Xabier Garmendia

«Etxera itzultzen naizen bakoitzean arrotz sentitzen naiz»

Haurra zenetik, garbi izan du bere bizimodua itsasoari lotuta egongo zela beti. Gaur egun, petroliontzi bateko kapitaina da Xabier Garmendia. Hiru hilabete pasatzen ditu itsasoan, eta beste hiru lehorrean, etxean.

Xabier Garmendia. GIPUZKOAKO HITZA
2021eko apirilaren 25a
19:29
Entzun

Ozeano Atlantikoaren erdian dagoela erantzun dio Gipuzkoako Hitza-ren deiari Xabier Garmendiak (Lazkao, 1960), Nigeriako uretatik Huelvarako (Espainia) bidean. Monte Ulia petroliontziko kapitaina da, eta, hiru hilabeteko lanaldia burutzear dagoela, etxera iristeko irrikan dago goierritarra; hilaren amaiera aldera iritsiko da. Lehorrekoa izanagatik, «itsasgizontzat» dauka bere burua Garmendiak: 32 urte pasa daramatza itsasoan, eta lana, «hasieran behintzat», gogorra dela aitortu duen arren, zortekotzat du bere burua, lan arloan nahi duena egiteko aukera izan duelako. Ozeanoaz bestaldeko komunikazioa ez da erraza izan. Bitan eten da telefono deia; hala ere, itsasoko bizimoduaz, piratez eta Suezko kanaleko krisiaz hitz egiteko modua izan du lazkaotarrak.

Lehorrekoa izanda, nolatan zara itsasgizona?

Arraroa dirudien arren, etxean betidanik izan dugu itsas giroa. Aita ia hamar urtez ibili zen Ternuan [Kanada], bakailaoaren arrantzan. Haurra nintzenetik entzun izan ditut etxean itsasoko istorioak, eta itsasoko bizimodua oso presente izan dut beti nire bizitzan. Unibertsitatera joateko aukera izan nuenean, garbi nuen Nautika ikasketak egin nahi nituela eta itsasoa izango zela nire bizibidea.

Portugaleteko (Bizkaia) Nautika eskolan egin zenituen ikasketak…

Bai, 1979an. Urte horretan bertan Euskal Herriko Unibertsitatean sartu zuten Nautika, lizentziatura modura. Bost urte igaro nituen ikasten, eta praktikak etorri ziren ondoren. Ofizial gisa hasi nintzen lanean 1988an; zazpi urteko praktikak egin behar izan nituen horretarako. Tarte horretan, 32 bat ikastaro egiteko aukera ere izan nuen. 1995ean lortu nuen kapitain titulua.

Gogoan daukazu itsasontzi batera igo zinen lehendabiziko aldia?

Zein egun zen ez dut gogoan, baina Pasaian izan zela oroitzen dut. Unibertsitateko hirugarren maila amaitu berritan izan zen. Aita nuen ondoan, semea lehenengo aldiz itsasontzi batean ikusteak eragiten zion ilusioarekin. Pobla de Aialde zuen izena itsasontziak, eta Pasaiatik Bilbora joan ginen; hori izan zen nire bataioa. Hasieran, asko mareatzen nintzen. Gogoan dut izan nuen lehendabiziko kapitainak esan zidala oraindik gaztea nintzela eta beste zerbait ikasteko. Baina gogor egin nion, eta orain, ia 33 urte pasatuta, hori gaindituta daukadala esan daiteke.

Zein da petroliontzi baten eginbeharra?

Petrolio gordina garraiatzen dugu munduko punta batetik bestera; noizean behin, fuel olioa ere bai. Portu batean kargatu eta beste batean deskargatu, azken batean. Orain, adibidez, milioi bat petrolio gordin barril kargatu ditugu Nigeriako portu batean, 130.000 tona, gutxi gorabehera, eta Huelvako petrolio findegi batean deskargatuko dugu hilaren amaieran. Behin deskargatuta, gure nagusiek esango digute nora joan beharko dugun hurrena: Persiar golkora beharbada, edo munduko beste edozein lekutara. Ez daukagu ibilbide zehatzik.

Lanik badago zuen sektorean?

Orain, Hego Amerikako tripulazioaren aldeko apustua egin du gure armadoreak. Perutarrak, hondurastarrak, salvadortarrak eta txiletarrak ditut oraintxe itsasontzian. Espainiako Estatuko zazpi lagun bakarrik gaude. Ondorioz, Espainiako Estatuko ikastetxeetatik ateratzen diren ikasleek aukera gutxi dituzte gurea bezalako ontzietan lan egiteko.

Gogorra da itsasoko lana?

Hasieran gogorra egiten da, aldaketa handia delako. Urteak pasatu ahala, ordea, ohitu egiten zara. Ontzian gauden guztiok gustura gaudela esango nuke. Bakoitzak bere arrazoi edo motibazioak izango ditu: marinelak, agian, kobratzen duen diru kopuru handia; ofizialak, berriz, kapitain izateko nahia… Nire bizimodua hau izan da, eta, berriz aukeratu beharko banu, bizimodu bera aukeratuko nuke.

Nolakoa da egun arrunt bat petroliontzi batean?

Esan daiteke nire lana koordinatzailearena dela. Hiru ofizial daude itsasontzian, eta arlo baten arduraduna da bakoitza. Zubian egoten dira horiek, ontzia gidatzen. Lau ordukoak izaten dira zubian egin beharreko guardiak, eta zortzi orduko atsedena izaten dute ondoren. Makinistek, marinelek bezala, 08:00etatik 12:00etara eta 13:00etatik 18:30era egiten dute lan. Azkeneko horiek ontziaren mantentze lanak egiten dituzte batez ere; 274 metro luzeko ontzia da, eta, noski, lan asko dago hemen egiteko. Sukaldariak, zerbitzariak eta abar ere baditugu. Bazkaria 12:00etan izaten da, eta afaria, 18:00etan. Larunbat arratsaldeetan eta igandeetan, jai egiten dugu.

Itsasontzi batean, zeintzuk dira kapitainaren betebeharrak eta ardurak?

Ni armadorearen ordezkaria naiz ontzian, eta haiek agintzen didatena betearazteko ardura daukat. Barkuan gertatzen den guztia kontrolatzea da nire lana: makinetan zerbait gertatu den ikustea, kontabilitatea kudeatzea, sukaldariak zer prestatzen duen jakitea… Portura iristean egin beharreko izapideak, harremanak… Hori dena ere nire ardura da. Bestalde, norbaitek ontzian ezkondu nahiko balu, hori egiteko ahalmena daukat kapitain naizen aldetik, testamentu bat sinatzekoa, edo ontzian hil den norbaiten azken borondateak izenpetzekoa.

Eta pribilegiorik ba al du kapitainak?

Beti esaten dut tripulazioaren zerrendan lehendabiziko zenbakia nirea dela, eta horrek esan nahi du gauza guztiak nire gain daudela. Ontzian gaudela zerbait gertatuko balitz, ni nintzateke erortzen lehena. Kamarote handiagoa daukat, eta diru gehiago irabazten dut, baina ardura ere askoz handiagoa da.

Ontzi barruko bizimoduaren antolaketa oso zorrotza eta hierarkikoa al da?

Hemen tripulazioko kide bakoitzak du bere egitekoa. Norberak jakin behar du bere eginbeharrak zein diren, eta zorrotz bete behar ditu denak ondo funtziona dezan. Hierarkia aldetik, gaur egun ez dago ezberdintasun handirik. Nik ez daukat inolako arazorik marinelekin hitz egiteko. Ez dut janari berezirik behar bazkaltzeko. Ni kapitaina naiz, eta bestea izan daiteke marinela; baina, azken batean, barku berean gaude denok, eta elkarrekin ondo konpontzea da garrantzitsuena. Talde lana da hau.

Bizitza osoa daramazu itsasoan. Itsasontziko bizimoduak nortasunean eraginik baduela uste duzu?

Bai. Tipo zertxobait berezia sentitzen naiz, ez ditut alferrik pasatu nire bizitzako 32 urte itsasoan! Aitortu behar dut nire izaera eta jokaera oso markatuta daudela. Ez dakit onerako edo txarrerako den, baina nabarmena da kresala daukadala.

Askotan sentitu zara zure etxean arrotz?

Bai, etxera iristen naizen bakoitzean. Bi alaba eta emaztea ditut. Emaztea txinatarra da, eta Lazkaon bizi dira. Hirurek oso harreman estua dute. Lazkaora iristen naizenean, atea jo eta suabe-suabe sartzen naiz etxera. Badakit nire presentziak haien eguneroko errutinan eragingo duela, eta pixka bat arraro sentitzen naiz.

Familia daukazu Lazkaon. Nola egiten zaio aurre eguneroko horri etxetik urrun zaudenean?

Nahiko ondo. Telefonoak eta teknologia berriek asko laguntzen dute horretan. Internet daukagu eguneko 24 orduetan, eta Whatsappez komunikatzeko aukera ere badaukat. Nahiz eta sakelakoaren bitartez izan, badaukat harremana nire senideekin. Haiekin hitz egin dezaket, entzun ditzaket, ikus ditzaket eta izugarrizko abantaila da hori. Horrek guztiak lagundu egiten du hemengo bakardade hau beste modu batera eramaten.

Itsasontzi batean egon daitekeen arriskuetako bat denboraleena izango da, ezta?

Bai, askotan egokitu zait denborale gogorrei aurre egitea eta oso gaizki pasatzen da. Itsasoan eguraldi txarra aipatzen dugunean, benetako eguraldi txarra da, filmetan-eta ikusten den bezalakoa. Badakizu leku seguruan zaudela, gauzak ondo eginez gero ez dela ezer gertatuko ere bai, baina beldurra pasatzen da. Poloniatik AEBetara egin genuen bidaia bat oroitzen dut: ontzia ez zegoen behar bezain ondo; Prestige zenaren antzekoa zen. Islandiara igotzeko agindua jaso genuen, eta izugarrizko itsaso zakarrak pasatu genituen; halakoren batean urpera joango ginela uste nuen. Tokatu izan zait ni baino esperientzia handiagoko jendea negarrez edo errezoan ikustea. Ur pila hori haserretzen denean…

Piratak dira beste arriskuetako bat, ezta? Afrikako uretan, batez ere?

Piratak egon ohi diren uretan beti eramaten dugu segurtasun zerbitzua ontzian; pistolero deitzen diet nik. Azken bidaia honetako zati batean, hiru segurtasun guardia izan ditugu, euren kalaxnikov eta guzti. Oso lokalizatuta daude piraten eremuak. Somalia ingurua lasaiago dago azken urteetan; gaur egun, arriskua handiagoa da Nigeriako uretan. Han pasatzen dut beldur handiena, piratak benetako arriskua direlako itsasoan, batetik; eta, bestetik, Nigeriako Gobernuak ez digulako baimenik ematen bere uretan segurtasunik eramateko. Ontzian segurtasun zerbitzua eramateak lasaitasuna ematen du.

2011tik hainbat herrialdek hartutako neurriei esker, erasoak asko bakandu dira, ezta?

Asko bakandu dira, bai, baina oraindik ere boladak izaten dira. Hemen, Nigerian, eraso asko izan zen urtarrilean, baina lasaiagoak izan dira ondorengo hilabeteak. Nik, adibidez, inoiz ez dut izan enkontrurik piratekin, baina ikusi izan ditut piratak inguruan zebilen beste itsasontziren bat inguratzen.

Petroliontziek eragindakoak dira hondamendi ekologiko asko. Espainiako Estatuan Prestige-rena izan da latzena. Ikuspegi ekologikotik arriskutsuak dira petroliontziak?

Gauzak asko aldatu dira orain hamar-hamabost urtetik hona. Istripuei dagokienez, zorionez, egunetik egunera gutxiago daude. Baina ekologiaren ikuspegitik bazegoen beste arazo handi bat: zer egin ontzi batek sortzen duen zabor guztiarekin? Lehen, ez genuen modurik ontzietan hondakinak jasotzeko, itsasora botatzea beste aukerarik ez genuen izaten. Orain, berriz, ez dugu ezer botatzen itsasora. Plastikoak erraustu egiten ditugu, makinetako zikinkeria dena birziklatu… Nik nire itsasontzitik ez dut ezer botatzen, erabat debekatuta daukagulako, batetik, eta ontziak hondakinak jasotzeko prestatuta daudelako, bestetik.

Ever Given kargaontziak Suezko kanalean eragindako krisiak mundu guztia jarri du itsasoko merkatura begira. Zer gertatu da?

Denok irakurri ditugu prentsan nolako ondorioak ekarriko dituen komertzioan, baina, alderdi teknikoan, gauzak gaizki egin dira, nire ustez. Kanal batean ibiltzeko, horrelako ontziak oso-oso handiak dira; gainera, nire ustez, azkarregi zihoan itsasontzia handik pasatzeko orduan. Horrelako istripuak berriz gertatuko direla iruditzen zait. Badakit Panamako agintariak Suezen gertatu dena ikertzen aritu direla, Panamako kanalean ere gerta daitekeelako horrelako zerbait.

Nola bizi duzue mundu mailako pandemia itsasontzian?

Oso gaizki. Nahiz eta mundua itsasontziek mugitzen dutela esan, portuak ez daude prestatuta maila honetako pandemia batek sor ditzakeen arazo logistikoei aurre egiteko eta guri babesa emateko. Iaz hiru hilabeteko kanpaina batean itsasoratu nintzen, eta sei hilabete eta erdi pasatu behar izan nituen azkenerako, inon ez zidatelako uzten itsasontzia porturatzen. Guk ez dugu izan gaixorik ontzian, oso zaila baita kutsatzea. Itsaso zabalean egiten dugu lan, eta portuekin ez daukagu ia kontakturik. Eguneroko lanean baino, pandemiak logistika kontuetan sortu dizkigu arazo gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.