Aitak egiten zituen errotuluei begira geratzen zen txikitan. Orain lanbide bihurtu du arte hori. Arte Ederrak ikasi ostean, diseinu grafikoan aritu zen, baina bidean kaligrafia eta tipografia topatu zituen. Juan Luis Blanco (Zumaia, Gipuzkoa, 1967) tipografia diseinatzailea da.
Oraindik errotuluei begira?
Bai. Lagunak maiz geratzen dira kalean bakarrik hizketan, errotulu bati begira geratu naizelako.
Txikitatik zaude liluratuta letren formekin...
Aitari begira ikasi nuen letrak eskuz margotzen. Oraindik ikusten ditut herriko hainbat lekutan orduan margotutako kartelak. Irakaslea zen aita, baina margotzea eta errotuluak egitea gustatzen zitzaion. Nerabezaroa musika taldeen logotipoak margotzen pasatu nuen: Scorpions, ACDC, Saxon... Oso heavy-a nintzen.
Zuk ere egin izan dituzu errotuluak.
Noizean behin eskatzen didate. Badakite zertan aritzen naizen. Izenak, prezioen zerrendak, bertsoak... Denetarik idatzi dut. Beduola elkarteak zaharberritzen dituen ontzien izenak ere margotu ditut. Oso gustura egiten ditut lantxo horiek, ordu asko pasatzen ditudalako ordenagailuaren aurrean, eta eskuak zikintzeak badaukalako bere xarma.
Sorpresaren bat ere izan duzu.
Bai. Duela zazpi urte diseinatu nuen tipografia erakusleiho batean ikusi nuen. Googlerentzako diseinatu nuen tipografia bat zen, eta ilusioa egin zidan kalean ikusteak, nire etxetik gertu.
Arte Ederrak ikasitakoa zara.
Bilbon ikasi nuen. Gero Eskozian kaligrafia, eta handik urte batzuetara tipografia masterra egin nuen Ingalaterrako Reading unibertsitatean. Amaikha tipografia egin nuen orduan alfabeto ezberdinetan: latinoa, grekoa, zirilikoa, arabiarra eta tifinagha.
Amazigen alfabetoan?
Bai. Zeharo maiteminduta nago alfabeto horrekin. Basamortuan harri askotan aurkitu daitezke inskripzioak, baina apenas dauden dokumentu inprimatuak. Typotheque enpresarentzat lanean ari naiz, haren katalogoko zenbait tipografia sorta alfabeto horretan egiten.
Googlerentzat ere ari zara...
Proiektu handi bat da. Taldean ari gara. Ezin dut kontatu zer den, baina hemendik urtebetera denek ikusiko duzue. Ezin dut xehetasunik eman.
Zenbat tipografia sortu dituzu?
Hamar bat familia, baina bakoitzak aldaera asko ditu. Euskal grafia ardatz hartuta, bi tipografia egin ditut: Harri eta Basati. Tipografiak duen xarma da mezuak osatzeko balio duela. Hitz baten esanahitik harago, hiztegian aurkitu daitekeen esanahi zehatzetik harago, letra bakoitzak forma jakin bat dauka, eta elkarrekin zerbait islatu dezakete.
Identitate bat, adibidez...
Bai. Euskal grafia gurean asko hedatu den estiloa da, eta paisaia bisual bat eratu du. Oso modu organikoan izan da, oso modu naturalean, baina identitate bat adierazteko baliatu da, euskal identitatea indartzeko. Albaceteko [Espainia] taberna batean euskal tipografiaz idatzitako izen bat topatzen baduzu, pentsatuko duzu galdu egin zarela edo bertako jabea euskalduna dela. Errotuluek adierazten dute non zauden, eta zein garaitan.
Eta zer dela-eta euskal tipografia sortzea?
Euskal grafia sendo eta potolo hori ikusita, beharra sentitu nuen bertsio propio bat sortzeko, euskal tipografia modernoagoa, sotilagoa, eleganteagoa... Harri sortu nuen, baina gero grafia horren identitatea ahalik eta gehiena esplotatzeko baimena eman nion neure buruari. Basati tipografia ganberroagoa da. Ez da batere estandarra, ez da batere konbentzionala, baina jatorrizko arimari eusten dio.
Zer da tipografia?
Testuak sortzeko modu sistematizatu bat da. Letrak idatzi edo marraztu daitezke, eskuz, baina, prozesu sistematizatu bat sortzeko beharra egon zen momentu batean. Azkenean, sinbolo talde bat da. Letra bakoitzak desberdina behar du izan, baina denek ezaugarri komun bat izan behar dute, oreka bat. Mathew Carterrek esan zuen bezala, tipografia letren talde polit bat da, eta ez letra politen talde bat. Letra bakoitza izan daiteke oso polita, baina gero elkarrekin ez badute funtzionatzen...
Letra bat ikustean, ba al dakizu zein estilotakoa den?
Batzuetan, bai. Katalunian, tipografoen topaketa bat egiten dute urtero: Lletraferits. Ostiralean iristen gara, eta larunbat gauean lehiaketa egiten dugu. Bi letra proiektatzen dituzte, H eta G, eta horiekin letra tipoa asmatu behar dugu. Batzuek momentuan asmatzen dute. Oso frikiak gara.
lotsabako
Tipografia bat?
Ezin dut bat aukeratu, ez badakit zertarako erabiliko dudan. Georgia, dena den, asko gustatzen zait.Tipografo bat?
Nicolas Jenson, XV. mendekoa.