Europa mendebaldean izandako izurri bubonikoaren kasurik zaharrena aurkitu dute Arabako trikuharri batean

Arabako Errioxako Sotillo trikuharrian duela 3.300 urte ehortzi zuten pertsona baten hortz batean aurkitu dute Yersinia pestis bakterioaren arrastoa.

Sotilloko trikuharria, artxiboko argazkian. MIKEL ARRIZABALAGA
jon ordonez garmendia
2022ko apirilaren 12a
12:02
Entzun

Non du jatorria izurri bubonikoak? Galdera horrek ez du erantzunik oraindik, baina duela gutxi Arabako Errioxako Sotillo trikuharrian (Leza) aurkikuntza garrantzitsu bat egin du Aida Andrades Valtueña genetista kataluniarrak: duela 3.300 urte ehortzi zuten pertsona batean aurkitu dute gaitzaren arrastoa, Espainiako El País egunkariak argitaratu duenez. Izurri bubonikoaren kasurik zaharrena da Europa mendebaldeko.

Sotillo trikuharria korridore motako hilobi megalitiko bat da. Familia baten hilobia da. Han hamahiru pertsonaren hezurrak aurkitu zituzten, eta, horiekin batera, gezi puntak, aiztoak, metalezko aizkorak eta landutako harriak. Trikuharrian zegoen hortz batean aurkitu dute gaitza eragiten duen Yersinia pestis bakterioaren arrastoa. Gaitzaren ondorioz hil zen pertsona hori.

Gainera, Sotilloko bakterioaren aldaera jada arkakusoetara migratzeko gai zela jakinarazi du Andrades Valtueñak; horrek are eta kutsakorragoa bihurtu zuen gaitza. Arkakusoei tapoi bat eragiten die urdailean, eta elikatzeko hartzen duen odola botarazi egiten dio horrek (ordurako jada bakterioarekin kutsatuta dago, eta kutsagarria da ukitzen duen edozein organismorentzat). Ondorioz, arkakusoa gehiago gosetzen da, eta ehunka aldiz egiten du kosk, Nuño Dominguez kazetariak argitaratu duenez. Horrek are eta kutsagarriago egiten du. Hamar egunetann buruan hiltzen du izurri bubonikoak.

Andrades Valatueñak Alemaniako Gizakiaren Historiaren Max Planck Zientzia Institutuan egin du lan, aitzinako patogenoak ikertzen. PNES aldizkarian argitaratu du ikerketa. Duela 5.000 eta 2.000 urte bizi izan ziren 252 pertsonaren genoma ikertu du; horietatik hamazazpi izurriak jota hil ziren. Sotillokoaz gain, soilik beste bi kasutan aurkitu dute orain arte izurri bubonikoaren arrastoa. Bi kasu horiek Samarako (Errusia) aztarnategi batean aurkitutako emakume baten eta gizon baten hezurduren kasuak dira, duela 3.800 urtekoak; bi horiek bat bestearen aurrean ehortzi zituzten.

Arabako kasua Samarakoa baino lehenagokoa da, eta horrek hainbat galdera eginarazten du. Posible baita izurri bubonikoa Iberiar penintsulan sortu izana, eta ez Eurasian, orain arte uste zen moduan. Garai hartako bakterioak Justinianoren Izurriaren eta Izurri Beltzaren garaiko bakterioekin alderatu ditu ikerketak. Andradesek El País egunkariari adierazi dionez, orain arte egin den ikerketarik osoena da.

Milioika hildako eragin ditu izurri bubonikoak

Izurri bubonikoak milioika heriotza eragin ditu azken 2.500 urteetan. Lehen izurrite handia Ekialdeko Erromatar Inperioaren garaian izan zen. Justinianoren Izurria deitu zioten, Justiniano I.a enperadorea bera kutsatu zelako. Bera sendatu egin zen, baina izurrite hartan, K. o. 541 eta 549 urteen artean, 25-50 milioi pertsona artean hil zirela kalkulatzen da, garai hartako herritarren laurden bat (Asia Txikiraino hedatu zen ekialdera eta Italiaraino mendebaldean).

Bigarren izurrite handia Erdi Aroan izan zen: Izurri Beltza. Yersinia pestis bakterioaren aldaera batek, 1300. eta 1400. urteen artean, 80 eta 200 milioi pertsona artean hil zituen Asia erdialdetik Europa mendebaldera. Hirugarren izurrite handia XIX. mendean izan zen, Indian, eta orduko horretan 12,5 milioi pertsona hil zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.