Ez da lehen aldia Jose Antonio Azpiazu (Legazpi, Gipuzkoa, 1944) historialariak euskaldunen inguruko liburu bat argitaratzen duena. Hielos y oceanos. Vascos por el mundo (Izotza eta ozeanoak. Euskaldunak munduan zehar) izena du haren azken argitalpenak, «euskaldunak askotan inor sartzera ausartzen ez zen lekuetan sartzen zirelako». Horregatik izotza eta ozeanoaren aipamena. Euskaldunek itsasoarekin izan duten harremana landu du azken lanean; haren ustez, hortik iritsi delako aberastasuna.
Euskaldunek itsasoarekin lotura estua izan dute historikoki. Zenbateraino?
Oso lotuta egon gara, baina ez horrela nahi izan dugulako, hemengo baldintzek horretara baldintzatu gaituztelako baizik. Lur txiroa, gari gutxikoa, eta ardo ekoizpen eskasa. Horren ordez, burdina, basoa eta lana eduki dugu. Baliabide horiekin, itsaso aldera begiratzeko aukera eduki dute euskaldunek. Horretan datza gure historia, funtsean.
Eskerrak itsasoa gertu dagoen, ala?
Bai, itsasorik ez balego... Existituko ginateke, baina beste historia bat kontatu beharko genuke.
Herri txiroagoa izango zen, eta itsasoan hainbesteko eragina izango ez zuena...
Hemengo aberastasuna itsasotik etorri da, baina guk itsasoari ere zerbait eman diogu. Hemengo burdinarekin, armagintza eta merkataritzarekin, batetik. Baina garraioan ere oso garrantzitsuak izan ginen urteetan. Egia da XVIII. mendean ingelesen menpe zegoela itsasoko boterea, baina XV. eta XVI. mendeetan euskaldunak lehen mailako itsasgizonak izan ziren. Denek zeukaten euren flota eta armada.
Entzutetsuak izan ziren, besteak beste, Juan Sebastian Elkano, Andres Urdaneta edo Migel Lopez Legazpi itsasgizonak. Zer esaten dizute izen horiek?
Kasualitatea izango da, baina Urdaneta eta Legazpi lehorreko itsasgizonak izan ziren. Baina, era berean,ez da kasualitatea itsasoan hain garrantzitsuak izan ziren pertsonak barnealdekoak izatea. Pentsatzen dugu kostaldekoak itsasoarekin lotuta daudela, eta barnealdekoak ez. Baina barnealdeko euskaldunak itsasora begira bizi ziren. Euren burdina kanpora eramateko, edo bestelako lehengaiak saltzeko. Horregatik diot ez dela kasualitatea barnealdekoek ere itsasoarekin lotura hori izatea.
Zein garrantzi eman die historiak itsasgizon horiei?
Elkano eta Urdaneta izen batzuk besterik ez dira, baina historiak ez die eman beharko luketen garrantzirik. Herbehereetakoak edo ingelesak izan balira, sekulako heroiak izango ziren, ez egin zalantzarik. Hemen, itsasoan sekulako eragina eduki dugu, baina, estatuaren erruz, izen horiek baztertu egin ditugu. Ingalaterran badaude horiek baino garrantzi txikiagoko izenak, baina heroiak dira.
Zergatik izan daiteke hori?
Espainiako historia espainiarrek idatzi dutelako, edo, beste kasuren batean, baita ingeles edo iparramerikarrek ere. Ez dugu gure historia propiorik izan, eta horregatik aldarrikatu beharko genuke euskaldunek gure historia izatea. Batzuetan, estatuarekin batera egin dugu historia; baina, beste batzuetan, aparte ere joan gara.
Esaterako?
Ternua eta Islandiaren kasuak hor daude. Zergatik joaten ziren hara, eta ez Hego Amerikara? Erraztasun gehiago zegoen Hego Amerikara joanez gero. Zergatik zihoazen orduan? Nolabait esateko, askatasun horri eustearren. Aske sentitzen ziren han, eta eurek kontrolatzen zuten hango testuingurua. Espainiak, bien bitartean, Hego Amerikatik urrea ekartzen zuen, eta euskaldunak Ternuara joaten ziren. Hor ere negozioa bazegoelako. Baina urre hori bukatu egin zen.
Tira, baleak ere bukatu egin ziren.
Bai, baina Ternuako baleak amaitu zirenean, euskaldunak Europa iparraldera joan ziren, eta XVIII. mendean oraindik balea bila ibiltzen ziren inguru haietan. Euskaldunak beti jo du bere arrantza modua eustera, eta ez du erregearen menpekoa izan nahi. Ameriketara joanez gero, hango kapitain eta aristokraten menpe egon beharko baitzuten, eta horregatik joaten ziren balea bila, han euren askatasuna zeukatelako.
Garai horietan ere independentistak zirela esan daiteke?
Bai, oso. Begira zer gertatzen zen: Ternuara joateko dirua biltzeko garaian, barnealdeko jendeak ere jartzen zuen dirua kanpainahorietarako. Eta hori guztia ez da kontatu historia liburuetan. Dena esanda dagoela diote askok, baina hori gezurra da, oraindik asko daukagu esateko. Eta, alde horretatik, gure ahots propioa bilatu behar dugu.
ATZEKOZ AURRERA. Jose Antonio Azpiazu. Historialaria
«Euskal arrantzaleak askatasun bila joaten ziren Ternuara»
Euskaldunek itsasoarekin izan duten harremanari buruzko liburua idatzi du Azpiazuk. Hark dioenez, nahiago zuten Ternuara balea bila joan Hego Amerikan kapitain espainiarren menpe egon baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu