CIESek urteko lehen neurketaren datuak eman ditu, eta, horren arabera, Euskadi Irratiak 145.000 entzule ditu Hego Euskal Herrian,astelehenetik ostiralera. Hori da euskarazko irrati publikoak inoiz lortu duen bigarren daturik onena —markarik onena 2015ean eskuratu zuen: 149.000 entzule—. «Poztekoa da, eta goranzko joera baieztatu egiten da», esan du Urko Aristik, EITBko irratietako zuzendariordeak. Euskadi Irratiak 26.000 entzule irabazi ditu, 2017ko maiatzeko neurketarekin alderatuta.
Datu ona lortu du Gazteak ere: 113.000 entzule. Modu horretan, musika irratien artean liderra da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beste irrati formulen artean «pastela gehiago ari dira banatzen azkenaldian», eta, hala, Gazteak errazago bereganatu du lidergoa, Aristiren arabera. Dena den, iaz sasoi berean baino 11.000 entzule gutxiago izan ditu orain Gazteak.
Radio Euskadik 198.000 entzule ditu astelehenetik ostiralera. Horrenbestez, 35.000 entzule irabazi ditu iazko garai bereko neurketarekin alderatuz. Radio Vitoriak iazko datu bera errepikatu du: 23.000 entzule astelehenetik ostiralera.
EITB Musika irratiak, bestalde, 36.000 entzule izan ditu, iaz baino lau mila gutxiago —aurreko urtekoa inoizko onena izan zen musika irratiarentzat—.
Telebistei dagokienez, ETBk 789.000 ikus-entzule ditu, CIESen neurketaren arabera. EITBk nabarmendu du ETB2 gailendu dela gainontzeko kateak baino ikusle gehiago dituen kate gisa.
Irratien batuketa
EITB taldeko irrati guztiak aintzat hartuta —Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea, Radio Vitoria eta EITB Musika— 515.000 entzule dituzte astegunetan Hego Euskal Herrian. «500.000 entzuleren langa gainditzea garrantzitsua da guretzat», adierazi du Aristik. «Horrez gain, astelehenetik igandera arteko datuetan, orain arteko daturik handiena bereganatu dugu: 488.000 entzule».
Batuketa horrek gorakada bat erakusten du CIESen eta EGMren azkeneko neurketak begiratuz gero; iaz, sasoi berean, CIESek 469.000 entzule eman zizkien EITBko irratiei. Txikiagoa izan zen EGMk apirilaren 18an emandako datua: 402.000 entzule. Aristik orduko hartan esan zuen 400.000 entzule inguruko datua «nahiko erreferentziazkoa» izaten dela, baina CIESen azkeneko datuak hortik nabarmen gora jo du. Aristiren arabera, CIESen datuak fidagarriagoak izaten dira EGMrenak baino, Estudio General de Mediosek lagin oso txikia erabiltzen baitu.
Euskadi Irratiak inoizko datu onenetan bigarrena lortu du: 145.000 entzule
CIESen neurketaren arabera, Gaztea liderra da musika irratien artean: 113.000 entzule ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu