Euskadi Irratiak eskarmentuko hainbat ahots galduko ditu

Arantxa Kaltzada, Aitor Elduaien, Onintza Segurola, Ainara Ortiz eta Edurne Ayuso esatariak kaleratuko dituzte, besteak beste; Radio Euskadiko Iñaki Espiga ere kaleratuen zerrendan da.

Onintza Segurola eta Arantxa Kaltzada Euskadi Irratiko esatariak izango dira kaleratuko dituztenetako bi. EITB-JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko martxoaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zerrenda, 61ekoa. EITBko irratietako 61 langile kaleratuko dituzte udaberri honetan. Eta horietatik 31k ez dute kalte-ordainik jasoko —beste 30ak erregulazio txostenean sartuko dituzte—. Fermin Etxegoien eta Itziar Alduntzin esatariei joan den astean jakinarazi zien zuzendaritzak erabakia. Beste esatari eskarmentudun batzuk ere galduko ditu laster Euskadi Irratiak: Aitor Elduaien, Arantxa Kaltzada, Onintza Segurola, Ainara Ortiz eta Edurne Ayuso, besteak beste.

Urte asko dira Elduaienek bidaiarien eta bidaien inguruko Bidaldi saioa egiten duela. Segurolak, berriz, nekazaritzari eta ingurumenari eskainitako programa egiten du larunbat goizetan: Landaberri. Kaltzada 2004tik dagoEuskadi Irratian, eta 2009tik 2013ra programazio burua izan zen. Ayuso Hiri gorrian saioan dabil, eta Ortiz, Faktoria-n.

Radio Euskadin Roge Blasco izan da kaleratuko dituztenen zerrendatik jakinarazi duten izen bakarra. Are gehiago, Blascok EITBn jarrai dezan eta Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak erregulazio txostena geldi dezan eskatzeko sinadura bilketa bat hasi dute Interneten. Egun gutxiren buruan, 1.300 sinadura baino gehiago bildu dituzte. «Rogeri esker, urte hauetan guztietan mundu desberdinak imajinatu, ikasi eta ikusi ditugu. Haren saioan bizi izandako istorioek, irakasteaz eta amets egiten laguntzeaz gain, beste mundu eta kulturak maitatzeko begiak zabaltzen erakutsi digute», diote kanpainaren sustatzaileek.

Radio Euskadiko beste esatari beterano bat sartu dute kaleratuko dituztenen zerrendan: Iñaki Espiga. No hagan olas irratsaioa aurkezten du.

Gaur, bilera eta protesta

Bilera epean dira EITBko zuzendaritza eta sindikatuak. Duela aste bat egin zuten aurrenekoa, eta 30 eguneko epean gehiago egingo dituzte. Gaur egingo dute bigarrena, Bilbon; aurretik, 09:30ean, elkarretaratzea egingo dute egoitzaren aurrean, ELAk, ESK-k eta CCOOk deituta. Gaur bertan EITBko administrazio kontseiluko bilera egingo dute —erregulazio txostena erretiratzeko eskatzen zuten bozketetan ez zen gehiengorik atera otsailean—.

Bileren ostean, zuzendaritzak hamabost eguneko epea izango du erregulazio txostenaz erabakitzeko. Aurrera eginez gero, maiatzeko lehen egunekin batera hasiko lirateke kaleratzeak.

Zuzendaritzak, bestalde, langileei adierazi die beren borondatez sar daitezkeela erregulazio txostenean. Hain justu, erregulazio txostenean daudenak izango dira kalte-ordaina jasoko dutenak.

EITBko zuzendaritzako iturriek adierazi dute EITBko administrazio kontseiluak gehiengoz bi erabaki onartu zituela iazko apirilean: 49 lanpostu lan deialdi publiko baten bidez betetzea eta 30 lanpostu amortizatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.