EITB taldeko euskarazko irratiek datu onak lortu dituzte, CIESen 2011ko aurreneko neurketaren arabera. Euskadi Irratiak astegunetan 102.000 entzule ditu, aurreko neurketan baino bost mila gehiago. Gazteak ere gora egin du, nabarmen: 16.000 entzule irabazi ostean, 139.000 entzule ditu orain astegunetan. Horrenbestez, EITBko euskarazko irratiek entzule gehiago dituzte taldeko gaztelaniazkoek baino.
CIESek datu hobeak eman dizkie euskarazko bi irrati publikoei EGMk baino. Apirilean EGMk argitara eman zuen azterketaren arabera, Euskadi Irratiak 86.000 entzule zituen, eta Gazteak, 98.000. Hala, CIESek 16.000 gehiago ematen dizkio aurrenekoari eta 41.000 gehiago bigarrenari.
Euskadi Irratiak azkeneko urteetan gutxitan gainditu du 100.000 entzuleen langa. Ondorioz datu positibotzat jo dute EITBko arduradunek atzo CIESek emandakoa.
'Boulevard' lider goizetan
Radio Euskadik 185.000 entzule ditu astegunetan, CIESen arabera (EGMk, apirilean, 151.000 eman zizkion). Gaztelaniazko irratian nabarmentzekoa da Boulevard Dani Alvarez esatariak gidatzen duen saioak lortutako datua: 137.000 entzule egunero. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan liderra da Boulevard bere ordutegian, alde handiarekin.
EITB irratiak 25.000 entzule ditu egunero, eta Radio Vitoriak, 33.000 jarraitzaile; EGMren apirileko neurketaren arabera, EITB irratiak 20.000 entzule zituen, eta Radio Vitoriak, 21.000.
EITBko irrati eta telebistak osotasunean hartuta, Hego Euskal Herrian 1.045.000 lagunek entzuten edo ikusten dituzte talde horretako komunikabideak. EITBko irratiek, orotara, 485.000 entzule dituzte.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan SER katea da entzule gehien duen irratia: 240.000. EGMk apirilean 281.000 entzule eman zizkion. Horrenbestez, CIESek atzo baino 41.000 gehiago. SER eta Radio Euskadiren artean dago lehia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liderra izateko. Azken neurketa gehienetan SER da buru, baina EGMren abenduko neurketan aurrea hartu zion Radio Euskadik.
Irrati formuletan Los 40 Principales da liderra, 155.000 entzulerekin. Baina Gaztearekin duen aldea ez da oso handia; 16.000 entzulekoa, hain zuzen ere. Bi horietatik urrunago gelditzen daCadena 100.
Prisa taldeko irrati guztien artean (SER, Los 40 Principales, Cadena Dial, M80 Radio eta Maxima FM), 445.000 entzule dituzte euskal autonomia erkidegoan.
CIESen neurketetan indartsu agertu den beste irrati bat Onda Vasca izan da. Astegunetan 98.000 entzule ditu Noticias taldeko gaztelaniazko irratiak, abenduko neurketan baino 10.000 gehiago. EGMk, 2011ko apirileko azterketan, 70.000 entzule eman zizkion. Denbora gutxian lortu du Onda Vascak kopuru horietara iristea. 2009ko udazkenean jarri zuten martxan irratia, Xabier Lapitzek goizak gidatuz.
Komunikazioa
Euskadi Irratiak 102.000 entzule ditu astegunetan, CIESen arabera
SER katea da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan entzule gehien duen irratia: 240.000 astegunetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu