Mediapro ekoiztetxeak ligaren inguruko Six Dreams dokumental sorta prestatu du, eta Amazon Video plataformari saldu dio. Euskal Herriko futbola protagonista izango da bi ataletan. Izan ere, Eibarko futbol taldeko presidente Amaia Gorostizaren lana erakutsiko dute horietako batean, eta Iñaki Williams Athleticeko jokalariaren egunerokoa, bestean.
Justin Websterrek zuzendu du lana. Aritua da futbolaren munduan, FC Barcelona Confidential dokumentala estreinatu baitzuen 2004an. Oraingo sorta dokumental behatzaile estiloan egin dute; hau da, gidoirik, narratzailerik eta elkarrizketarik gabe, ZigaVertov zinemagile sobietarraren kino-pravda (zinema-egia) eredu. Dokumentalgileak gertatzen dena grabatu besterik ez du egiten, errealitatean eragina izateko asmorik gabe.
Eriz Zapirain errealizadoreak (Gaur irekiko ditu ateak, Gazta zati bat) gauzatu du Eibarko presidente Gorostizaren inguruko atala. Duela hamar bat urte egin zuen Websterrekin futbol munduko El árbitro dokumental behatzailea. Oraingoan, zuzendari ingelesak sei dokumental egin nahi zituen, haietako bi Euskal Herrian. «Ez dakit Websterrek zer bilatzen zuen, baina uste dut barrutik inoiz ikusi gabekoak nahi zituela», esan du Zapirainek: «Eibar bezalako talde txiki bat, esaterako, emakume batek zuzendutakoa».
Sasoi osoan atzetik
Zapirain eta lankideak futbol sasoi osoan ibili dira Gorostizaren atzetik, grabatzen. «Zuk bilera guztietara sartu nahi duzu, baina batzuetan ez dizute uzten, zabaldu ezin diren gauzak jorratu behar dituztelako. Horrela ibili behar izan dugu, baina dezente sartzen utzi digute». Denera 55 grabaketa saio egin dituzte. «Astero bitan edo hirutan egon gara hor: bulegoetan, trebakuntza saioetan, aldageletan, hegazkinetan...».
Zapirainek esan du futbol klubek gotorlekuak ematen dutela kanpotik, baina, Eibar barrutik ezagututa, konturatu da arduradunak «hezur haragizkoak» direla. «Ez dakit Appleko edo Googleko administrazio kontseiluak nolakoak izango diren, baina Eibarren bildutakoak zu eta ni bezalakoak dira. Gustatu zait hori ikustea».
Dokumentalgileak eguneroko borroken lekuko izan dira. «Dramatikoa izan zen zelako kezka zuten Jose Luis Mendilibar entrenatzailea joango ote zitzaien». Takashi Inui jokalari japoniarraren agurra grabatu ahal izan zuten.
Berde Produkzioetako (Jai Alai Blues, Amerikanuak) Gorka Bilbaok zuzendu du Williamsen inguruko dokumentala.
Datorren asteazkenean estreinatuko dute Six Dreams Amazon Videon. Txinan, Ipar Korean eta Sirian kenduta, plataforma mundu osoan dago zabalduta. AEBetako konpainia albiste da egunotan, banaketa zerbitzuetako Europako langileak beren eskubideen alde egiten ari diren grebarengatik.
Euskal futbolari buruzko bi dokumental, mundu osoan ikusgai
Eibarko presidente Amaia Gorostiza eta Iñaki Williams Athleticeko jokalaria dira protagonistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu