Euskal gastronomia ardatz Basque Culinary Centerren

Euskal Herriko errezeta bereizgarrienak irakatsiko dituzte, teknika eta aurkezpen eraberrituekin

Jose Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria sukaldariekin, atzoko aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARP.
Donostia
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ikasturte berria abian da Basque Culinary Centerren, eta, horrekin batera, jardunaldi bereziak antolatu dituzte. Aurten, euskal sukaldaritza tradizionalari eskainiko diote lehen seihilekoa, bigarren ikasturtean ari diren 170 ikasleek euskal gastronomiaren inguruko hainbat irakasgai izango baitituzte, otsailera bitarte.

Jardunaldi berezi horien helburua euskal gastronomia «sustatzea» da, Jose Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariaren arabera. Hiru zatitan banatu dituzte jarduerak, interesa duten guztiengana iristeko asmoarekin.

Alde batetik, ikasleek euskal gastronomiako 80 platerik bereizgarrienak prestatuko dituzte. Hilabete bakoitzean behin baino ez dituzte egingo, eta errezetek teknika eta aurkezpen eraberrituak izango dituzte, tradizioari eutsiz betiere. Aizegaren esanetan, «gure produktu eta ohiko plateretan oinarrituta» egongo dira errezeta guzti-guztiak. Ikasleek, tartean atzerrikoek ere bai, Euskal Herriko errezetak barne-barnetik ezagutuko dituzte hala.

Otsailera arte eskainiko dira menu horiek zentroko jatetxean, egunero, astelehenetik ostiralera. Jatetxea zabalik dago irailaren 24az geroztik. Hori bai, egunean 50 laguni soilik emango zaie jaten. Aizegaren esanetan, «ikastetxearentzat garrantzitsua da ikasleek euskal gastronomia ezagutzea, jatera datorrenak ere plater eta produktu horiek ezagutu eta berdin disfrutatzeko esperientzia izan dezan».

Jardunaldien bigarren ekintza nagusia euskal sukaldaritzaren inguruan antolatutako ikastaroen barruan bilduko da. Aizegaren arabera, «gure produktuen inguruan» ikasi nahi duten horientzat eginak egongo dira, eta ostegunero egingo dira. Berezitasun nagusia da nortzuk ariko diren irakasle lanetan: Euskal Herriko hainbat jatetxe ezagunetako sukaldariek parte hartuko dute, showcooking formatuan. Besteak beste, Lasa jatetxeko Koldo Lasa, Katxina jatetxeko Joxe Migel, Iribar Jatetxeko Pili Manterola, Gurutze Berriko Xabier Zapirain, Roxario jatetxeko Txaro Zapiain edota Zuloagako Alberto Zuloaga ariko dira Ostegun Fan Fooddeituriko saioetan erakusle lanetan.

«Gure betiko errezetei, kulturari, sukaldaritzari…bizirik eutsi diete, eta, horregatik, haiek izango dira ikastaro horietako protagonistak». Ostegun bakoitzean, jatetxe bateko sukaldari baten txanda izango da. Azaroaren 8an izango da lehen saioa, Koldo Lasaren eskutik. Euren espezialitate guztiak bi plateretan eta postre batean laburbildu beharko dituzte. Horixe izango baita haien egitekoa: hasierako bat, bigarrengo bat eta postrea prestatzea.

Plater ezagunak denak

Egingo dituzten plateren artean, «betikoak» egongo dira. Arrain zopa, onddoen nahaskia, txipiroien entsalada, bisigua, legatza, txangurroa donostiar erara, sukalkia, bakailaoa pil-pil erara, goxua, intxaur saltsa, pantxineta, sagar erreak…

Borondate onenarekin eta sekretu guztiak kontatzeko beldurrik gabe ariko dira. Roxarioko Txaro Zapiainen arabera, gainera, «oraingo sukaldariei produktua hasieratik bukaerara arte errespetatzen» erakustea izango da helburuetako bat.

Sukaldari guztiak esker oneko agertu ziren antolatzaileekin atzoko agerraldian. Bat etorri ziren sukaldaritza bultzatzeko egitasmo «ona» izango dela. Izan ere, azken urteetan mundu osoko eta bertako sukaldaritzan eraldaketa handi samarra ari da gertatzen, eta «plater tradizionalak ez ahaztea garrantzitsua eta eskertzekoa da hori ikusita».

Azken egitasmoa ere zale guztientzat prestatua dago. Hitzaldi saioa antolatu dute euskal produktu eta gastronomiaren inguruan. Bederatzi gai landuko dira, Aizegaren esanetan, «euskal gastronomiaren bilakaeran garrantzia izan dutenak». Hamabost egunetik behin, asteazkenetan, Basque Culinary Centerreko auditoriumean izango dira hitzaldiok (18:00), eta, besteak beste, sagardoaren kultura, bakailaoa, txokolatea, Idiazabalgo gazta, txakolinaren historia eta bilakaera, pintxoak eta euskal sukaldaritzaren eraldaketa aztertuko dituzte.

Hitzaldien helburua «gozatzea eta ikastea» besterik ez da, Aizegaren esanetan: «Etxera iristea ikusi eta ikasitakoa probatzeko gogoarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.