Euclid misio espaziala, unibertsoa argitu nahian

Euclid teleskopioa unibertsora jaurti zuten uztailaren 1ean, eta lehena izan da espazioari koloretako argazkiak ateratzen. Teleskopioa prest dago unibertsoaren orain arteko 3Dko maparik zabalena egiteko.

euclidenirudia
Euclid teleskopioak Perseo eta bere 1.000 galaxiei ateratako irudia / EUROPAKO ESPAZIO AGENTZIA (ESA)
itsaso jauregi 2
2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Uztailaren 1ean, Euclid teleskopioa espazioko bere lantegi berrira iritsi zen: Lagrangeren L2 puntura, Lurretik 1,5 milioi kilometrora. Handik atera ditu ESA Europako Espazio Agentziak argitaratu dituen bost argazkiak: lehendabiziko aldiz, koloretsu agertu da unibertsoa. Galaxiak, nebulosak eta galaxia multzoak agertzen dira argazkietan, 10.000 milioi argi urtera dauden elementuak. Bildutako informazioa unibertsoaren 3Dko mapa bat sortzeko erabili nahi dute Euclid Partzuergoko kideek, gero eta azkarrago zabaltzen ari den unibertsoaren egitura ezagutzeko asmoz.

Euclid misioa 2008an sortu zen, bi misio espazial elkartu zirenean: Dune, lente grabitazionalen efektuak ikertzeko, eta Space, galaxien taldekatzea aztertzeko. Bien ondorengoa da Euclid. Hilabete osoko bidaia egin eta gero, teleskopioak bere lantegitik atera ditu argazkiak. Urrutiko 100.000 galaxia ingururen distira ahula jaso du teleskopioak; aurretik ezezagunak ziren galaxia horiek. Francisco Castander misioa hasi zenetik ari da lanean; Euclid Partzuergoko kidea da, eta Espazioko Zientzien Institutuko eta Kataluniako Espazio Azterlanen Institutuko ikertzailea: «Argazkiak bi dimentsiokoak dira. Zeruan bi izar ikusten badira, ezin da jakin zein dagoen hurbilen eta zein dagoen urrutien. Hirugarren dimentsioa behar da, eta hori ere Euclidek egiten du».

Iluntasunean murgiltzen da 1,2 metroko diametroa duen teleskopioa. Argazki garbiak lortzeko uhin luzerako kamera eta infragorriko fotometroak erabiltzen ditu. Bi elementu horiei esker, teleskopioaren objektiboak zeruaren zati handi bat eskaneatzen du. Lau aldiz miatu behar du aukeratutako zeruko bazterra, eta amaitzerakoan unibertsoaren beste eremu batera bideratzen du bere leiarra, prozesua errepikatzeko asmoz. Horri esker, begi bistan atzematen ez diren elementuak aurkitzen ditu: materia iluna, besteak beste.

Gizakiak unibertsoaren %5 ezagutzen duela esaten dute zientzialariek, gainerakoa materia eta energia ilunak baitira. Argia xurgatzen, islatzen edo igortzen ez duten partikulek osatzen dute, eta ia ikusezina da. Materia ilunak urruneko galaxietatik datorren argia distortsionatzen du, grabitate indarra eragiten baitu. Bestetik, energia ilunak erakarri beharrean, gorputzak bata bestearengandik urrunarazten ditu. Unibertsoak zenbat eta bolumen handiagoa izan, orduan eta energia gehiago, orduan eta eragin handiagoa. Euclid teleskopioari ezin ihes egin, baina.

Iluntasunaren atzean

1920ko hamarkadan, Georges Lemaitre eta Edwin Hubble astronomoek azaldu zuten unibertsoa duela 13.800 milioi urte sortu zela, eta etengabe hedatzen ari dela. Baina aurrerago egindako ikerketek erakutsi dute zerbaitek unibertsoaren hedapena azkartzen duela; horren atzean zer dagoen misterio bat da oraindik, baina zientzialariek uste dute materia eta energia ilunekin zerikusia duela. Hori argitzea lagungarria izan daiteke, adibidez, ulertzeko unibertsoa zertaz egina dagoen, nola aldatu den denboran eta grabitateak nola eragiten duen.

Espazioaren %95 ikusezina da; horixe ikertzen du Raul Angulo DIPC Donostia International Physics Centerreko ikertzaile eta Euclid partzuergoko kideak. Materia iluna zerk osatzen duen «misterio» bat da oraindik, baina teleskopioaren irudiek bidea «argitu» dutela esan du Angulok. Albert Einsteinen erlatibitatearen teorian oinarrituz, materia iluna osatzen duten fotoien ibilbideari jarraitzen diote. «Materiak espazioa eta denbora kurbatzen dituenez, fotoiek ez dute lerro zuzenean bidaiatzen. Euclidi esker, materia kantitaterik handiena non dagoen ikus dezakegu», azaldu du Angulok. Fotoiek utzitako arrastoari jarraitzen dio teleskopioaren leiarrak, haien jatorria aurkitu arte.

Tresna 10.000 milioi argi urteko distantziara zabaltzen diren galaxiak behatzeko diseinatuta dago, energia ilunak materia denboran nola luzatu duen ikertzeko. Kontuan hartu behar da espazioan denborak desberdin funtzionatzen duela. Castanderrek azaltzen duenez, argiaren abiadura mugatua da, eta denbora asko behar izan da urrun dauden galaxien argia teleskopioraino iristeko, eta irudietan agertzen dena galaxia garai hartan zen bezala da: «Teleskopioari esker galaxiak sortzen ari ziren garaia ikus dezakegu. Jatorrizko galaxiak ikus ditzakegu».

Teleskopioari esker, unibertsoan sortu ziren lehendabiziko galaxiak ikus daitezke, ahulduta eta ia itzalita daudenak. Iraganeko galaxietan begirada mantendu nahi dute Euclideko misioan; izan ere, proiektuaren beste helburuetako bat da mapa ebolutibo bat sortzea, unibertsoaren hedapenean gehiago sakontzeko. «Gaur egungo unibertsoaren irudi bakarra izango bagenu, oso zaila izango litzateke iragana ulertzea. Oso urrun dauden galaxiak ikusten ditugunean unibertsoak nola eboluzionatu duen ikusteko gai gara», esan du Angulok. Hori egiteko, materia eta energia ilunean sakondu nahi du Angulok.

Mapa galaktikoa

Unibertsoaren historia mapa ebolutibo horretan islatuko da, baina espazioaren 3Dko mapa bat ere sortu nahi dute ikerlariek, Eucliden izpiei esker hartutako irudiak erabiliz. Mapa etengabe aldatu beharko dela adierazi du Castanderrek, unibertsoa bezala: «Giza bizitzaren eskalak ez dira ezer unibertsoaren bizi eskalaren aldean. Gizakiak unibertsoa behatzen hasi ginenetik oso gutxi hedatu da».

Espazio zabalaren mapa sortzeko, hiru dimentsioa beharrezkoa da, eta irudiek bi dimentsiokoa bakarrik erakusten dute. «Irudietan zeruaren zati handi bat ageri da, bi dimentsiotan. Ondoren, uhin luzera desberdinetako datuekin galaxia bakoitzaren espektroa berreraikiko dugu, eta horrekin galaxien artean dagoen distantzia zehazten saiatuko gara», esan du Castandarrek. Datu horiek interpretatzea «zailena» dela azaldu du Angulok: «Zeruko bazter batzuk ezezagunak ziren orain arte, eta datu horiek interpretatzea erronka bat da. Informazioa modu egokian interpretatzeko Einsteinen erlatibitate teoriaren eta grabitatearen arteko harreman konplexua ulertu behar da».

Zalantza horiei aurre egiteko, teknologia baliatuko dute ikerlariek. Euclid teleskopioaren biki birtualak sortu nahi dituzte zientzialariek, ohar eta mapa berberekin, baina ordenagailuz eginda. «Ordenagailuak erabili nahi ditugu ehunka unibertso birtual sortzeko, Euclidek espazioan lortzen dituen datuekin zuzenean alderatzeko», esan du Angulok. Unibertsoaren bazterrak ordenagailuetan islatu nahi dituzte, beraz.

Oraindik lan «handia» dago egiteko, Castanderren arabera; fisikako hainbat problema ebatzi behar dira, irudiak gehiago aztertu, eta materia ilunaren atzean zer dagoen ikertu: «Erantzun nahi ditugun galdera kosmologikoei heltzeko zehaztasun estatistikoa garatzea lortu behar dugu, eta hori parte hartzen duten zientzialari guztiei esker lortuko dugu». Hurrengo sei urteetan Euclid espazioko iluntasunean murgildurik egongo da, unibertsoaren galaxia ezezagunak eskaneatzen eta espazioaren misterioak pixka bat argitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.