Sergio Vegas. Kirol kazetaria

«Euroligaz kontatu ez dena kontatzeko gogoa genuen»

Saskibaloiko Lauko Finalei buruzko 'Los Diarios de la Final Four' irratsaioa egiten ari da Vegas, Radio Vitorian. Txapelketaren historia kontatzen du, protagonistak elkarrizketatuta.

SERGIO VEGAS.
Edu Lartzanguren.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Sergio Vegas (Gasteiz, 1988) kirol kazetaria Natxo Mendazarekin batera dabil saskibaloiko Euroligaren historiari buruzko Los Diarios de la Final Four saioa egiten. Hemezortzi saio emango dituzte, maiatzean finala Gasteizen jokatu arte, igandero, 13:00etatik 14:00etara, Radio Vitorian.

Zergatik ari zarete lanean duela hemezortzi urte jokaturiko saskibaloi partida batzuk gogora ekartzeko?

Orain arte Euroligaz kontatu ez dena kontatzeko gogoa genuen. Lan hori egiten da beste ligetan; esaterako, NBAn. Asko zaintzen da memoria han. Lauko Finala Gasteizen jokatuko dutela ikusita, Euroligaren historiaren inguruko saioa egitea bururatu zitzaigun. Iruditu zitzaigun egokiena izango zela urtez urteko errepasoa egitea. Horregatik izango dira 18 saio, bakoitza urte bati eskainitakoa. Uztailean hasi ginen, eta igande honetan laugarrena emango dugu, 2004. urteari dagokiona. Beti egon gara oso lotuta saskibaloiarekin, eta Baskoniaren jarraipena egin dugu, baina produktua mimatu nahi dugu, ez bakarrik zalearen ikuspuntutik eman. Errespetuz landu nahi dugu gaia; guri horrenbeste eman digun horri zerbait itzultzeko.

Nola lantzen da «errespetuz» saskibaloiaren historia?

Protagonistei entzuten saiatzen, esaterako. Oso garrantzitsua da haiek kontatzea final bakoitzean gertatu zena, nola ikusi zuten eta zer sentitu zuten. Zuk zale eta kazetari gisa ezagutzen dituzu, baina haiek kirolari edo entrenatzaile moduan. Haiek eroso sentiarazten eta gerturatzen saiatu gara. 50 baino gehiago elkarrizketatu ditugu, eta denekin tratu estua izan dugu gero ere.

Besteak beste, Ettore Messina entrenatzailearekin, Antoine Rigaudeau eta Matjaz Smodis jokalari ohiekin hitz egin duzue. haientzat ere garai garrantzitsua izan zen Euroligaren hasiera hura?

Ustekabe galantak hartu ditugu, elkarrizketatu ditugun askok ez dutelako normalean prentsarekin hitz egiten. Messina San Antonion [AEB] dago orain, eta ordubete pasatu genuen harekin hizketan. Harrigarria da zein argi gogoratzen dituzten garaiko xehetasunak. Lotura interesgarria lortzen da, oso polita delako haientzat ere horretaz hitz egitea. Erretiratuta edo entrenatzaile dabilen jendearekin hitz egiten ari gara lehenengo saioetarako, baina gero ikusiko da, gazteagoekin hitz egiten dugunean, uste baino asko gertuagokoak direla.

Nola banatzen duzue lana bi esatarion artean?

Honi eskaintzen diogun denbora goizago jaikita eta loari kenduta lortzen dugu. Protagonistak banatzen ditugu, eta asko hitz egiten dugu elkarrekin. Oso ondo ulertzen dugu elkar.

Saskibaloiaren historia egingo duzue, azken batean. Nola aldatu da Lauko Finala hemezortzi urte hauetan? Eta saskibaloia bera?

Asko aldatu dira. Euroligan lehiatzeko sistema aldatu da, eta antolaketa gisa asko hazi da, NBAren antz handiagoa hartu du, nahiz eta oraindik baduen bide handia egiteko. Kirol gisa ere asko hobetu da, baita jokoari dagokionez ere: partida hobeak daude urtean zehar, kirolarien garraioa ere hobetu da, eta, hori ikusten ez badugu ere, haien errendimendua hobetzea ekarri du. Jokalari oso garaiekin jolasten zen hasieran, orain txikiagoekin, eta hirutik jaurtitzea bultzatu da. Saskibaloian gaur dagoen joerak dira, alegia.

Nola entzun behar da saioa?

Lasaitasunez entzuteko saioa da. Paseoan edo txakurra ateratzerakoan entzuteko egokia da. Arretaz entzun behar da. Garai hura bizi zuen jendeak esan digu saioak orduko sasoira garraiatu dituela. Baina gogoratzen ez duen edo, gazteago izanik, bizi ez zuen jendeak ere eskertu digu garai hartara eramatea, eta orduko musika jartzea, esaterako. Ordubetez, denboran bidaia dezakezu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.