Migratzailea

Julian Barbosa Trujillo: «Euskal Herrian ahalegin handia egiten da kanpotik datozen pertsonak integratzeko»

Barbosa Trujillo kolonbiarra orain dela bost urte heldu zen Euskal Herrira. Gaur egun, bere lanaz gain, kolonbiarren eta euskaldunen arteko kontrasteei buruzko bideoak egiten ditu bere Instagram kontuan.

Julian Barbosa Trujillo Bilboko Aste Nagusian, igandean. BERRIA
Julian Barbosa Trujillo Bilboko Aste Nagusian, igandean. BERRIA
marcos tedin
2024ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun

Bilboko Aste Nagusia gune aproposa dela atzerritarrak integratzeko: hala uste du Julian Barbosa Trujillok (Madrid, Kolonbia, 1990). Orain dela bost urte heldu zen Euskal Herrira. Leioan (Bizkaia) bizi da orain, eta, bere lana egiteaz gain, eduki sortzailea da sare sozialetan: 50.000 jarraitzaile ditu Instagramen. Han, kolonbiarren eta euskaldunen arteko kontrasteak —eta antzekotasunak— erakusten ditu Barbosak. Bilboko jaiak direla eta, atzerritarrak euskal kulturan integratzeko moduez mintzatu da.

Zertan egiten duzu lan Euskal Herrian?

Ur partzuergoko azpikontrata batekin egiten dut lan; konponketak egiten ditugu. Ugaon [Bizkaia] argien mantentze lanetan aritzen gara. Eta horrez gain, sare sozialetan ere aritzen naiz.

Zelan sortu zen sare sozialetakoa?

Lankide euskaldun bat daukat, apur bat trauskila dena. Nik besarkatu egiten nuen, eta bera muturtu egiten zen. Bere jarrera grabatzen hasi nintzen, euskaldunen eta kolonbiarron artean dagoen kontrastea erakusteko. Ikusi nuen jendeari gustatu zitzaiola, eta horregatik hasi nintzen sortzen Euskal Herriari buruzko eduki asko.

Eta, orain, arrakasta du eduki horrek?

Bai, bai, marka bat sortu dut, nolabait esateko: kolonbiar euskaldunaren marka. Atzerritarrek hemengo kulturarekin loturak sor ditzaten eta ezagut dezaten egin dut hori, nolabait. Nahi dut hemengo kulturarekin maitemindu daitezela, niri gertatu zaidan moduan.

Gaur egun, zer da zuretzat Euskal Herria?

Asko gustatzen zait Euskal Herria. Oso kultura berezkoa dute, eta bizirik mantendu nahi dute. Aspalditik dator kultura hori, eta ohitura politak dituzte; niri hori asko gustatzen zait.

Bilboko jaietan egon zara?

Bai, 2022ko Aste Nagusian egon nintzen lehendabizikoz, pandemiagatik. Aurreko urteetan ez ziren egin [2020an eta 2021ean ez zen Aste Nagusirik egon], baina beti esaten zidaten oso onak zirela. Bizi ahal izan nituenean, konturatu nintzen oso onak zirela.

Zertan gozatzen duzu gehien jaietan?

Edozertan; niretzat dena berria delako. Kolonbian bestelako jaiak daude. Modu batean edo bestean, mundu guztia integratzen da jaietan. Integrazio masiboa da, jendea leku guztietatik etortzen da. Atzerrian bizi diren euskaldunak ere bueltatu egiten dira jaiak gozatzera.

Zure ustez, atzerritarrak integratzen al dira jaietan?

Bai, bai. Nik ikusten dut latinoamerikarrak oso integratuta daudela jaietan eta bestelako ekitaldietan. Bakarrik dauden atzerritarrak jaietara joaten dira jendea ezagutzeko eta harremanetan hasteko. Euskal Herrian, ahalegin handia egiten da kanpotik datozen pertsonak integratzeko; ateak irekitzen dizkiete. Niri oso ondo iruditzen zait: guk euskal kulturaz ikasten dugu, eta eurek ere egiten dute ahalegina hemen bizi diren atzerritarren kultura ezagutzeko.

Sare sozialetan euskarari buruzko bideoak egiten dituzu, askotan. Ikasten ari zara?

Enpirikoki ikasten saiatzen ari naiz. Nire lan ordutegia dela eta, ez dut denborarik ikastaro batean izena emateko; baina nire nagusiak euskaldunak dira. Horrez gain, nire edukia dela-eta, euskaldun askorekin hitz egiten dut. Beraz, hitz asko ikasi eta apuntatzen ditut. Astero behintzat hitz bat ikastea proposatu diot neure buruari, poliki-poliki. Hemengo kulturaz eta hizkuntzaz busti egin behar dut. Aste honetan, urte askotarako ikasi dut.

lotsabako

Zer txosna gustatzen zaizu gehien?
Txosnarik txosna noa, guztiak gustatzen zaizkit eta.

Aste Nagusian ikusi nahi duzun kontzerturen bat?
Nena Daconte.

Zeintzuk dituzu jairik gustukoenak?
Bilbokoak, Plentziakoak eta Algortako Portu Zaharrekoak [Bizkaia].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.