Donostiako Udalaren Txistulari Bandako zuzendaria

Aitor Arozena Mujika: «Euskal Herri osoan da eredua Donostiako Txistularien Alardea»

Gaur da Txistularien 47. Alardea. Duela berrehun urte argitaratutako liburu bat izango dute ardatz: Juan Ignazio Iztuetaren 'Gipuzkoako dantza gogoangarriak'.

Aitor Arozena Mujika, Donostiako Udalaren Txistulari Bandaren egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Arozena Mujika, Donostiako Udalaren Txistulari Bandaren egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko abuztuaren 10a
05:00
Entzun

Donostiako udaletxe zaharrean dauka egoitza Donostiako Udalaren Txistulari Bandak. Konstituzio plazakoa areto txikia da, xumea, eta nonahi daude partiturak, musika tresnak, aldizkariak, argazki zaharrak, afixak… Leku kutuna da Aitor Arozena Mujikarentzat (Oiartzun, Gipuzkoa, 1970). Lehen alardean jo zuenean 14 urte zituen. Aurtengoa aurrenekoa izango du zuzendari gisa. Alardea 20:30ean hasiko da, plazan bertan. Jose Inazio Ansorenarentzat hitz ederrak baino ez ditu. 

Aurtengo Aste Nagusiko Alardea berezia izango da, ezta?

Bai. Oso berezia izango da. Piterrek [Jose Inazio Ansorena] iazko irailean hartu zuen erretiroa, eta ordutik bandako zuzendaria naiz. Jose Maria Gonzalez Bastida Alardea zuzentzen zuenean hasi nintzen jotzen, 14 urterekin. Piter ia 50 urtez aritu da bandako zuzendari gisa. Alardearen eredua hark sortu du. Zorte handia izan dugu horrelako pertsona bat alboan izateagatik: hark markatutako ildo horri jarraitzeko erronka daukagu. Laguntzeko prest dago, baina askatasuna ere eman digu.

«Piter Ansorena ia 50 urtez aritu da bandako zuzendari gisa. Alardearen eredua hark sortu du. Zorte handia izan dugu horrelako pertsona bat alboan izateagatik: hark markatutako ildo horri jarraitzeko erronka daukagu».

Donostiako Alardea Aste Nagusiko klasiko bat da. Urtero keinuren bat egiten duzue. Nolakoa izango da aurtengoa?

Aurten liburu bat gogorarazi nahi izan dugu. Juan Ignacio Iztueta folkloristak duela berrehun urte argitaratutako liburu bat izango dugu ardatz: Gipuzkoako dantza gogoangarriak. San Sebastian soinu zahar luzea interpretatuko dugu, ia zazpi minutukoa, hamazazpi zatiz osatuta, ia 160 puntuko dantza bat. Katerin Artolak dantzatuko du soinua. Ohikoagoak diren dantzak ere izango ditugu: makila handiarena, brokel sailaren dantza sorta eta uztai txikiak. Gero Axular dantza taldea arituko da. Belauntzingo soinu zaharra ere joko dugu.

XIX. mende hasieran galtzeko zorian zeuden doinuak eta dantzak dira. Erdi Arotik datozen dantzak. Iztuetari esker, badakigu bazirela soinu zaharrak. Kexatu egiten zen inork ez zituelako jotzen eta dantzatzen: oso monotonoak ziren, memorizatzeko konplikatuak... Liburu horretan jasota daude denak. Iztuetak 1824an argitaratu zuen liburua, eta orduan galzorian zeuden, apenas dantzatzen ziren. Liburua Donostian argitaratu zen, Barojatarren moldiztegian. 

Txistulari aldizkariaren ale bat.
Txistulari aldizkariaren 163. zenbakia. Ansorenak Jose Ignacio Iztuetaren obra ikertu zuen zenbaki horretan. BERRIA
Urtero gonbidatu bereziak izaten dituzue…

Bai. Aurten Mikel Markez etorriko da kantatzera. Aresotik [Nafarroa], Jon eta Jaione, beren lau seme-alabekin... Eta Verdini dantza taldea ere izango dugu gurekin. Txoria txori eta Ilunabarra dantzatuko dute. Sarriegik sortutako obra horrek oso ondo deskribatzen du nolakoa den hemengo ilunabarra, nola eguzkia sartzen den itsasoan suzko bola bat balitz bezala. Hitzak Ramon Artolarenak dira.

Jose Inazio Ansorenari familiatik datorkio txistuarekiko zaletasuna; Isidro Ansorena zuen aitona, eta Iñaki Ansorena, aita. Zurea ere txistularien sendi bat da.

Hala da. Juanito, gure aita, Isidroren ikasle kutuna izan zen. Gure aitona ere, Xantux, Lizartzakoa [Gipuzkoa], txistularia zen, eta haren osaba ere, Juan Antonio, gure aitaren aitabitxia, txistularia zen. Gu laugarren belaunaldia gara; Urko eta Xanet anaiak, ni, eta lehengusuak: arozenatarrak. Bosgarren belaunaldia ere badator bidean. Hor dabiltza. Aita izan zen gure lehendabiziko maisua. Xantux Santos Arozena zen. Nire familiaren ezizena hortik dator: Xantua. Xantutarrak gara.

Donostiako Udaleko Txistulari Banda. Jose Inazio Ansorena, Joxean Altuna, Olegario Izagirre eta Agustin Laskurain.
Donostiako Udaleko Txistulari Banda. Ezker-eskuin, Jose Inazio Ansorena, Joxean Altuna, Olegario Izagirre eta Agustin Laskurain. BERRIA
Euskal Herriko Txistulari Txapelketa irabazitakoa zara. Zer da txistua zuretzako?

Ni txistua jotzen dudanean sentitzen naiz nor. Hasieran inertziaz jotzen nuen, aitak jotzen zuelako, eta krisiak ere izan ditut, baina zortea izan dut txistua nire ogibidea ere badelako. Berez etorri da. Txistua zerbitzu bat dela uste dut. Jendea laguntzen dugula uste dut, festetan, alaitasunean, eta baita tristuran ere. Gure musikarekin laguntzen dugu momentu ezberdinetan. Rockean eta erromerietan ibilia naiz, plazaz plaza, baina azken urteotan sentitzen dut txistularia naizela. Ondo sentiarazten nau.

«Ni txistua jotzen dudanean sentitzen naiz nor. Rockean eta erromerietan ibilia naiz, plazaz plaza, baina azken urteotan sentitzen dut txistularia naizela. Ondo sentiarazten nau».

Eta zer da alardea zuretzako? 

Donostiako alardea guretzako, mutil koskorrak ginenetik, oso berezia da. Alardeak markatu egiten zaitu, eta txistulari gisa hor aritzea ederra da. Aitzindaria izan da errepertorio, egitura eta planteamendu aldetik. Urtero-urtero beti bada zerbait berria. Euskal Herri osoan da eredua Donostiako Txistularien Alardea. Txistularitzaren ondare kulturalari tokia eman dio.

Jose Inazio Ansorenak natural-natural hartu du erretiroa, isilean. Hark utzitako ondarea, dena den, sekulakoa da, ezta?

Ez da nolanahikoa. Txistularitzan, eta aparte. Txistularitza irauli egin du, modernizatu; didaktika, pedagogia... Izugarrizko ikerketa lana egin du errepertorioei dagokienez, dantzak errekuperatzen eta berrarmonizatzen, eta lan eskerga egin du baita ere ezkutuan zegoena eskuragarri jartzen, ezagutzen ez genituen hainbat errepertorio: esku dantzak, ingurutxoak, soinu zaharrak… Iztueta asko estudiatu du. Aldizkari oso bat eskaini zion. Txistulari aldizkariko zuzendaria ere izan zen. Eta jotzaile moduan, zer esan... Donostiako bandan egin duen lana ere itzela izan da. Ez dauka zerikusirik banda berak hartu zuzenean eta utzi zuzenean. Izugarrizko lana egin du. Ni haren ikasle izan naiz. Goi mailako ikasketak harekin amaitu nituen, hura katedratiko zenean. Piter, niretzat, lehendabizi laguna da, gero maisua, eta nire nagusia ere izan da. Miresmena eta esker ona baino ez daukat harentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.