«Euskal hedabideek nola irudikatzen dute Euskal Herria? Lurraldea nola izendatzen dute? Izendapen horren azpian zein da eremua? Zein dira mugak?». Galdera horiei erantzunak aurkitu beharko dizkiote Martin Ugalde bekako hautagaiek. Hori da 2020ko deialdirako gaia, funtsean. Bekaren emaitza idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera egongo da, eta deialdira aurkezten denak argi adierazi beharko du zein euskarritan landuko duen emaitza, dokumentazioa horren arabera aurkeztu beharko du eta. Proiektuak irailaren 2ra arte bidali ahalko dira honako helbide honetara: [email protected].
Aurreko bi deialdietan bezala, Martin Ugalde kultur parkeak, Berria fundazioak, Elkar fundazioak eta Jakin fundazioak egin dute deialdia, Andoaingo Udalaren (Gipuzkoa) laguntzarekin.
Karolina Sainz de Bikuña Martin Ugalde kultur parkeko koordinatzaileak azaldu duenez, bekaren helburua euskarazko komunikabideek egiten duten ekarpena neurtzea da. «Oraingo deialdian, irakurketa berri bat proposatu nahi dugu. Euskal Herria euskal hedabideetan nola irudikatzen den aztertu nahiko genuke, eta gizartean zein eragin izan duen izendapen eta eremu jakin horrek. Gai interesgarria iruditzen zaigu; mamia izan dezake».
Proiektuaren emaitza idatzizkoa baldin bada, gutxienez 150 orrialde izan beharko ditu; eta, ikus-entzunezkoa bada, gutxienez 30 minutuko iraupena izan beharko du. Aldez aurretik bidalitako proiektuari dagokionez, egin nahi den lanaren azalpena4-6 orrialde artean jaso beharko dute hautagaiek. Eta idazlanaren edo gidoiaren laginak 15-20 orrialde artekoa beharko du.
Bekaren deitzaile bakoitzak izendatutako ordezkari banarekin osatuko dute epaimahaia. Sainz de Bikuñak iragarri duenez, deialdia amaitu aurretik jakinaraziko dute epaimahaia nortzuk osatuko duten. «Aurkeztutako lanak aztertu ondoren, azaroan emango dugu argitara bekaren irabazlearen berri. Aurten ere, kalitatezko lan interesgarriak jasotzea espero dugu».
Aurreko irabazlea ikusgai
Bekaren irabazleak, bestalde, 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko. Bekako diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia lana amaitua entregatu eta epaimahaiko kideek onespena emandakoan.
Aurreko deialdia 2017anegin zuten, Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero gaietan zer eragin izan duten ikertzeko. Danele Sarriugartek, Kattalin Minerrek, Maddi Altunak eta Maria Mayak irabazi zuten, eta haien Tira ahala tira. Genero trataera Egunkarian eta Berrian ikus-entzunezko lana ikusgai dago Youtuben. «Aurreko deialdian lan kopuru polita jaso genuen, eta kalitate handiko proiektuak zeuden», azaldu du Sainz de Bikuñak.
Euskal Herria nola irudikatzen den landuko dute Martin Ugalde bekan
Irailaren 2ra arte bidal daitezke proiektuak. Bekaren irabazleak 8.000 euro jasoko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu