Andeetan ia zapaldu gabeko 6.000 metroko mendietara espedizio bat antolatzea ez da zeregin erraza, eta ezinezko erronkatzat hartuko luke askok taldean nolabaiteko desgaitasunen bat duten hiru pertsona egonez gero. Hala ere, xehetasun horrek ez zuen eraginik izan gure plangintzan: normalizatua dugu desgaitasuna, ez dugu dramarik ikusten, mendizaleak baino ez.
Sentsazio sentsorialetan eta fisikoetan aberatsak ziren esperientziak bilatzen genituen. Helburu horri begira, mapak eta liburuak aztertu genituen, eta eskola zaharreko mendizaleen gomendioak entzun, tartean goi mendiko arkeologoenak. Eta, horri esker, espedizioak Argentinako lekurik urrunenetako batera eraman gintuen: Catamarcako ipar-ekialdera.
Bi elkarte ginen: Buenos Airesko X Más Inclusión eta Bizkaiko Ibilki mendi taldea. Taldean, ezkerreko hankan tumore bat zuen emakume bat eta ikusmen urritasuna zuten bi gizon zeuden, eta bi horietako batek, itsutasunaz gain, nolabaiteko paralisia ere bazuen. Odolean askotariko kulturak genituen: euskalduna, maia, amaziga, guarania, kolla eta diaguita. Kultur aniztasun handia zortzi pertsonako talde batean.
Zailena? Autogestiorako apustua egin izana, bidaia agentzien mende egon gabe eta ohiko mendiko turismotik urrun. Ez genuen ez horma teknikorik, ez ibilbide ezinezkorik bilatzen, baizik eta mendi sakratuak, ahaztuak, ezezagunak, eta baita diru askorik eskatzen ez zutenak ere. Guk geuk gidatu genituen ibilgailuak, geu aritu ginen sukaldari eta garraiolari lanetan, eta geuk aukeratzen genuen noiz, zer eta nola egin. Gure gidariak logistika kontuetan lagunduko ziguten mandazainak, komunitate indigenetakoak ziren, beharrak aginduta mendira joaten ziren mendizaleak, teknizismorik gabeak, baina mendietako misterioak gehienek baino hobeto ezagutzen dituztenak.
6.000 metroko bi mendi aukeratu genituen, Andeetako sei milako sonatuen zerrendatik kanpo utzitakoak, diskriminatuak nolabait esateko: Galan sumendia (5.985 m) eta Cerro Nevado Laguna Blanca (6.018 m). Bata, metro gutxi batzuk gutxiago izateagatik ahaztua; eta, bestea, gutxi batzuk gehiago izateagatik. Bazirudien ez zutela inoren arreta erakartzen.
Urte batzuk lehenago uste zuten Galan sumendia, edo Kkala —«biluzik» kitxuan—, 6.300 metrokoa zela, baina txikiagoa zela erabaki, eta zerrendatik atera zuten. Gure informazioaren arabera, 30 bat aldiz baino ez da igo, nahiz eta munduko galdara edo zulo bolkanikorik handiena izan. Cerro Nevado Laguna Blancaren kasuan, alderantziz gertatu zen: 6.000 metro baino gutxiago zuela uste zuten, baina neurketa berriek gehixeago eman zioten. 2006an igo zuten lehen aldiz, eta hortik aurrera beste hamar bat aldiz besterik ez. Baina bi mendi horiek, urruneko garai batean, oso ezagunak ziren inkentzat, haien gailurretan harrizko pirkak (harresiak) aurkitu dira eta, baita zilarrez, hezurrez eta itsas maskorrez egindako animalien irudiak ere.
Altuerara egokitzeko, Campo de Piedra Pomez (3.500-4.200 m) eremu natural babestura joan ginen. Ez zegoen biderik, eta gure 4x4koen aztarnak laster ezabatuko zituen haizeak. Urrutitik, itsaso harrotua zirudien, baina harri bihurtua erabat. Bertan, gatzaga erraldoi baten gainean, apar-harri zurizko milaka egitura ikusi genituen. Presio atmosferiko baxuak, aireko oxigeno urriak eta haize gaziak begiak eta azala erretzen zituzten, aklimatazio lanak egiteko baldintza ezin hobeak.
Irudi bihurri latz horiek ukituz ibiltzea liluragarria zen. Aztoratu egiten zuen lehor usain hark, gazitasun eta, tarteka, sufre usain hark. Gure urratsek kirrinka egiten zuten, entzuten zen erresonantzia bakarra zen: apar-harriaren porositateak soinu guztiak xurgatzen zituela zirudien, tokiari sentsazio are fantasmagorikoagoa emanez.
Hurrengo egunetan, gorago egin genuen egokitzapena. Bi sumendietara hurbildu eta 5.400 metroko Cerro Illianco igotzen saiatu ginen, baina 4.800era besterik ez ginen iritsi, altueraren ondorioak nabari-nabariak izaten hasi ziren eta.
Galan sumendia
4x4 auto birekin, duna eta gatz artean, Real Grande arroilara iritsi ginen; 70 metro inguruko labazko hormak ditu arroila horrek, sigi-saga egiten duen ibai txiki batek zeharkatzen duela. Oinez jarraitu genuen inken aurreko aurri batzuekin topo egin arte. Hormetan labar-irudi ugari zegoen, antzina-antzinakoak, baina oso ondo kontserbatuak.
Hurrengo egunean, mendi-lepo bateraino jarraitu genuen, 5.000 metrora, eta mugarri batekin egin genuen topo, apatxeta (1) handi eta goseti batekin. Frutak, ur beroa, koka-hostoak eta tabakoa eskaini genizkion:
Pachamama llajtyoj,
Upii, acullii sumaj
mikhukhui (2)
Oraindik bide luzea genuen sumendiaren erdiko domora hurbiltzeko. Kraterraren hondora jaitsi baino lehen, 5.400 metroko muino bateraino igo ginen kanpoaldetik. Hango aireak usain bitxia zuen, kraterraren hondoko Diamante aintziratik zetorrena. Aintzirak kilometro askoko diametroa zuen, eta haren zeru-urdin kolore bikainak urak artseniko hutsa zela ahantzarazten zuen.
Zer ikusten ari ginen azaltzeko eskatu zuten itsuek, baina inor ez zen horretarako gai. Hain zen zabala, non gure logikatik at baitzegoen. Ikusten zen guztiaren silueta marraztu genuen haien eskuekin airean. Kraterraren zati bat ia 45 kilometrokoa zen alderik alde. Diamante aintziraz harantzago beste bi ikusten ziren, kolore gorri eta hori bizikoak, ur goriko ibai bat eta erdigunean gure gailurra zegoen domo erraldoia. Gau hartan, ibaiaren parean kanpatu genuen: haren lurruna eta sufre-usain handia nabaritzen genuen gure aurpegi-sudurretan.
Hurrengo egunean leku eroso baten bila abiatu ginen gailurra egiten saiatzeko. Kanal baten magalean aurkitu genuen. 2022ko azaroaren 10eko 04:00ak ziren. Zerua oskarbi, hotz ikaragarriak aurpegian buru-estalkia janztera behartzen gintuen.
Altuera horretan ahalegin handia egin behar izaten da gora egiteko. Ia bi ordu behar izan genituen hirurehun metroko aldea gainditzeko. Kanalaren amaieran eguzkiak ondo berotzen gintuen, eta penitente batzuen ondoan hartu genuen atseden. Igoeraren zatirik zailena zetorren: gailurrerainoko hondarrezko arrapala amaigabeak eta elurzulo batzuk. Ia zortzi orduko igoeraren ondoren, elkarri eskutik heldu eta gailurra ukitu genuen. Gogor besarkatu eta zabal-zabal egin genuen negar.
Bisita-liburu bat aurkitu genuen inkek egindako harresien (pirken) artean, oso ondo babestua, 1982an jarria. Azalean honako hau irakur zitekeen: «Cumbre del Volcán Galán- 6.600 metros». Berrogei urtean, hamar lagunek baino gutxiagok sinatua zuten!
Jaitsiera igoera bezain motela izan zen, itsuek arazoak izaten dituzte-eta jaitsieretan harri solteekin. Ia hamabost orduren ostean, azkenean kanpalekura heldu ginen.
Laguna Blanca
Mendira igo ahal izateko, bertako kazikearekin negoziatu beharra zegoen. Esana ziguten ez gintuela ondo hartuko: azkenaldian, erauzketa-enpresek inguruko litio ugari ustiatzen hasi nahi dute, eta indigenak erresistentzian ari dira beren lurraldeak babesteko. Jarrera txarrez hartu gintuen, bai, argi utzi zigun ez zuela dirurik nahi, bere herrian bakea besterik ez zuela nahi. Iritziz aldatzeko modurik ez zegoela ikusi genuenean, azaldu genion gu geu ere askotariko etnietako indigenak ginela eta ulertzen genuela zer zen lurra zaintzea. Orduan espedizio-kide batek poltsikotik bi panpina txiki atera eta oparitu zizkion. Panpinok jatorrizko herrietan ohikoak ziren oihalez eta eskuz eginak ziren. Harrigarria izan zen nola aldatu zitzaion aurpegia kazikeari, eta irribarrez eman zigun baimena. Horrez gain, giltza batzuk ere utzi zizkigun, 5.000 metroko altueran zegoen adobezko aterpe txiki batekoak.
Mandazainak lagunduko zigun ekipoa txabolatik harago garraiatzen, baita hornigai asko garraiatzen ere, aurreikusia genuen baino denbora gehiago behar izango genuen arriskuagatik. Ez zegoen biderik. Aurrera egiteko, landaretza saihestu behar genuen, landare arantzadunek gure praken oihala zeharkatzen zuten eta. Pertsona itsuentzat tortura handia izan zen. Baina gehiago kezkatzen gintuen iragarpenak: haizea eta ekaitzak. Harrapatu gintuen, bai harrapatu ere, eta iragarritakoa baino askoz okerragoa izan zen.
Infernua han-hemen
Haizeak ustekabean harrapatu gintuen. Hondarra, gatza eta izotza botatzen zituen bortizki. Dendetako batek ez zion eutsi: urratu eta zenbait gauza hegan atera ziren. Bestea lurretik erauzteko zorian zegoen. Mota guztietako hondakinen erasopean, kazikearen adobezko txabolan sartzea lortu genuen, baina, dramatik urrun, dibertigarria izan zen, barre eta barre ari ginen etengabe. Shockagatik zela esango du baten batek, baina Latinoamerikako umore beltza horrelakoa da: gure zoritxarrei barre egiten diegu.
Espazio txikian kuzkurtuta, txabolaren dardara sumatzen genuen, harrabots ikaragarria. Uste dugu haizeak orduko 130 kilometroko abiadura baino gehiago hartu zuela, eta batek daki haize-boladak zenbatekoak izango ziren.
Hurrengo goizean, haizea baretuta, gailurrera iristen saiatzeko egun ezin hobeak agurtu gintuen. Baina leher eginda geunden, loa galduta eta neka-neka eginda, hamabost egun generamatzan-eta espedizioan. Jarraitu nahi genuen, bai, baina handik alde egin behar genuen: bi denda falta zitzaizkigun, eta baita haizeak eramandako ekipoaren zatia ere. Sei milako bat genuen kolkoan; beraz, ez zitzaigun axola buelta ematea.
Baina baten batek gogoratu zuen ez geniola eskaintzarik egin Pachamamari. Alde egin aurretik, beraz, sumendi txiki bat igotzera animatu ginen, Alumbreras (3.620 m). Eskerrak eman genizkion Pachamamari eskaintza bat eginez, gogoan izan genuela jakin zezan.
Eta bertatik ikusi genituen bisitatutako leku guztiak. Gailur ezin hobea izan zen gure espedizioari amaiera emateko.
(1) Aldarea edo apaingarria, Andeetako bidaiari indigenek bide-bidegurutzeetan edo leku bakartietan eraikia, non batzuetan eskaintzak egiten dituzten, gehienetan, harri-piloz osatutakoak. Apatxetak eraikitzeko ohituraren jatorria Inka garaikoa da.
(2) Leku hauetako Pachamama:
edan ezazu, koka murtxikatu eta
gustura jan ezazu eskaintza hau.