Eurovisionek segurtasun neurriak eskatu dizkie parte hartzaileei

Lehia Israelen egiteak sortutako kexuekin kezkaturik dago Europako Irrati-Telebista Batasuna

Protestari bat, Frantziak Eurovision-era bidaliko duen ordezkaritza aurkezteko jaialdian, urtarrilaren 19an. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Europako Irrati-Telebistako Batasunak (EBU) gutuna bidali die Eurovision lehiaketan parte hartuko duten herrialde guztietako ordezkaritzei, Israelgo Channel 2 telebista kateak zabaldu duenez. Eskutitzean, parte hartzaileei hainbat segurtasun neurri hartzeko eskatzen die lehiaketa antolatzen duen erakundeak. Aurten Israelen egitekoa da Eurovision lehiaketa, eta EBUk lehen ere kezka adierazi du horrek sortu dituen erreakzio eta boikot deien inguruan. Azken protesta duela bi aste gertatu zen, Frantziako ordezkaritza aurkeztu zutenean, eta horrek areagotu egin du antolatzaileen ardura.

«Eurovision 2019 Israelen ez» mezua zeramaten afixekin sartu ziren protestariak Frantziako ordezkaritza aurkezteko jaialdiaren agertokira, urtarrilaren 19an. Segurtasun zaindariek berehala kanporatu zituzten, baina berandu zen: mundu osoan ikusi zen ekintza, gala zuzenean eman baitzuten telebistan.

Maiatzaren 14an hastekoa da Eurovisionen 64. lehiaketa, Tel Aviven. Lehen finalerdia egun horretan bertan egingo dute; bigarrena, bi egun geroago, eta finala, berriz, maiatzaren 18an, larunbatarekin. Iaz Lisboan Netta abeslari israeldarrak irabazi zuelako egingo dute aurten Israelen lehiaketa.

Europako eta Mediterraneoko hainbat herritako irrati-telebista publikoak biltzen ditu EBUk, eta Suitzan du egoitza nagusia.

Artisten gutuna

Irailaren 7an, jaialdiari boikot egiteko eskatu zuten dozenaka musikari, aktore eta idazlek, Londresko The Guardian egunkarianargitaraturiko gutun baten bidez. «Palestinarrek askatasuna, justizia eta eskubide berak eduki arte, ezin da normaltasunez aritu oinarrizko eskubideak ukatzen dizkien estatu batekin», idatzi zuten. Gogoratu zutenez, Israelek iazko maiatzaren 14an Eurovision lehiaketa irabazi eta egun gutxira, hango armadak «62 zibil desarmatu hil zituen, haurrak tartean, eta ehunka zauritu». Israelgo ekitaldia bertan behera uzteko eta jaialdia «giza eskubideak hobeto errespetatzen dituen beste herrialde batera» eramateko eskatu zioten EBUri. «Injustiziak banandu egiten du jendea; haatik, duintasunaren eta giza eskubideen errespetuak batu egiten du». Sinatzaileen artean daude Roger Waters musikaria (Pink Floyd), Aki Kaurismaki zinemagilea; Mary Black eta Christy Moore abeslariak; Antonio Pedro Vasconcelos eta Ken Loach zinemagileak; eta Brian Eno, Fermin Muguruza eta Lluis Llach musikariak. Israelgo sei artistak ere bat egin dute eskaerarekin: Eyal Sivan zinemagileak; Michal Sapir musikari eta idazleak; David Opp artistak; eta Ohal Grietzer, Yonatan Shapira eta Danielle Ravitzki musikariek.

«Ez dugu nahi inork Eurovision erabiltzea asmo politikoetarako plataforma gisa», esan zuen azaroan Jon Ola Sand Eurovisioneko ekoizle exekutiboak. «Ezin dut ezer egin jendeak Israelez duen irudiaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.