L apurditik 1713 eta 1758 bitartean Cape Breton uharterat (Kanada) abiatutako euskaldunek ez dute den mendreneko interes arkeologikorik. Frantsesak ziren, eta kontent frantses izateaz. Ustezko hipotesi horiek kolera piztu zioten Ihintza Marguirault Arrosagarairi (Ziburu, Lapurdi, 1988). Horiek eta baita ere, itzulpengintza ikasi ondoren bi urtez lan bila ibili, eta erantzun ziotelarik diploma gehiegi zuela. Diploma soberakinek eragin zioten frustrazioa asertiboki errezibitu du bere baitan, eta erabaki du tesi batez ematea errefera: San Laurendi golkoan (Kanada) euskaldunek zer-nolako progresioa izan duten espazioan eta denboran. Deliberatu zuen artxiboetan murgiltzea erakusteko garai hartan Lapurdiko kostatik abiatzen ziren ontzietakoak ez zirela frantsesak, euskaldunak baizik.
Horiek hola, Marguiraultek sei urte luze iragan ditu Montrealgo Unibertsitatean (Kanada), hiru aldiz egona da Cape Breton irlan, mikmak doi bat ikasi du, eta hango artxibategian gatibatu du bere burua arrapostuek libratu arte.
Bilaketa lan kolosalaren berri emateko gomita jaso du, Danimarkarat, NACS (Kanadar Ikerketen Iparraldeko Elkartea) nazioarteko kolokioaren 13. aldiaren karietara, heldu den agorrilaren 10etik 12ra.
Argitu du tesia ez duela bere buruarendako egiten, baizik eta Euskal Herriarendako: «Arbasoekiko zorra dudalako egiten dut, dena lapurtua izan baitzaie: historiatik arrunt ezabatuak izan baitira, nahiz eta sekulako aurkikuntzak egin dituzten». Balea gantza ontzian bertan nola urtu asmatu zuen Sopite kapitainak, hori frantsesek aldarrikatzen duten aurkikuntza dela eman du adibide gisa. «Euskal Herriari ekartzen diodan harri ttipia da lan hau. Desagerrarazi zituzten arbaso haiei, manera batez, berriz bizitzeko eskubidea emateko».
45 urteko aldi hartaz edirendakotik atera du konklusioa: «Euskalduna ez zen frantsesa, ez zen haiekin bizi, Louisbourg hiriburuan salbu, salerosketan zebiltzan burges guziak nahasten baitziren». Alta, Marguiraultek ez du batere tirriarik goi mailako kasta horretaz, nahiago baitu «jende ttikia» ikertu, «eguneroko bizia sortzen duen hori». Hala, hiriburutik kanpo bizi ziren euskaldun gehiengo hori izan du ikerketa gaia: «Gehienak ez ziren frantsesak. Beren legeak egiten zituzten, elkarren artean konpontzen ziren, aski autonomikoki. Frantses legedipean baziren ere, euskaldunak ziren nortasunez, hizkuntzaz eta izatez. Frantsesek ere ez zituzten frantses gisa ikusten, argi eta garbi».
Baieztapenak ez dituzte usteek eraiki, ikerketa zientifiko luzeak baizik: «Artxiboetan euskaldunak ez dituzte behin ere frantsesak deitzen, basque de nation, de la nation des basques, venant de Basquerie. Garai hartan gaur egun baino gehiago existitzen ziren euskaldun gisa, eta abertzaleagoak ziren orain baino».
Mana zalea, jainko
Alta, gaiaren hautaketan bertan Brad Loewen tesi zuzendariak ez zuen uste Marguiraultek deus interesgarririk atzemanen zuenik Cape Bretongo artxibategian 1713 eta 1758 bitarteko garaiaz, hots, irla Frantziaren menpe zenekoaz. Baina, usteak erdi ustel, arratsalde bakarrean jadanik sei euskal izen ediren zituen. Irriz oroitu du paper haietan atzeman zuen lehenetariko euskaldunaz: «Fagoaga andereak besteak baino ozenago oihu egin zuen hildako baten galtzerdiak lortzeko!».
Utrechteko Itunetik landa, Frantziak Ternua galdu zuen, ingelesek berreskuratu baitzuten; ondorioz, Cape Bretonen kontzentratu zituen bere arrantzak 45 urtez, hor baitzen arrantza gune hoberena Ternuaren ondotik. Eta Lapurditik abiatu txalupak Frantziaren menpekoak zirenez geroztik, haiek ere tokiz aldatu behar izan zuten beren betiko arrantza gunea: «Euskaldunak ez ziren batere kontent handik joan behar izateaz; artxiboetan ikusi dut hori. Erraten zuten hori frantsesen arazoa zela, ez beraiena; baina aukerarik ez zuten izan. Horregatik, euskaldunak ez ziren batere kontent frantses izateaz. Betidanik Ternuara zihoazela zioten, bakailaoaren arrantza gune hoberenak han baitzeuden. Balea ez, bakailaoa baitzen arrantza nagusia». 1758ko gerlan, Frantziak berriz galdu zuen Ingalaterraren kontra, aldi hartan Cape Bretonen arrantzatzeko eskubidea ere galdu zuten euskaldunek.
Sua etxeko hautsez itzal
Euskaldunen artekotasuna islatu diote artxiboek. Jakin behar dena da garai hartan Cape Bretongo bigarren populua zela euskaldunena, frantsesen ondotik. Adibide hau ekarri du gogorat Marguiraultek: euskalduna zen emaztea zafratzen zuen Migdalen izeneko bat harrapatu zuten bertze euskaldunek, plazaren erdian sokaz estekatu eta zanpaldi bat eman zioten.
Ondotik, Louisbourgerat igorri zuten postaz, ohar batekin: han atxiki zezatela. Bizirik jalgi zen hartatik, eta hiriburuan kexaka hasi zen nazio kideek eman zioten zafraldiaz, baina isiltzeko manua zen ukan zuen arrapostua.
«Iruditzen zait bazela isilpeko itun bat frantsesen eta euskaldunen artean: frantsesak agintean baziren ere, bakearen izenean, ez zirela euskaldunen istorioetan sartzen». Akort eta aparte.
Bertze gertakari bat gogora ekarri du: hiru euskal ontziren dokumentazioa egiaztatzera joan zitzaizkien frantsesak. Bik bazuten; hirugarrenak, alta, ez.
Euskal tripulazioa ontzitik at zegoen, kapitaina eta mutila izan ezik. Kapitaina kexatu zen, eta preso sartu zuten. Marinelak itzultzean, irriz lehertu ziren erranez ez zutela kapitainaren beharrik eta atxiki zezatela.
Giroa berotu ahala, euskaldunak kexatu eta frantsesak ihesi abiatu ziren. Bertze bi ontzietako euskaldunekin batera, frantsesak harrapatu zituzten eta kapitaina libratu. Negoziatzaile batzuei esker, utzi zituzten libre.
Marguiraultek leitu ditu frantsesek beraien erregeari igorritako gutunak: gertakari hartaz pleini, baina, gainera, euskaldunek mikmakei erran zieten frantsesen arnorik ez gehiago erosteko, pozoia baitzen.
Marguirault dago ez ote zuen euskara jakiteak mailaz goratzen laguntzen, bigarren lengoaia baitzen islan.
Artxiboetan agertu zaion epaiketa du gogoan: euskaldun batek bertze hiru erail eta bi zauritu zituen. Epaiketa osoa euskaraz izan zen, eta Jean Labordek erran zuen itzulpenak gaizki eginak izan zirela, dena berregin behar zela. Prokuradore hori itzultzaile eta idazkari gisa ailegatu zen irlarat.
Artxibategiko «kartatxoak» izan ditu ikertzaileak makulu. Louisbourgeko gotorlekua berreraikitzeko artxiboen beharra izan zuten, eta, ikertzaileak igorri zituzten Kanadarat, Ingalaterrarat eta Frantziarat. «Kartatxo horiek dira artxibo horietan ibili zirenek bildu zuten Louisbourgi lotutako informazio guzia, trinkotua eta laburtua», azaldu du Marguiraultek.
Euskaldunak bezalaxe, Cape Bretonen ere bazen populu kolonizaturik: mikmakak. Justin Harriet komikian (Erein, 2015) Francisco Fructuoso eta Gregorio Muro Harriet-ek ezinago argikiago erakutsi dute euskaldunek eta mikmakek nolako harremanak izan zituzten. Tesiak harrapatzen duen garaia baino mende bat lehenago kokatua bada ere, Marguiraultek aitortu dio egiazkotasuna bi populuen arteko harremanari dagokionez: «Komikia fidela zaio historiari, badakigu euskaldunek ukan zituztela harremanak talde autoktono ezberdinekin, eta kasik denekin onak. Inuitekin salbu: ertainak, baina haiekin kasik nehork ez zuen harreman onik. Euskaldunak bakarrak izan dira errespetuzkoak ukaitea». Herria utzi eta lurraren bertze muturreraino joatearen helburua arrantza zen, eta arrantza zen ere autoktonoekin zuten harremanen funtsa. «Euskaldunek izan zituzten harreman komertzial sendoenak mikmak populuarekin izan ziren, pidgina sortzeraino. Badira hitz batzuk mikmak hizkuntzan euskaratik heldu direnak: adibidez, elegewit, errege. Balitzateke ikerketa interesgarria egiteko: euskarak ba ote duenez mikmaketik datorren hitzik».
Euskaldunek mikmakei ematen zizkieten kobrea, txalupak, sagarnoa, bixkotxak, armak... Eta mikmakek trukean hartzen zizkieten larruak eta perlak. Marguiraultek oroitarazi du: «Euskaldunak biziki onak ziren txalupagintzan. Hara joan, eta ur pean uzten zituzten ondoko sasoirako. Baina mikmakak uretik atera, eta erabiltzen hasi ziren. Tratu bat egin zuten, beraz, haiei erakatsiz nola eraiki. Bi populu kolonizaturen arteko tratua zen azken batean. Bazen elkarlan bat, elkarrekin ari ziren lanean, ez bakarrik arrantzan, baizik eta geroko lanetan ere, arrainak husten eta». Harremanaren sakonak eramanarazi zituen mikmakak Euskal Herrirat, behin baino gehiagotan gainera; Messamouet mikmaken buruzagia Baionako M. de Grandmont gobernadorearen etxeko ohorezko gomita izan baitzen hilabete batez bederen, 1580ko hamarkada hasieran. Marguiraultek erantsi du Peter Bakker linguista handiak aipatu izan duela badela zurrumurru bat zeinak baitio bi ontzi oso bete mikmak jin zirela Zibururat bizpahiru hilabete pasatzera.
Euskal arrantzaleen arantza
Frantziaren menpe zen bitartean Kanadako Cape Breton uharterat joandako euskaldunak ikertu ditu Ihintza Marguiraultek. Konklusioa: euskaldunak sentitzen ziren, bertzeek ere hala ikusten zituzten eta harreman onak zituzten autoktonoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu