Jean Fagoagaren (Sara, Lapurdi, 1928) eskuek badituzte zenbait pilota borobildurik, frontoi leundurik, begi liluraturik, zauri sendaturik, esku tinkaturik, eta, sustut, ate zabaldurik. Pilotari profesionala izana da, eta bizi guzian mediku. Alta, kontsultako borta ez zen edekirik uzten zuen bakarra; etxekoa, beti. Iheslari politikoen alde aritu baita lanean ttipitik, auzapeza zelarik ere. Eusko Ikaskuntzako lehendakaria izana da. Mugari puntuak josiz, beti.
Alemanak ezagutu zenituen.
Jin ziren egunean Sarako etxeen ate-leiho guziak hetsirik genituen. Juana garbitzailea, ama eta hirurok ate gibeletik haiei so ginen. Sidekarretik bi gizon alimaleko atera ziren, eta Juanak harriturik bota zuen: «Baina gizonak dira!». Uste baitzuen animaliak izanen zirela, hainbertzetan aditua baitzuen: «Alemanak, animalia tzar horiek!». Kur-kur-kur.
Nolakoak ziren?
Muga pasatzean beti miatzen gintuzten erresistentziako mezurik ote genuen jakiteko. Beti hiru adiskide ginen, eta egur xehatzerat behartzen gintuzten, edo haien botatzarrak ezkoztatzera. Egun batez haien garita bat bota genuen. Sasi gibelean aditu genituen harramantzaka, «terrorist!». Alta, biharamunean konpainia guzia bildu zen plazan, auzapezarekin: erran zuten ondoko ekintza terroristarik balitz auzapeza hilen zutela. Orain arte, nehork sekula ez zuen jakin ekintza guk egina zela!
Pilotari izan bazina, punpa handiak eman izan zenituzkeen.
Tipitik ari nintzen, ni bakarrik; 5 urterekin lehen xistera ukan nuen. Gero, Sarako Izarran beti ateratzen ginen Frantziako txapeldun, bai joko luzean, errebotean, bai ere joko garbian. 19 urtetan, Ximun Haranekin batera, profesional gisa ezarri gintuzten, 1948tik 1954 arte. Sos anitz irabazten genuen! Estudioak lasai ordaindu nituen pilotari esker. Guti ginen profesionalak, dozena bat: Jean Lemoinekin, Jean Urrutirekin... Bete-betea izaten zen frontoia!
Sarako peko frontoiak zure izena bildu du iaztik.
Kur-kur. Hegoaldean errebotean aritzen ginen, luzean: Villabonan [Gipuzkoa], Donezteben eta Zubietan [Nafarroa]. Oroitzen naiz Villabonako xaxariak izugarri boz ederra zuela, eta Mixel Labeguerieren kantu guziak bazekizkien. Behin, hasi zen kantuz: «Aita, zer egin duzu...» negarrez bukatu zuen. Eta ostalariak: «So, so! Guardia Zibila etorriko da eta denak preso sartuko gaituzte!», horrelakoa zen Francoren garaia!
Mediku ikasle zinelarik, Bordelen, Enbata mugimendua ezagutu duzu ederki.
Enbata izena nik emana da! Gure arteko frankok ez zekiten hitz bat ere euskaraz, II. Mundu Gerlatik landa gertatu fenomenoa da: Mixel Burukoa, Ximun Haran, Jakes Abeberri, Laurent Darraidu... Mugimendu politikoa abiatu genuen euskara babesteko, ez baitzen fitsik Ipar Euskal Herrian. Bergouignan irakasle psikiatraren etxean biltzen ginen.
Auzapeza izan zinen 1971tik 1977rat; zer berritasun ekarri zenuen?
Sei urtez anitz gauza egin dugu: haurrak eskolara joan zitezen autobusa erosi genuen, 300 hektarea atera genituen larreetatik eta laborariei eman... Etxe erdiek ez zuten ez urik, ez argindarrik, ez ere biderik etxeetarat joateko...Horiekoro erdietsi genituen.
Zolaren Okupazio Plana zer zen?
Lurra ez zen saltzen ahal, arbasoen eskutik etorri zaiguna ezin baita saldu. Hala, plan horren arabera, laborariek bazuten eskubidea lur mutur bat emateko seme edo alaba bati etxea eraikitzeko, baina bortz hektarea izoztu behar zituzten, ez gehiago saldu ahal izateko. Alta, Aniotzbehere nire kontra aritu zen, eta kanpo ezarri gintuzten!
Zeure burua abertzale gisa aurkezten zenuen?
Ez zen etiketa politikorik; denek bazekiten hala nintzela, edo gehiago ere.
«Anai Artearen lehendakaritza ezin baitu gehiago bere gain hartu [Monzonek], Jean Fagoaga mediku saratarrari eskatzen dio lekukoa hartzeko, eta hark onartzen», idatzi du Txomin Hiriart-Urrutik, Anai Artearen historiaz argitaratu berri duen liburuan.
Bai, medikua bainintzen Donibane Lohizunen. Angel Arregik egiaztatzen zuen egiazko iheslariak zirenetz, eta ez satorrak. Gure laguntzaz, poliziek iheslari politikoen agiria ematen zieten. [François] Mitterrand izan zen errefuxiatu estatusa kendu zuena, [Laurent] Fabius lehen ministroarekin batera.
Zer aldatu zen orduan?
Gaizo mutikoak klandestinoak bilakatu ziren, gordeak. Ordura arte, larunbatetan elkartzen ziren txikiteoa egiteko, normal.
ETAko buruzagi guziak pasatu dira nire eskupetik. Dena utzi eta partitu ziren lehen buruzagi gazte haiek miresten nituen: Etxabe, Zumalde El Cabra, Argala, Iturbe, Urrutikoetxea... Politikoki, bazen hartzeko eta uzteko. Presondegietako afera afrus guziak arras hurbiletik segitzen nituen.
Monzonek Anai Artea utzi zuen Hegoaldean borrokan segitzeko,
Hala da. Monzonek uste zuen ETAko mutiko horiek denak 36ko Espainiako gerlako gudarien antzekoak zirela, borroka berak segitzen zuela. Gerla zen. Nik ez dut sekula sinetsi independentzia manera horretan lortuko zenik. Baina haiek sinetsiak ziren espainiarrak aspertuko zirela eta erranen zutela: «Bon, orain geldi; behar dugu mintzatu euskaldunekin», hainbertze bortizkeria eta erailketaren ondotik.
Telesforo beti laguntzeko prest zen elkarrizketentzat. Gero, borroka gero eta gehiago handitu da, salbai bilakatu. Herri Batasunekoak abertzaleak ziren, segurki, baina ezkertiarrak. Nik beti erraten nien: «Mutikoak, ederki, baina lehenik etxea behar da; gero euskaldunek erabakiko dugu zein kolore nahi dugun. Baina, lehenik, izan abertzale, puntu», hori zen ene sinestea, eta Monzonek ere berdin ikusten zuen.
Lehendakaritza hartu zenuen garaia «1978-1995eko urte latzak» kalifikatu du Hiriart-Urrutik.
Goiz guziez, lanerat joaten nintzelarik, auto azpian begiratzen nuen beti, ea zerbait bazen GALek emana. Zumaldek erraten zidan etxerat sartzean bide bera sekula ez hartzeko, garbituko nindutelako. Mediku idazkariak bizpahirutan deitu nau hona: «Jaun medikua, ez zaitezela etorri lanera, itxaron gelan baitira bi gizon ez batere katolikoak». Garai hartan bilkurak egiten genituen, baina ez anitz; gehienak, Piarres Larzabalen Sokoako [Ziburu] etxean. Gure lana zen Donibane Lohizuneko lokalean iheslariak aterpetzea, artak behar bazituzten nik ematea...
Ikusi nuelarik ez nuela aski astirik, Mixel Mendibururi utzi nion lehendakaritza. Bixente Gartzia eta Andoni Iturrioz ere sartu ziren geroxeago. Mendiburuk eta biok egiten genuen lan handiena zen presoen hurbilketa, Frantziako zakurraren ipurdirat igortzen baitzituzten.
Sinadura bilketa bat abiatu zenuten.
Diputatu eta kontseilariengana joaten ginen hurbilketaren aldeko sinadurak biltzeko. Nicole Pery, adibidez, ministroa zen orduan. Hitzeman bai, baina fitsik ez zuen egin, han espainolen politika baizik ez baitzuten segitzen. Jean Grenetek eta Jean Jacques Lasserrek ere berdin...
Anai Artea beti elkarte humanitarioa izan da. Saran etxea erosi zuen adiskidearen bidez, ETAren partez gutunak helarazi nizkien Jean Louis Debre Barne ministroari, ondoko ministroei, bai ere [Nicolas] Sarkozyri.
Hark erantzun zidan: «Erran Fagoagari harremanetan sar dadila Grip anderearekin». Prest ginen Pariserat joateko. Alta, ez genuen sekula hitzordurik finkatu, ez baitzidan erantzun. Barne ministroak prefeta deitu zuen, eta erran zion «terrorista» nintzela.
Anai Artea baino lehenagotik ezagutu dituzu iheslariak.
1936ko gerlatik ihesi jin ziren. Mixel Herenburu auzapez medikuak bazuen kontsulta bat Donostian. Anitz jende ezagutzen zuenez, anitz etorri dira Sararat, goi mailako jendeak: Elosegi, Hernandorena, Barandiaran... Etxe gehienetan bazen errefuxiatu bat. Guk, Arraian bi apez genituen: Don Ramon Laborda eta Don Sese. Pentsa, ez zuten eskubiderik elizarat sartu eta meza emateko, gorriak baitziren. Beraz beren ganbaretan ematen zuten meza, eta haien bereter ginen anaia eta biok. Don Ramon Laborda Eresoinka abesbatzako lehen tenorra zen.
Eresoinka Saran egon zen.
Eresoinka abesbatza Europako hoberenetarik bat zen, futbol taldea bezala. Errepikak egiten zituzten Sarako etxe handi-handian: Iratzartian. Pareta guziak Artetak apainduak zituen; beti hor dira. Luis Mariano laugarren tenorra zen, pentsa bertze guziek zer balio zuten. Emazteetan, Pepita Enbil zen solista, Placido Domingoren ama.
Izarrak...
Orduan sortu zuten Ipar Euskal Herriko lehen dantza talde folklorikoa: Sarako Izarra, Eresoinkak ikasirik. Hiru mailetatik xitoetan nintzen, bederatzi urtetan. Alde guzietan ari ginen dantzan, Baionako zezen plazan eta.
Errefuxiatu horietarik asko Saran egon ziren. Eragin handia utzi dute saratarrengan. Geroztik, hauteskundeetan beti lehen edo bigarren ateratzen dira abertzaleak. Eni jeltzaleek ideia giristino demokratikoa utzi didate; ordura arte zuria eta gorriak baizik ez zirelarik, borroka bortitzekin, bertze ikusmolde bat ekarri zuten. Harritua naiz nola ez zuten eragin gehiagorik ukan Iparraldean.
Mediku gisa, badukezu franko ikusirik.
Franko! Gau batez, Monzonek deitu ninduen: «Zatoz, Larhun puntan tiroketa bat izan da». Hiru mutiko ziren, eta erdikoa intzirika ari zen. Baina hain zen gihartsua, non metraileten balak ez baitziren sartu! Atera nizkion, mahai gainean pausatu, eta: «Ez duzu fitsik!». Orduan fandangotan hasi zen! Kur-kur-kur.
Bertze aldi batez, lepoan tiro egin zioten bat Henri Grenetenagan igorri nuen; Baionako auzapeza zen, diputatua eta zirujaua. Anitz maite ninduen; beti jakin nahi izaten zuen zertan ginen gure borrokan. Sendatu zuen, eta zentimo bat ere sekula ez zuen eskatu. Bertze behin, buruan larriki kolpatua zen bat Bordelerat igorri nuen, hartu zuten, ebakuntza egin, zentimo bakar bat ere nehori eskatu gabe. Gauza ederrak dira horiek. Horrek erran nahi du denak ez direla ustelak.
Publikoki erakutsi izan duzu zuen etxea iheslariei irekia zela.
Kanpaina izan zen Errefuxiatu bat, etxe bat. Izan ditugu hemen, etxean. Beti zerbaitetan ari ziren, tindatzen, elektrikan, baratzean... ez ziren ateratzen, gauez ez bazen. Sekula ez ninduten harrapatu.
Eusko Ikaskuntzako lehendakaritza hartu zenuen erretretan sartu orduko.
Ixabel Ajuriagerraren segida hartu nuen. Arras inplikatua nintzen: Bilbo, Donostia, Baiona eta Iruñera joaten nintzen bilkuretara, ikusten nuen zubi bat zela bi Euskal Herriak elkartzeko; hori zen ene engaiamendua. Baionako lokala erosi genuen, eta berritu.
Ainize Butroni eskaini elkarrizketan, 2002an, erran zenuen euskal kultura bizi zela baina bazela oraino lan handia egiteko, eta toponimia ikertu beharra zela. Zertan da?
Gaizki: katastro berrietan ez baitituzte gehiago izenak ezartzen.
Jakes Cazebon zenak lantzen zuen hori...
Gaizoa, partitu zaigu. Ikasle bat herri bakoitzeko ezarriko nuke, izen guzien biltzeko, eta leku bakoitzean hesola bat izenarekin.
Frantziako Iraultzatik goiti beti aritu dira usaia guziak desagerrarazten; hori da Frantziako zera. Indar bat baino, flakezia bat da.
Zer da zuretzat ametsa?
Federalista izan naiz betidanik. Ez naiz sekula alderdi batean sartu, behin baino gehiagotan galdegin badidate ere. Jeltzaleak estimatzen ditut anitz, baina ez bakarrik: kritikatu ere egiten ditut. Sekula ez dut ene burua preso eman alderdi batean. 50-100 urteren buruan, Euskal Herriak behar ditu bi muturrak elkartu, Europa federalista batean, Euskal Herri oso bat izateko.
Estatu batekin?
Ez; probintzia batekin, Ipar Amerikan bezala. Ez bada egiten egun batez Europa federala, fini izanen da: txinatarrak eta amerikarrak izanen dira nagusi.
Jean Fagoaga. Mediku ohia eta abertzalea
«Euskal Herriak behar ditu bi muturrak elkartu, Europa federalista batean»
Saratik Landetarat bortxaz igorri zituztenei bezala ez gertatzeko, aterpea eta artak ematen aritu da Fagoaga bizi guzian; 1937ko gerlako iheslariei, bai ere ETAkoei, Anai Artea elkartean. «Etxekoei» atea edekirik uzten baitie beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu