ATZEKOZ AURRERA. Keko Alonso. Biologoa eta Kolore Guztietako Basoak ekinbideko kidea

«Eukaliptoa gehiago heda daiteke pinuaren krisiarekin»

Tokiko zuhaitz espezieen aniztasuna aintzat hartuko duen basoen kudeaketa defendatu du Alonsok espezie bakarreko landaketen aurrean.

Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Kolore Guztietako Basoak ekinbideak mendien kudeaketa eredua aldatzea proposatzen du. Horren nondik norakoak azalduko ditu egunotanKeko Alonsok (Torrelavega, Espainia, 1975) Euskal Herrian: gaur, Gasteizko Olarizuko etxaldean, 19:00etan; bihar, Eibarko Arrate kultur elkarteko Topalekuan (Gipuzkoa), 19:00etan. 2017an hasi zuten proiektua, basoen kudeaketan atzeman zuten krisia dela eta, bai ingurumenean, bai alde ekonomikoan. Iaz zabaldu zen pinudien gaitzaren aurrean, aldarrikapenak berretsi dituzte.

Zeintzuk izan dira basoak kudeatzeko oinarriak azken hamarkadetan?

Oinarria izan da kalitate ertain eta txikiko egur asko ekoiztea denbora laburrean. Hori izan da lehentasun nagusia. Kudeaketa horren ondorioz sortu dituzten zuhaiztien funtzionamendua eta konposaketa oso urrun dago baso naturaletatik.

Zer proposatzen du Kolore Guztietako Basoak ekinbideak?

Ideia nagusia da mendiaren dibertsifikazioa behar dela. Ikuspuntu guztietatik da interesgarria: bioaniztasuna handitzeko, baita errentagarritasun ekonomikotik begiratuta ere.

Posiblea al da basoen kudeaketa ekonomikoa eta iraunkortasuna bateratzea?

Kolore Guztietako Basoak ekinbideak horren alde egiten du. Produkziora bideratutako orubeak kudeatzeko eredu ezberdin bat proposatzen dugu. Konplexuagoa da, baina balio erantsi handiagoa du, eta ekonomikoki interesgarria da. Horrez gain, ezin dugu ahaztu paisaiari dagokion alorra: espezie bakar baten aldeko apustuak udazkena lapurtu digu.

Egungo kudeaketa ereduaren ondorioa da Kaliforniako pinuei eraso egiten dien onddoaren gorakada?

Aurreikusten genituen efektuak agerian utzi ditu horrek. Hori gertatu aurretik ere eskatu genituen askotariko espezieak dituzten basoak, eta ez espezie bakarrekoak. Europan badaude proposatzen dugunaren ereduak, eta ekonomikoki errentagarriak dira.

Gaitza aurreikus zitezkeen?

Inguruko herrialdeetan aurrekariak daude. Espezie bakarreko landaketak errentagarriak dira epe laburrean, baina ezegonkorrak dira epe ertainean. Ezegonkortasun hori ari gara bizitzen.

Zein da arrisku nagusia orain?

Pena litzateke eukalipto edo akazien alde apustu egitea, pinuekin gertatu dena ulertu gabe. Pinuei eragin dien gaitza aukera bat da ikusteko zer ekar dezaketen baso kudeaketa eredu batzuek.

Eukaliptoa al da Kaliforniako pinua ordezkatzeko aukera enpresentzat?

Hori da joera. Administrazioa ez da ezer egiten ari. Orain dagoen eukalipto kopurua gehiago handitu daiteke pinuaren krisiarekin.

Administrazio publikoek zerbait egin dezakete horren aurka?

Bizkaian, adibidez, basoaren azalera osoaren laurden bat dago Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetan. Dena den, administrazioak badu zereginik: duen lurraren kudeaketa egokia egitea, kudeaketa horren bitartez eredu izatea, eta sektore pribaturako laguntzak bideratzea. Horren bitartez eragin dezake basoen kudeaketan.

Nola ari dira jokatzen?

Ingeniaritzaren ikuspuntutik ari dira administrazioak lurraldea kudeatzen. Ingeniaritzaren barruan hainbat joera daude, eta, lehenesten ari direnaren ustez, natura zerbait inperfektua da, eta hezi egin behar da. Horrek ekarri ditu espezie bakarreko basoak, denak adin berekoak, eta adin berarekin mozten direnak. Administrazioek buru jarri beharko lukete. Ekonomia kapitalista batean, egoera bat gelditu egin behar dute luze gabe errentagarritasun ekonomikoa lortzeagatik kalteak eragin baditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.