Euskadi Irratiari 142.000 entzule eman dizkio CIES Centro de Investigación y Estudios Sociales zentroaren urteko azkeneko neurketak. Iazko datuekin alderatuta, 9.000 entzule irabazi ditu euskarazko irrati publikoak. Gazteak ere datu oso onak izan ditu: 123.000 entzule astelehenetik ostiralera, eta liderra da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako musika irrati formulen artean.
EITBko irrati guztiak aintzat hartuta, 525.000 entzule dituzte Hego Euskal Herrian, iaz sasoi berean baino 52.000 gehiago. Datu hori esanguratsutzat jo du Urko Aristik, EITBko irratietako zuzendariordeak: «Datuak argi uzten du marka sendoa dugula. Ikasturte hasiera honetan, gainera, kontu pertsonalak tarteko, gorabehera handi samarrak izan ditugu, batez ere Radio Euskadin». Gaztelaniazko irratiari 202.000 entzule eman dizkio CIESek, iaz baino 32.000 gehiago. «Komunikatzaile titularrak egon gabe ere, ordezko taldeak aritu direnean entzule kopuruari eutsi zaio, eta hori aitortu behar zaio lantaldeari», gaineratu du Aristik.
EITBko irratietan goranzko joera nabari da azken hilabeteetan. «Gure etxeko audientzia adituak dioenez, goranzko joera programazio guztian igartzen da, ordu tarte jakin batean baino gehiago. Hori bada seinale jendea leiala zaiola markari berari, irratsaio bati edo besteari baino gehiago».
Apustuekin «pozik»
EITBko irratietako zuzendariordeak, era berean, nabarmendu du ikasturte hasieran «apustu argi bat» egin dutela: «Gure gai propioak gure ikuspuntutik lantzeko apustua. Bertako gaiei toki gehiago eman eta kanpokoak ere bertako ikuspuntutik lantzekoa. Eta, datuei kasu eginda, badirudi asmatu egin dugula». Kalean egoteko saiakera handiagoa egiten ari dira Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.
Gazteak irrati formulen artean lidergoa berreskuratu izana ere oso garrantzitsua dela uste du EITBko irratietako ordezkariak: «Batzuetan, badut susmoa ez diogula behar bezainbesteko garrantzirik ematen gazteek entzuten duten irratien artean liderra izateak esan nahi duenari». Aurreko neurketetan, gaztelaniazko irrati formula bat izan da liderra, baina Gaztea nagusitu da urte bukaeran. «Hor ibiltzen da balantza, batzuetan batera eta besteetan bestera, baina oraingoan nabarmen egin du balantzak euskarazkoaren alde».
Radio Vitoria da EITBko irratien artean beherantz egin duen bakarra: 25.000 entzuletik 23.000ra jaitsi da. EITB Musikak 35.000 entzule ditu, iaz bezala.
Telebistari dagokionez, ETBko lau kateek 772.000 ikus-entzule dituzte, iaz neurketa berean baino 148.000 gehiago.
Euskadi Irratiak 142.000 entzule ditu, CIESen neurketaren arabera
EITBko irrati guztien artean 525.000 entzule dituzte, iaz neurketa berean baino 52.000 gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu