Olarizuko erromeriaren egunak ez du data zehatzik. Urtetik urtera aldatu egiten da, egutegiaren arabera. XIX. mendetik, Andre Maria egunaren ondorengo astelehenean, hau da, irailaren 8ko ondorengo astelehenean ospatzen dute Olarizuko Erromeria Eguna. Aurtengoa, etzi egingo dute, irailaren 9an, astelehenean. Euskal dantzak, herri kirolak eta gastronomia egitasmoak izango dira Olarizuko zelaietan.
Egun horrekin batera, nekazariek amaitutzat ematen dute baratzeko udako zikloa, eta bildutako uztagatik eskerrak emateko ere aprobetxatzen dute hainbatek. Badu zentzua ospakizuna Olarizuko zelaietan egiteak; izan ere, iraganean abeltzaintzarako erabiltzen zituzten zelai horiek guztiak.
Mendiaren izenak Olarizu Andre Mariaren omenez zegoen ermita bati egiten dio erreferentzia. 1465. urtean deskubritu zuten ermita hori, nahiz eta gaur egun ez dagoen. Ia 300 urte geroago, 1743an, La Dehesa etxea eraiki zuten, eta bertan artzain bat bizi zen; larrean bazkatzen zuen, eta Gasteizko harategiak hornitzen zituen. La dehesa etxea 1995. urtean berriztatu zuten, eta gaur egun Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren egoitza eta eraikin bioklimatiko bat da.
Ibilaldia, 09:00etan
Goizean goiz emango diete hasiera jaiari. Lubiano eta Uribarri Arratzua arteko mugarriak ikusteko urtero egiten duten ibilbidea egingo dute, 09:00etan. Hamar kilometroko ibilaldia izango da, eta Subilla, Zumelzu, Ariñez, Margarita, Mendoza eta Estarrona herriekin muga egiten duten 46 mugarriak ikusteko aukera eskainiko dute. Horren ostean, Olarizuko zelaian jarraituko du festak.
Ibilaldiaren ostean, jendeak erromeriako postuetako produktuak probatzeko aukera izango badu ere, 13:00etan egingo duten babarrun-jan herrikoirako lekua gorde beharko dute. Bertaratzen direnek, Arabako babarrun nabarra dastatzeko aukera izango dute. Ordu berean, suzirien jaurtiketa eta kanpai-iraulketa egingo dute, besteak beste. Tripa bete ostean, harrera egingo diete udalbatzako kideei, Udal Txistulari Bandak girotuta.
Arratsaldeari hasiera emateko, haur eta gazteentzako ekintzak izango dira, 17:00etan. Erraldoiak, buruhandiak, jolasak, musika eta dantzaldiak izango dira. Udal Folklore Akademiako Gaitari eta Trikitilari banda arituko da ekitaldia girotzen.
18:00etan herri kirolen txanda izango da, eta 18:15ean Arabako Dantzarien Biltzarrak euskal dantza emanaldi bat eskainiko du. Olarizuko zelaian eta iturrian izango dira ekitaldiak, hurrenez hurren.
Egunari amaiera emate aldera, erromeria Plaza Berrira itzuliko da 20:00etan, musika bandarekin, trikitilariekin eta txistulariekin batera, besteak beste. Bertan, egunari amaiera emango diote; erromeria eta zezensuzkoa izango dira.