«Geziak hezurretan sartuta topatu genituen». Hala kontatu du gaur Euskadi Irratian Lourdes Herrastik. Historialaria eta antropologoa da, eta hezurren arkeologian aditua. 1999. urtean egin zuen aurkikuntza Paco Etxeberria auzi mediku eta EHUko ikertzailearen taldeak, eta, orain, aurkikuntza haren azterketa zehatza argitaratu dute, eta ondorio batera heldu dira: Europan gatazka handiak gertatzen zirela gutxienez orain arte uste baino mila urte lehenago, eta horren lehenengo zantzuak Euskal Herrian agertu dira.
Arabako Errioxako Guardia herriko bidexka batean topatu zituzten hezurrak, 1985. urtean, zoriz, hondeamakina bat obra batzuk egiten ari zenean. 338 pertsonaren hezurdurak aurkitu zituzten San Joan Ante Portam Latinam baselizaren parean, lurperaturik. Herrastik eta Etxeberriak ikusi zuten hura ez zela ohiko hilerri bat, gorpuak hara nahastuta bota zituztelako, duela 4.000-4.500 urte: «Azkar batean lurperatu zituzten», esan du Herrastik. Beraz, susmoa gogotik kendu ezinik, 1999an berriz aztertzea erabaki zuten. Hezurren artean harrizko gezien eta aiztoen aztarnak aurkitu zituzten orduan.
Lurperaturiko gorpu baten ondoan geziak agertuz gero, joera izan da arkeologoen artean pentsatzeko hiletan han jarritakoak zirela, hildakoari beste mundura laguntzeko opari gisa. Baina auzi medikuek, halakoetan, krimenaren arma ikusteko joera dute, ez oparia, eta Herrastiren eta Etxeberriaren taldeak baieztatu ahal izan du gezi horiek hil zituztela Guardian lurperaturiko haietako asko.
Beste xehetasun batek harritu zituen zientzialariak: 338 biktimen zauriak aztertuta, ikusi dute horietako 89 sendatu egin zirela, eta halako gehienak gizonezkoek zituztela (%70tik gora). Europako beste sarraski gune batzuetan ez dute halako desproportziorik topatu. Zauri sendatuak daudenez, zientzialariek ondorioztatu dute ez zela sarraski bat izan, baizik eta denbora batez luzaturiko «gatazka» bat, eta, horretan, gizonezkoak aritu zirela borrokan. «Indarkeria ekintzak iraupen bat izan zuen», adierazi du Herrastik. Ikertzaileen arabera, litekeena da hainbat hilabetez iraun izana. «Ez zen bakarrik gizonezkoen arteko borroka bat, talde osoa sartuta egon zen». Izan ere, haurrak, emakumeak eta gizonezkoak bota zituzten hobira.
Gezien markaz gain, gorpuetako askok apurtuta dute kaskezurra, harrizko arma batekin eginiko kolpeek uzten duten haustura tipikoarekin.
Denera, harrizko 52 gezi topatu zituzten, eta gutxienez horietako 36k norbait kolpatu edo hil zutela uste dute, hezurrarekin jotzeak suharriari eragiten dizkion markak dituztelako.
Gerraren hasiera
Europako lehenengo bataila izan al zen Guardiakoa?
Baliteke. Izan ere, orain arte, gaurko Alemaniako iparraldeko Tollense haranean topatu izandute gatazka handi baten lehenengo aztarna. Han ehunka borrokalariren aztarnak topatu dituzte, 2007. urtean induskatzen hasi zirenetik, eta, kalkulatu dutenez, 4.000 pertsona inguru aritu ziren gerran. Kopuru harrigarria da, kontuan hartuta zein jende gutxi bizi zen orduan Europan; beraz, bataila garrantzitsua izan zela ondorioztatu dute.
Baina hura Brontze Aroan gertatu zen, gure aroaren aurreko XII. mendean, hau da, duela ia 3.300 urte. Beraz, Guardiakoa 2.000 urte zaharragoa litzateke.
Gerraren historian mugarria jarri du aurkikuntzak. Orain arte, zientzialariek uste zuten garai hartan gerrak eraso azkarrak izaten zirela, egun gutxikoak, eta asko jota dozena pare bat pertsonako taldeek egiten zituztela, populazio dentsitatea oso txikia zelako, eta Europan bizi zirenak ez zutelako behar adinako antolakuntzarik gerran aritzeko.
Edonola ere, Herrastik ez du uste «armada antolatu bat» egon zenik Guardian, baizik eta «taldeen arteko gatazka bat».
Zerk eragingo zuen gatazka, ordea?
«Baliteke tentsioa eta lehia sortu izana bizimodu eta hileta estilo desberdineko taldeen artean, eta horrek eragin izana indarkeria hilgarria», adierazi dute ikertzaileek, Nature aldizkarian atzo argitaraturiko txostenean. Valladolideko Unibertsitateko (Espainia) Teresa Fernandez Crespo da horren egile nagusia, eta sinatzaileen artean daude Herrasti eta Etxeberria.
Adierazi dute litekeena dela populazio presioak eragindako gatazka izatea Guardiakoa. Izan ere, nabarmendu dute «estres biologikoaren eta gosearen zantzuak» topatu dituztela hezurretan. «Lurralde baten kontrola hartzeko gatazka da», esan du Herrastik. «Lur horiek oso emankorrak dira, eta horren ondorioz gertatuko zen gatazka hau».