Eureka! Zientzia Museoa

Donostiako Zientziaren Kutxaguneari izena aldatu diote bere hamargarren urtemugan. Arkimedes matematikari greziarraren ateraldiarekin izendatu dute aro berri baterako.

Ignacio Zuzuarregi, Eureka! Zientzia Museoko zuzendaria, bertako instalazioetan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2011ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Kutxagunea zientzia museo bat baino gehiago da. Hamar urteren ondoren, berriro izendatzeko beharra geneukan. Izen bakuna aukeratu dugu, hizkuntza guztietan ulertzen dena eta zientziarekin berehala lotzen dena: Eureka!». Orain arteko Kutxaguneak aurrerantzean izen berria duela iragarri zuen atzo Ignacio Zuzuarregik, Eureka! museoaren Koperniko aretoan. Izena ez da aldatzen den gauza bakarra. Zuzuarregik berak zuzendaritza hartu du, orain arte Felix Aresek ukan duen kargua. Hamar urte joan dira Donostiako Miramonen Zientziaren Kutxagunea zabaldu zutenetik, eta garai berriak datoz: instalazio berriak, eskaintza berriak, zuzendari berria, baita izen berria ere.

«Lortu dut!» edo antzeko zerbait adierazi nahi du greziar klasikoan eureka esamoldeak. Etimologia horrekin lotu nahi dute zuzenean museoko arduradunek orain arteko ibilbidea, eta baita etorkizun hurbila ere. «1.417.314 lagunek bisitatu dute museoa hamar urteotan, eta 492.313 eskola ume izan dira Kutxagunean urteotan eskaini ditugun jardueretan. Zientzia museoek oro har bisitari asko izaten dituzte hasierako urteetan, baina gero behera egiten dute. Gureak ez». Felix Ares orain arteko zuzendariaren arabera, «proiektu konplexua zen martxan jartzeko, erronka gogorra», baina lortu zen duela hamar urte, eta egunero lortzen da oraindik ere. Hori ere adierazten du Miramongo Kutxaren gizarte ekintza izendatzen duen Eurekak.

Lekurik ez aparkalekuan

Krisialdi garaietan ez dago krisirik Eureka! museoan. Halaxe uste du Zuzuarregik. Pozarren laguntzen ditu hitzok museoaren datuekin. Eskola umeak alde batera utzita, familian joandakoak 781.498 lagun izan dira hamar urteotan. Talde antolatuetan, 144.096 lagun.

Zenbaki hotzen ifrentzua da zuzendari berriaren aldartea: «Ez dugu lehiakiderik gertu gure alorrean. Leku guztietako jendea datorkigu museora: Iruñekoak, Barakaldokoak, Errioxakoak, Santanderkoak...». Nahikoa da aparkalekura begiratzea arduradun nagusiak esandakoa sinesteko. Han ez dago tokirik autoa uzteko. Autobusak badira dozena bat behintzat, eta nerabeek eurentzat hartu dute Eureka! museoaren ataria. Harrizko Einstein eserita azaltzen den aulkian badira hiruzpalau neska zientzialariaren bibotearekin jolasean. «Debekatua dago ez ukitzea» irakur baitaiteke museoaren sarreran, aurreraxeago. Batzuk urrunegi eramaten ari dira aholkua.

Ez alferrik, Zientziaren Kutxagunearen helburu nagusietako bat funtzio didaktikoa izan da, eta hala izango da Eureka! museoan ere. «Amaitzear den ikasturtean 33 tailer didaktiko egin ditugu, eta datorren urtean 35 izango dira». Txiki Klik eremu zabaldu berria da tailerren zerrenda handitzeko arduraduna. Haurrek kolore eta soinu eztanda dute eskura. Natura ezagutuz joateko urrats dibertigarriak dira; irudimenak gainezka egiten du Txiki Klik eremuan.

Horrez gain, udalekuak antolatu izan dira aurreko urteetan eta aurrerantzean txanda gehiago antolatuko dituzte udan zein neguan, haurrei zientziarekin lotutako udalekuak eskaintzeko. «Esperimentuak egiteko aukera ematen diegu, ez da denbora-pasa soila». Etorkizuneko ikerlarien lehen eureka! sustatu nahi dute inondik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.