ikus zitzaten, ezta?

Bai. Euskal Herriko material etnografikoaren inbentarioa egiten hasi ginen. Kulturaren transmisioa hizkuntzaren bitartez eta gizakiak tokian egiten dituen tresnen bitartez egiten da. Imanol Murua diputatu nagusi zenean garatu genuen egitasmo hori. Gipuzkoako hamazazpi udalerritan egin genituen erakusketak, eta 74.000 pertsona pasatu ziren horietatik. Baserrietan 24.000 pieza bildu genituen, eta herrietan ikusgai jarri. Baserritarrak, euren igitaiak, segak, kutxak, goldeak, laiak, aitzurrak edo jorraiak ikustean, pozez zoratzen ziren. «Nire baserrian hau ere badago, igual-iguala da», esaten zuten. Milaka pieza katalogatu genituen, herri hizkuntzan. Oso inportantea izan zen hori. Objektu horien balioaz kontzientzia hartu zuten. Euskaldunen ondare historikoa bildu genuen; pieza txiki horiek guztiek gure bizitzari zentzua ematen diote. Hauts artean egon diren pieza horiek informazio itzela ematen digute, eta duten garrantziaz ohartzeko eta gure historiaz harro sentitzeko modua eman zigun proiektuak. 

Milaka eta milaka pieza dituzu.

Bai. Eta argazkiak: 300.000 negatibo ditut, eta argazki digitalak, auskalo! Milaka. Hori bai, denak artxibatuta daude. Datarik ez duen argazki batek ez du ezertarako balio. Aranzadiri 22.000 liburu eman dizkiot: Leizaolaren Ondarearen Liburutegia izango da hori. Gordailuari, berriz, 4.500 pieza eman dizkiot, eta beste asko ditut. Artzaintzarekin lotutakoak hiltzen naizen egunean geratuko dira erakunde horren esku. Urdiaingo [Nafarroa] eta Donostiako etxeak trastez beteta daude. Emazteak esaten dit nire ondarea traste hauetan xahutu dudala, eta alabek, berriz, Diogenesen sindromea dudala diote. Nik txantxetan erantzuten diet, baietz, badudala, baina selektiboa dela [barrez]. Berez, analista kimikoa naiz ni: eraikuntza materialak aztertzen nituen, porlanaren edo galipotaren erresistentzia, eta ondo irabazten nuen. Etnografiarekin ez dut sosik irabazi. Suberri Matelo eta Maite Errarte ari dira orain pieza horiek katalogatzen Aranzadin. Zoragarriak dira. Nirekin pozoitu dira. Ondo ezagutzen naute; zer pentsatzen ari naizen ere badakite, eta norbaitek nire ondarea zainduko duela jakiteak lasaitasun handia ematen dit. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.