Bizipenak ditu lehengai Anthony Kmeid artistaren sorkuntzak (Limasol, Zipre, 1989). 3 urte zituenean, bere gurasoen jatorrira itzuli ziren, Libanora; orain dela hamar bat urte, Bartzelonara lekualdatu, eta Los papeles lanean islatu zuen migratzaile gisa bizi zuen egoera. Bilboko Fundicion aretoan antzeztu zuen pieza hura iaz, eta berriz itzuliko da hara: Tecnòcrata obraren saio bana emango du bihar eta etzi Fundicionen, 19:00etan. Identitateak kapital eta fetitxe bihurtzeko joeraz dihardu, dantzaren eta bestelako diziplinen bitartez.
Sareetan promozionatzearen beharraz piezan hausnartzen duzu. Zer dakar horrek?
Dena eramaten ari gara eremu birtualera. Artista naizenez, ezin diot ihes egin. Derrigortuta nago etengabe ekoiztera emozioak eta irudiak, horien bonbardaketa bat dagoelako, eta bat egin ezean ez zarelako existitzen. Nire gorputzarekin dudan harremanaz hitz egiten du piezak, eta nola eragin duen horretan nire gorputza proiektatzen egon beharrak. Egunero informazio asko ekoitzi behar dut artista moduan existitzen jarraitzeko.
Nola aldatu da zure gorputzarekiko harremana?
Gorabehera asko dauzka. Adibidez, ni beti izan naiz body positive, uste izan baitut gorputz denak direla balekoak eta ederrak existitze hutsagatik, eta ez patroi jakin bati jarraitzeagatik. Baina konturatu naiz nire gorputza epaitzen hasi naizela, erabakitzen zer iruditan agertzen naizen hobeto horiek igotzeko sare sozialetara; hobeto, estandar normatiboen arabera, zeinak apurtu egin beharko liratekeen, mingarriak dira eta.
Nolabait, piezaren helburua da zeure gorputzarekin beste harreman bat sortzea?
Ez nuke horrela esango. Gehiago da egoera adieraztea, denoi gertatzen zaigulako. Ez baitu zerikusia gorputzarekin bakarrik: norberaren identitatea saltzean datza. Gehienok sare sozialak ditugu, eta lanerako behar ez dituztenek ere beren eguneroko bizitza saltzen dute haietan. Bizitza birtual hori sortzeak eta partekatzeak, eta atsegin dut-ak izateak dopaminak bezala erlaxatzen zaitu. 1990eko urteetan, esaten genuen telebistak bonbardatu egiten gintuela eskatzen ez genuen informazioarekin; orain, gu geu gara saltzen eta jasotzen ari garen produktuak.
Arabiar queer identitatea fetitxe bihurtzeko joera esploratzen du lanak. Non antzematen da hori?
Zure errealitate birtuala saltzearen ildotik, ikusten dut nire lana beti egon izan dela oinarrituta nire etnia eta genero identitateekin. Europan bizi naiz, nire merkatuaren gehiengoa europarrak dira, eta orain interes handia dago kontu queer eta feministetan. Eta ikusten dut horrek denak gehiago saltzen duela, Europak fetitxe bihurtzen dituelako identitate marika, queer eta arabiarrak. Ematen du zerbait lortu dudala hangoa izateagatik, han queer-a izatearen egoeraz uste okerrak daudelako, iruditzen baitzaie dena dela oso muturrekoa. Oso ideia postkoloniala da.
Obrak hainbat fase ditu, nortasun birtualaren bilaketa islatzen dutenak. Nola garatzen da?
Profil bat zabaltzen dut sare sozialetan; adibidez, igotzen dut story bat erakusteko goizean yoga egiten ari naizela. Jendeak pentsatuko du bizitza oso osasuntsua daukadala, baina agian hamar minutuz ere ez dut egingo yoga. Sentsazio birtual horrek ondo sentiarazten nau, nahiz eta ez didan onik egiten. Gero, arabiar izaeraren ideia fetitxe bihurtuz noa, sabel dantzaren eta halako estereotipoen bitartez, baina beti erne ea jarraitzaileak lortzen ari naizen. Eta identitate hori kapital bihurtzearen ondorioz, nire marka propioa sortzen dut.
Sareetako aktibismoaz ere hitz egiten duzu, ezta?
Askotan faltsua da, uste dugulako zerbait partekatzea ekintza politikoa dela. Baina ia ez bada ekiten, eremu birtualean geldituko da.
Nola bukatzen duzu bilaketa?
Analogia bat eginez: irudien kontsumoaren eta drogazaletasunaren artekoa. Ikusi behar ditugu katuen irudiak; bost segundoren ondoren, palestinar neskatoak hiltzen; handik bi minutura, Lidl-en iragarki bat; gero, amaren mezu bat, eta bikotekide ohiarena, aplikazioren bat... Kaos hori normal bihurtzen ari gara sakelakoa eta teknologia hainbeste erabiltzeagatik. Sistema kapitalistak bultzatu egiten gaitu gehiago eta gehiago kontsumitzera.
2020ko ekainean Beiruteko portuan gertatutako eztanda lantzeko asmoa zenuen. Nola doa?
Pare bat proiektu ari naiz lantzen. Tecnòcrata-n agertzen da material horren zati bat: mundu birtualak sarri eramaten zaitu oso errealitate ilunetara; nire kasuan, eztanda Instagramen bidez ikustera.
ATZEKOZ AURRERA. Anthony Kmeid. Artista
«Europak fetitxe bihurtzen ditu identitate 'queer' eta arabiarrak»
Nortasun birtual baten bilaketa irudikatu, eta sare sozialak etengabe elikatzeko «beharraz» gogoetatzen du Kmeidek 'Tecnòcrata' obran. Bilboko Fundicion aretoan antzeztuko du pieza bihar eta etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu