Euskal dantza modernoak

Urtero egiten du emanaldia Kresala dantza taldeak Donostiako Aste Nagusian. Ohiko euskal dantzetatik apur bat urrundu, eta koreografia landuak aurkeztu dituzte etxekoen aurrean. Lepo bete da Konstituzio plaza.

Kresala dantza taldeko dantzariak astearteko emanaldian, Konstituzio plazan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Donostiako Konstituzio plaza euskal folklorearen plaza da Aste Nagusian. Dantza emanaldiak, erromeriak, jotak eta antzerkia bilduko ditu aurten. Asteartean Kresala dantza taldearen txanda izan zen. Eneritz Ardanaz dantzariak esan duenez, «geurea sentitzen dugun emanaldia da». Inoiz, eguraldiagatik, bertan behera utzi behar izan dute saioa, baina aurtengoan ez zen beharrik izan.

Eskozian egon berri direla dio Ardanazek. Ikuskizuna itxiko duen dantza «Eskoziako dantza lehiaketa garrantzitsu batean» dantzatu zutela gehitu du.

Kresala dantza taldea Donostiako Parte Zaharrean jaio zen, eta urtero egiten dute emanaldia Aste Nagusian. Parte Zaharraren bihotzean dantzatzen dute: «Ekitaldi berezia izaten da, familiartekoak eta lagunak biltzen dituena», nabarmendu zuen Ardanazek, irribarrea ahoan. Emanaldiaren inguruan solasean, Sehaska ikuskizunaren zatitxo batzuk dantzatuko zituztela esan zuen Maider Arriola dantzariak.

Hainbat koreografia ditu Kresalak, eta asteartean Sokadantza eta Sehaska bildumetako zatiak taularatu zituzten, Faustino Aranzabal koreografoak azaldu zuenez. «Festa giroa islatzen» dute koreografiek, Aranzabalen hitzetan: «Auzoan eta auzokoentzat egiten dugun emanaldia da».

Ordua iritsi aurretik, beteta zeuden aulkiak, eta jendea aldamenetan pilatu zen, zutik. Askok izozki bat zuten esku artean, edo goxoki poltsak, banatzeko. Aurreko orduan entzuten ziren atzerriko hizkuntzak isiltzen joan ziren pixkanaka, eta euskara nabarmentzen hasi zen ikusleen artetik. Baita Donostiako festetako zapi urdina edo piraten beltza ere lepoetan. Guztiak prest zeuden ikuskizuna noiz hasiko.

Konstituzio plazako ordulariak 19:30eko kanpaikada eman zuen, eta minutu bat pasatu aurretik hasi zen emanaldia. Poema batek ireki zuen dantzaldia. Taularen alde banatan dantzari bana, igitai bat esku bakoitzean. Musika hasi zenean, zortzi neska dantzari batu ziren oholtzan, eta igitai dantza egin zuten. Halako batean, txorimaloz jantzitako beste sei gehitu zitzaizkien, eta zinta dantza egin zuten, Ameriketara joan nintzen abestiaren doinuarekin. Plazaren erdigunean bildu ziren ikusleez gain, balkoietara ere hasi zen ateratzen jendea. Batzuk aulki eta guzti, ikuskizunaz gozatzeko.

Bigarren zatiaz mutilak arduratu ziren. Bi talde balira bezala, batzuk gorriz jantzita eta besteak beltzez, pastoral dantza egin zuten, ezpatak eskuan. Borroka ere egin zuten dantzan ari ziren bitartean. Talde bakoitzak bi panpina zituen, zeinak dantza egiten zuten. Ezpatekin borrokan ari zirela utzi zuten oholtza.

Sagarren inguruan biratu zen hirugarren tartea. Eskutik, mutila sagarrondoa eskuan zuela aurretik, eta hamahiru neska atzetik. Gona berezia zeramaten horiek: gorria eta erdian zapi zuri batekin. Aldapeko abestia dantzatuz hasi ziren, publikoaren zati batek abesten zuen bitartean. Atalak aurrera egin ahala, gonako zapia kendu eta pareta bat sortu zuten, neska-mutil bikote bat agerian geratuz. Aurpegi alaiak zituzten une oro dantzariek, irribarrea ahoan, lehen dantzatik. Amaitu aurretik, sagar dantza egin zuten.

Kirolek bere tartea ere badutela erakutsiz, zesta puntako pilotari gisa agertu zen mutil talde bat. Saskiak eskuan, galtza zuriak soinean, gerriko berdea eta kamiseta gorri edo beltz marraduna jantzita. Mugimenduak jolasten baleude bezala egiten zituzten, eta egon zen gerrikoa galdu zuen dantzaririk. Amaitu aurretik, neska bat agertu zen, eta bere inguruan banakoa dantzatu zuten mutilek.

Azken txanpa

Ume barreak entzun ziren bozgorailutik ondoren. Sehaska dantza izan zitekeela aurreikusita agertu ziren dantzariak, zuriz jantzita eta aulki txiki banarekin. Une oro, umea besoetan balute bezala mugitzen ziren. Halako batean, neska gehiago igo ziren, eta ezkontzeko soinekoa nola jartzen zioten irudikatu zuten. Gurpildun aulki batean igota irten zen emaztegaia.

Jarraian igo ziren dantzariak gazteagoak ziren. Lehenak azeri buru bat zuen buru gainean eta ezpata esku artean, goratuta. Gertutik jarraitzen zioten gainerakoek. Azeri dantza zen. Kalejira doinuak dantzatu zituzten, eta ikusleak ere animatu ziren txaloekin erritmoa jarraitzera. Agertokitik jaistean ere txalo ugari jaso zituzten.

Dantza taldeko gaztetxoenen ordua izan zen jarraian. Lau neska eta lau mutilek dantzatu zuten, launaka. Neskak aurrean eta lehenengo, mutilak atzean gero. Dantza artean, posean geratzen ziren, geldi-geldi. Joan aurretik, jada txaloka ari zen publikoa. Xarma gehien izan zuen tartea izan zen, adinagatik beharbada.

Emanaldia bukatzear zela aurreratu zuen poema batek. Bikoteka igo, eta fandangoa dantzatu zuten. Bestela jantzita zihoazen beste bi agertu ziren, bat-batean. Guztiek batera dantzatu zuten arin-arina, eta hala bukatu zen emanaldia. Agertokia utzi aurretik, publikoa agurtu zuten. Hala, taldeka igo ziren. Publikoan bazen eserita besoak altxatzen zituenik, dantzariek ikus zezaten. Azken taldeak eragin zuen zalaparta gehien, dantzari gehienek osatzen zuenak. Merezita, ia bost minutu eskuak astintzen.

Ikusleen artean zegoen Rai Bueno, eta «jantziak oso zainduta» zeudela nabarmendu zuen ikuskizunaren amaieran. Dantzei dagokienez, «molde zaharretan berrituak» iruditu zitzaizkion. Gertu zegoen Koro Agiriano, dantzari ohia. Gaur egun iloba da dantzaria, eta mutilen taldea «berriro osatzen» ari direla esan du. Horrez gain, ohiko dantza emanaldiekin alderatuta «ekitaldi ezberdina» zela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.