Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika!». Bi urtean behin entzuten da aldarrikapen hori Euskal Herriko kaleetan zehar, eta herritarrek barneratuta daukaten zerbait dela ere esan daiteke. Baina euskaraz bakarrik ez, katalanez, galizieraz, galesez, bretoieraz, okzitanieraz, gaelikoz edo alsazieraz ere errepikatzen dira oihu horiek. Edo antzekoak. Denak ere lekuan lekuko hizkuntzetan, eta denak ere hizkuntza gutxitu horien geroa aldarrikatzeko asmotan. Europan zehar beste hainbat Korrika ere egiten direlako. Maiatzaren 4an abiatu zen horietako azkena, Bretainian, eta joan den larunbatean amaitu zen Redadeg lasterketa.
Hamar urte badira, gainera, bretoieraren aldeko lasterketa hori egiten hasi zirela, eta, urteurrena aprobetxatuta, Europan hizkuntza gutxituen alde egiten diren beste lasterketekin mintegi bat antolatu zuten. Kemperren (Bretainia) biltzekoak ziren bederatzi lasterketetako kideak, baina azkenean zazpi batu ziren, eta denen artean itun bat sinatu zuten. Horrela sortu da Eurokorrika sarea. «Asmo oneko itun bat da», azaldu du Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak. «Sinergiak batzeko elkartu gara, eta horren arabera ikusiko dugu zein izan behar diren hizkuntza gutxituen aldarrikapenak, eta nondik bideratu behar ditugun; baina esparrukomunak bilatu beharko ditugu, Europako Parlamentua edo beste erakundeetara jo nahi dugu hizkuntza gutxituek onarpena izan dezaten Europako lurraldeetan».
Horretarako, zazpi lasterketek sinatu duten itunean hainbat adierazpeni egin zioten erreferentzia: Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, Europako Kontseiluko Giza Eskubideak eta Oinarrizko Eskubideak Babesteko Hitzarmena, eta Donostia 2016ren harira sinatu zuten protokoloa, besteak beste. «Azkenean hizkuntza gutxituetan bizi garenok elkartzea da asmoa, eta askorentzat gure Korrika eredu izan baldin bada, beste hizkuntza batzuentzat ere izan dadila nahiko genuke». Alegia, egitasmo berriak martxan jartzeko bidea ere erraztuko luke Eurokorrika sareak. Itunean Euskal Herria, Katalunia, Biarno, Bretainia, Gales, Irlanda eta Alsaziako korriken antolatzaileek hartu dute parte.
Euskal Herrian egin zen lehen aldiz hizkuntza baten aldeko aurreneko lasterketa: Korrika. Horien atzetik beste hainbat iritsi dira Europa osoan: Aran ibarrean araneraren aldeko Corsa per la lengua; Herrialde Katalanetan, Correllengua; Galizian, Correlingua; Galesen, Ras yr laith; Irlandan, gaelikoaren aldeko Rith; Bretainian, Redadeg; eta Biarnon okzitanieraren aldeko La Passem aurten lehenengo aldiz egin dute.
Eredu parte-hartzailea
Hizkuntza gutxituen aldeko lasterketen eredu propioa dute. «Uste dut eredu dinamiko bat dela, eredu parte-hartzaile bat azken finean; ez da jaia eta aldarrikapena bakarrik, herriz-herri lantzen da, eta horrek jende askoren lana eskatzen du», esan du Amondok. Hain zuzen ere, herriz herriko lanketa delako eta poza eta ilusio handia sortzen dutelako lasterketa hauek: «Ilusiotik hori piztu behar dugu, erakustea euskara edo beste hizkuntza gutxitu bat hitz egitea altxor bat dela, eta altxor horiek mantendu egin behar ditugula».
Redadeg lasterketa amaitu zen, eta Korrikako arduraduna AEKko kideekin batera bertan izan zen euren babesa eskaintzen lasterketari. Euskal Herriari begiratuta, gero eta gutxiago falta da Korrikak zazpi herrialdeetako bideak zeharka ditzan, herritarren artean ilusioa eta poza zabaldu dezan. «Bretainian egon ginenean antolatzaileak urduri zeuden, baina gu lasai geunden bertan, zezena beste aldean zegoelako; baina guri ere laster iritsiko zaigu garaia, eta gogoa ere badugu Euskal Herria hamar egunez hankaz gora jartzeko». Gutxiago falta da ordurako.
Hizkuntzak
Europan zehar batera korrika
Eurokorrika sarea osatu dute hizkuntza gutxituen alde antolatzen diren zazpi lasterketek, hizkuntza horien aldarrikapen bateratuak egin eta batera lan egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu