Gabonetako ospakizunen eta konpromisoen artean, bada bertsozale askok egutegian markatua duten egun bat: Oiartzungo (Gipuzkoa) bertso saioarena. «Ez da Sareren bertso saioa, ez da Etxerat-en bertso saioa, baizik eta da Oiartzungo bertso saioa, eta denek dakite zer bertso saio den, zer gai ukitzen diren, eta eguna ere gutxi gorabehera gordea izaten dute», azaldu du Beñat Uribe-Etxeberriak, bertso saioaren antolatzaileetako batek. Igandean egingo dute aurtengoa, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, 17:00etan hasita.
Euskal preso, iheslari eta deportatuen afera lantzeko sortu zuten saioa. Kulturaren bidez, haien etxeratzearen aldeko mezua zabaldu nahi baitute: «Bertso saioan bertan aldarrikapenak hartzen du zentralitatea; gaiak eta bertsoaldiak ere afera horri buruzkoak dira, eta aurtengoa ez da salbuespena izango alde horretatik».
Gainera, urtarrilaren 11ko Bilboko manifestazioaren atarian izaten da saioa, eta hara joateko deia egiteko aprobetxatzen dute. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da, Casillatik. Behin betiko lelopean egingo du Sarek urteroko protesta, eta saioan ere begi bat jarrita izango dute. «Behin betiko dinamikaren barruan sartu dugu saioa; behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatzen dugun honetan, beste bote bat baita bertso saioa, Gabonetako egutegian sartua», esan du Uribe-Etxeberriak.
Ohikoa baita aldarrikapenen bueltako bertso saioak antolatzea, baina gutxi izango dira halako hedadura hartzen dutenak: 1.500 pertsona kabitzen dira Oiartzungo kiroldegian. «Ez da bertso saio aldarrikatzaile bakarra, baina bai aldarrikapen honi lotuta egiten den bertso saiorik handiena. Baita euskal preso, iheslari eta deportatuen aferaren inguruan kultura mailan urtean egiten den saiorik garrantzitsuena ere, edo jende gehien biltzen duena, behintzat».
Ia finaleko zazpikotea
Zazpi bertsolari igoko dira oholtzara. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa bukatu berritan, gehien-gehienak finalean parte hartu zutenak dira: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka eta Eneritz Artetxe. Gainerako hirurak Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Maider Arregi izango dira. «Asmoa zen Gipuzkoako txapelketan finalistak izan diren zortzikotea igotzea oholtzara, baina, bueno, pare batek edo hiruk ezin izan dute, beste zerbait jada hitzartua zutelako. Horregatik, Maialen [Lujanbio], Andoni [Egaña] eta Maider [Arregi] izango ditugu gurekin», azaldu du.
Bertsolariez gain, hainbat herritar igo izan dira oholtzara, eta haien bizipenak kontatzen dituzte sarri, halakoak gai bihurtuz. Amaia Agirre arituko da gaiak ematen, eta aurtengoa ere antzera joango da: «Amaiari gustatzen zaio bertso saioa bera ere dinamikoa izatea, parte hartzailea, eta aurten ere seguru antzera joango dela».
Sarrerak sarean eros litezke, 12 euroan, Labur.eus/sare2025 helbidean. Baina baita fisikoki ere: Oiartzunen, Elorsoro kiroldegian eta Garmendi txokolategian; Errenterian (Gipuzkoa), Arkaitza tabernan; eta Donostian, Platero tabernan eta Hontza liburu dendan. Saiora animatzeko deia zabaldu du antolatzaileak: «Ekitaldi garrantzitsu bat da, euskal preso, iheslari eta deportatuen aferan lanean gabiltzan guztiontzat, edo gai honek ukitzen gaituen guztiontzat. Egutegian gorriz markatuta daukagun egun bat da, eta joan beharra dago, noski».