Asteburuko proposamenak

Euskal Herria josten

Iparra-Hegoa eguna ospatuko dute gaur Larresoron, Bernat Etxepare lizeoko ikasle ohiek antolatuta. Egitasmoak 25 urte beteko ditu aurten

2018an Seguran izan zen Iparra-Hegoa jaialdiko herri bazkaria. GOIERRIKO HITZA.
Mikel O. Iribar.
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herri osoko kultura, hizkuntza, arazoak, eta ohiturak ezagutzeko eta trukatzeko xedez sortu zen Iparra-Hegoa egitasmoa. Aurten, 25 urte bete ditu mugaz bi aldeetako eragileak eta euskal herritarrak batzen dituen egitasmo horrek, eta jai nagusia Larresoron (Lapurdi) egingo dute, gaur, Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle ohiek antolatuta.

Iparra-Hegoa jardunaldiak Seguran (Gipuzkoa) du jatorria. Hasieran, Segurako Elorri elkarteko kideak eta Urruñako (Lapurdi) herritarrak Goierri eskualdeko herrian elkartzen ziren festa giroan. Jendearen artean harrera ona izan zuen, eta, urtez urte, egitasmoak fruituak eman ditu; izan ere, inguruko eskualdeetako herritarrekin ere zubiak eraikitzen hasi dira. Azken batean, Iparra-Hegoa egitasmoa Euskal Herri mailan sona handia edukitzeraino ere iritsi da.

Baionako Bernat Etxepareko ikasleek 2017tik dute harremana jardunaldiarekin. Pello Aranzabal Bernat Etxepare lizeoko hezitzaileak azaldu duenez, lizeo berria hornitzeko «beharrak jota», diru-bilketa kanpaina bat jarri zuten martxan lizeoko ikasle eta gurasoek. Kanpaina Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira iritsi zen, Seguran antolatzen zen egitasmora. Hori, ordea, ez zen bidaiaren amaiera izan, hasiera baizik.

«Iparra-Hegoa egitasmoa gure lizeoko helburu pedagogikoarekin bat zetorrela ikusita, jabetu ginen Segurako festa hori oso formatu egokia zela 16 eta 18 urte bitarteko ikasleekin joateko; herri euskalduna, auzolanean oinarritua eta parekidea zelako», dio Aranzabalek. Gauzak horrela, 2018an, ikasleek jardunaldi horretan parte hartu zuten, eta ikuskizun berezia eskaini zuten. Aranzabalek aitortu du esperientzia «zinez polita» izan zela.

Jardunaldiarekin liluratuta, Etxepare lizeoko ikasleek eta ikasle ohiek Iparra-Hegoa egitasmoa antolatzeko prestutasuna erakutsi zuten, eta iaz, lehen aldiz, Baigorrin (Lapurdi) egin zuten jaialdia, zailtasunak zailtasun.

Aurten ere festa handia Lapurdin izango da, baina, oraingo honetan, Larresoron ospatuko dute. Aranzabalek aurreratu du Goierritik, Donostiatik eta Pasaiatik joateko asmoa dutela.

Ikasle ohiek egitarau oparoa antolatu dute egun osorako. Larresoroko haurren ikuskizunak emango dio hasiera festari, 11:00etan. Ondoren, pilota partidak, joaldunak, herri bazkaria eta pilota-bertso desafioa ere izango dira. Kontzertuek emango diote amaiera egunari. Oholtza gainean, Aizkolariak, Xabaltx, QQbird eta Andoni Ollokiegi taldeek joko dute, 21:00etatik ordu txikiak arte. Aranzabalek nabarmendu du Iparra-Hegoaren gisako egitasmoek bide ematen dutela lizeoko ikasleak euskalgintzara eta kulturgintzara erakartzeko. Ipar Euskal Herrian ez baita dena domaia.

Iparra-Hegoa eguna



Gaur, 11:00etan, Larresoron (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.