Donostiako San Telmo museoan izango da gaur, 19:30ean, Igor Otxoa Donostia 2016 Bulegoko proiektuen zuzendaria (Donostia, 1973). Hiriburu kulturalari buruzko hitzaldia emango du, eta proiektuaren nortasun europarra nabarmendu.
Zein helburu du Hiriburu Kulturalari buruz egingo duzun hitzaldiak?
San Telmo museoak antolatutako hitzaldi sortaren barruan parte hartuko dut; Donostia 2016ren inguruan ariko naiz. Proiektua zer den azalduko dut; nabarmenduz aukera bat dela bertako kulturarentzat, gizartearentzat eta beste hainbat arlorentzat. Hiriburutzaren europar nortasunean jarriko dut arreta gehien bat, nola balia daitekeen proiektua Europari begira, zein aukera eman dezakeen.
Herritarrei proiektua zertan datzan azaltzeko balio al dezake?
Asko entzun dugun galdera da:«Zer da hiri kulturala izatea?». Horri erantzuna ematen saiatuko gara, Europaren egoeran jarrita eta hainbat arlotik helduta. Azken finean, ideia hori Donostia 2016n nola landuko dugun azaltzea.
Zer esan nahi duzu, zehazki, europar nortasunaz hitz egiten duzunean?
Europan interesgarriak diren gaiak geuregana ditzakegu, betiere gure errealitatea alde batera utzi gabe. Bestalde, guk ere egin diezaiokegu gure ekarpena Europari. Ematea eta jasotzea da, biak. Bi ardatz garrantzitsu ditugu hor. Batetik, elkarbizitza; erakustea kultura erabilgarria dela elkar ulertzeko; are gehiago gure herriak bizi duen gatazka politikoarekin. Gure esperientzia ekarpen handia izan daiteke Europarentzat. Guk ere ikas dezakegu beste lekuetan izan zituzten egoerekin: Ipar Irlanda, Balkanak...
Hizkuntzak ba al du lekurik?
Beste ildo garrantzitsua hizkuntza gutxituena litzateke. Badugu zer ekarri Europako kultur aniztasunari. Ahots gabeko hizkuntzei eta kulturei ahotsa izaten lagun diezaiekegu. Errealitate hori ezagutaraz dezakegu, gure esperientzia kontatu; baina baita kanpoko esperientzia jaso ere.
Azkenik, hemengo eragile artistiko eta kulturak kanpokoekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, sarea osatzeko, hedatzeko eta egonkortzeko.
Zer moduz doa proiektua?
Oso ondo. Aurreko astean lantalde berria aurkeztu genuen, bederatzi lagun. Murgiltze astea izan genuen aurrekoa, proiektuaren nondik norakoa ezagutaraztekoa. Bulego berrietan gaude, oso gogotsu gabiltza fase berri honetan, eta lan eta lan jarraitzen dugu. Lankide berriekin lantaldea indartu egin da.
Sortu zen zalaparta guztia baretzean lanean jarraitu behar da.
Badakigu polemikak egon egongo direla; beste hiriburu guztietan gertatu da. Kanpotik, akaso, gehiago ikusten da, baina barrutik gutxiago eragiten digu. Teknikariok gure lanean egon behar dugu, ezin dugu polemika horiekin nahastu. Noski, zerbait eragiten du, baina badakigu horrelakoak egongo direla. Nolabait esateko, guk gurera jarraitu behar dugu.
Zeintzuk dira hurrengo hilabeteetako proiektu nagusiak?
Emango dugu haien berri datozen hilabeteetan. Baina, bakegintzaren alorrean, adibidez, urte amaierara arte hainbat egitasmoegongo dira. Bestetik, San Juan baleontziaren berreraikuntza daukagu, eta Ondartxo museoa berregituraketa lanetan badago jada. Joango gara prestatzen ari garenaren berri ematen.
Igor Otxoa. Donostia 2016ko proiektuen zuzendaria
«Europako gaiak geuregana ditzakegu, gure errealitatea alde batera utzi gabe»
Lantalde berria aurkeztu berritan, lanean dihardu Donostia 2016 proiektuak. Hiru urte barruko hiriburu kulturalaren europar nortasunari buruz mintzatuko da Otxoa, gaur, San Telmo museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu