Jon Eskisabel. Kazetaria

«Euskal diskoetxeek duten arazo nagusia ez da pirateria, Interneten ez egotea baizik»

Diskogintzaren etorkizunaz mintzatuko da Eskisabel 'badok.info'-ren arduraduna gaur Donostian. Euskal Herriko diskoetxe profesionalak oso atzeratuta daudela uste du, iraganeko negozio ereduari eutsi nahian.

Edu Lartzanguren.
2013ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Diskogintzaren egoeraren inguruan mintzatuko da gaur Jon Eskisabel kazetaria eta BERRIAk euskal kantagintzari eskainiriko badok.info gunearen arduraduna (Lasarte, 1969). Inpernuko Poza Trikitixaren XI. Jardunaldien barruan antolatu dute hitzaldia, gaur, 19:30ean, San Jeronimo kaleko sotoan, Donostian. Bihar, ordu eta leku berean, autoekoizpenaren inguruko mahai ingurua egingo dute Asier Zuluetak (Bidehuts), Anjel Valdesek (Elkar) eta Gaizka Insunzak (Audience), Gorka Erostarbe kazetariak gidatuta.

Nola aldatu da musikaren ekoizpena Euskal Herrian azken hamarkadan?

Nik bi diskoetxe mota bereizten ditut: enpresa egitura dutenak, hau da, Elkar, Gaztelupeko Hotsak, Gor edo Agorila, alde batetik. Eta, bestetik, diskoetxe alternatiboak: Bidehuts, Bonberenea, esaterako. Autoekoizpena egiten dute horiek, azken batean, talde bakoitzak dena ordaintzen du, eta berak egiten du lan guztia. Euskal Herriko diskogintzak 2000. urtetik hona izan dituen datuak aztertuta, joera argi ikusten da: diskoetxe tradizionalek pisua galdu dute, nabarmen. 2000. urtera aldera, argitaratzen zen guztiaren %46 inguru haiek plazaratzen zuten. 2011-2012an, %16-18 bakarrik. Kantitatean eta ehunekoan egin dute behera. Autoprodukzioan dabiltzanek, erdia inguru argitaratzen dute gaur. Oraintxe jakin dugu Esne Beltza taldeak bere diskoetxea sortu duela hurrengo diskoa argitaratzeko.

Ez al dute oraindik galbahe lana egiten diskoetxeek, ona eta erdipurdikoa bereizteko?

Diskoetxeek euren nortasuna debaluatu dute azken 10 urteotan. 1990ko hamarkadan sendotu, garatu eta profesionaldu zen euskal diskogintza. Orduan, diskoetxe bakoitzak bazuen nortasun bat, ildo bat, ideologia bat. Jendeak berehala identifikatzen zuen diskoetxea estetika batekin, gauzak egiteko modu batekin. Bazegoen hor asmo bat, esparru bat betetzeko asmoa eta koherentzia ba. Azken urteotan, ordea, lausotuz joan da disketxeen izaera hori. Horrek baditu ondorioak. Ez da ona diskoetxeentzat, sinesgarritasuna galdu dutelako. Zaleentzat ez dira erreferentzia, ez dira horren fidagarriak.

Beharrezkoa al da orain iragazki lana egitea? Nork egingo luke?

Lehen, ezinezkoa zen talde bat egunkarian edo telebistan ateratzea diskoetxerik ez bazuen. Orain, berriz, kazetariok asko aldatu dugu lan egiteko modua, eta posible da diskoa izan gabe ere ateratzea: udan ikusi dugu, Lou Topet taldearekin. Nire ustez, beharrezkoa da galbahe lana. Hori ez da soilik diskoetxeen zeregina. Komunikabide espezializatuen lana ere bada, eta kritikarena. Guk ez dugu aldizkari espezializatu askorik.

Euskal Herriko diskoetxeek Interneti dioten beldurra liburu argitaletxeek duten parekoa da?

Mesfidantzaz ikusten dute, arerio gisa. Oso atzeratuta gaude, sistema zaharrarekin ari dira oraindik. Euskal diskoetxeek duten arazoa ez da pirateria, baizik eta Interneten ez agertzea. Jendea Internet bidez ari da musika entzuten; irratia ere ordezkatu du, hein handi batean. Mundu osoan gertatzen denaren kontra, Euskal diskoetxeek ez dute ia musikarik entzuteko aukerarik euren guneetan, eta badago bateren bat kanta bat bera ere ez duena entzungai. Gaur, pentsaezina da horrela ibiltzea. Jendeak entzun nahi du musika. Erraztasunak eman behar dizkiete zaleei, zaleak gero baloratu egiten duelako hori, lotura afektibo bat sortzen duelako. Pausoa eman behar da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.