Etxepeko antifaxista

Haren hotela hartua zuten naziek. Eta, hala ere, erresistentziarekin kolaboratu zuen Maria Josefa Sansberro 'Maddi' oiartzuarrak, jazarriei muga zeharkatzen lagunduz. Izarraitz Villaluzek eta Joxe Mari Mitxelenak Sansberroren figura berreskuratu dute, eta Edurne Portelak fikzioaren bidez biribildu du haren soslaia.

4. Dokumentuak. Agiri sorta bat: tartean, jaiotzarena, dibortzioarena, eta AEBren aintzatespenarena. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Egitateak daude, batetik: nazien aurkako erresistentzian ibili zela frogatzen dute agiriek. Eta kontakizuna dago, bestetik: mugalariaren hausnarketak Bidasora hurbiltzean, gauaren bortitza, hezetasunak erasandako gorputza eta aldartea, alpargata xehatuak. Maria Josefa Sansberro Maddi oiartzuarraren kasuan (Gipuzkoa), biak daude: egitateak, Izarraitz Villaluze Aizpurua eta Joxe Mari Mitxelena Cazabon oiartzuarrek bildutakoak; eta kontakizuna, Edurne Portela Santurtziko idazleak (Bizkaia) taxututakoa, ikerlarion lana oinarri hartuta: Maddi y las fronteras (Maddi eta mugak; Galaxia Gutenberg, 2023).

Jakin-minak libratu du ahanzturatik. Nazien kontzentrazio esparruetako dokumentu batzuk desklasifikatu zituztenean, Oiartzungo atxilotuen bila hasi ziren Villaluze eta Mitxelena, eta Maria Josefa Nicolas batekin egin zuten topo. Jardun antifaxista izan zen hura ezagutzeko heldulekua, baina, ikertzen hasi ahala, andrearen bizitza osoak eman zien arreta. «Erresistentziara sartu aurretik hartutako erabakiak ere oso ausartak izan ziren», Villaluzeren irudiko. «Bizitza gogorra» izan baitzuen, hasieratik: 1895ean jaio zen, eta 2 urterekin utzi zuen Oiartzungo baserria, Senperera (Lapurdi) lekualdatzeko, oinez.

Helduaroan ere ez zen otzana izan nonbait, aurkitutako agirietatik ondorioztatu dutenez. 1918an, Nicolas Perul Ziburuko (Lapurdi) zurginarekin ezkondu zen, eta banandu egin ziren hamahiru urteren buruan, adostuta; ez zuten seme-alabarik eduki. Berriro ezkondu zen Sansberro, 1938an, Pierre Nicolas Louis izeneko gizon batekin, Sarako ile apaintzailea izandakoa, eta, handik gutxira, haur bat hartu zuen semetzat, Lucien Cyrin. Ez zen jakina nor ziren Lucienen gurasoak: 1930ean sortu zen, eta Nicolasek abizenak eman zizkion sei hilabeteren buruan.

Sansberrok eta Nicolasek hotel bat izan zuten bizibide. Larhunerako trenbidea egiteko, Santinazioko lepoko lursail batzuk desjabetu zituzten; Nicolasek lur zati bat eskuratzea lortu zuen, eta hotela eraiki. Sansberrok gobernatzen zuen negozioa. Ostutako eremu bat zenez, inguruko baserritarrek begi txarrez ikusi zuten hotela hasieratik, eta arbuioa handitu egin zen asteburuetan dantzak antolatzen hasi zirenean. Maddiri izter arina deitzen zioten, Anje Luberriaga Azkaineko (Lapurdi) alkate ohiak kontatu zienez. Sansberroren oroitzapen lausoak ditu Luberriagak, 14 urte zituela atxilotu baitzuten, baina Lucienekin harreman estuagoa eduki zuen.

Jaiotza eta dibortzio agiriez eta bestelakoez lagunduta eta Maddi edo ingurukoak ezagutu zituztenen lekukotzez baliatuta ahalegindu dira emakumearen soslaia osatzen, baina hutsuneak daude, ezinbestean. Esaterako: zer harreman zuten Nicolasek eta Sansberrok, egiaz? Fikzioak lotu ditu txatalak. Dokumentatu gabeko xehetasunak irudimenerako akuilu izan dira, Portelaren arabera. Sansberro indartsu irudikatu du, eta lehen pertsonako kontakizunak bide eman dio emakumearen gogoetak eta kezkak imajinatzeko, Elizarekin zuen harreman gatazkatsuan murgiltzeko, hotelean instalatu zitzaizkion naziek piztutako beldurra eta gogaitasuna islatzeko. «Irudimenarekin batera, subjektibotasuna sartu da, eta jada ezin dugu hitz egin existitu zen Maddiz, baizik eta nik birsortu dudanaz».

Kontrabandista hasieran

Larhunerako trenak turismoa erakarri zuen, baina bisitariak neurriz joaten ziren artean. Hori hala, leku bakartia zen, Saratik aldendua (Lapurdi), gainera; eta Bidasoa ibaitik gertu zegoen, mendiz inguratuta. «Oso leku aproposa zen Maddik egin zituen jardueretarako», Portelaren esanetan. Udan, hotelak bezeroak zituen, baina neguan urriak ziren, ez baitzen trenik izaten. Behar ekonomikoengatik hasi ziren asteburuetako dantzak antolatzen, baina ez zen nahikoa, eta beste diru iturri batzuetara jo zuten. «Gune horretan, bizibide oso ohikoa zen kontrabandoa, batik bat negozioren bat zutenentzat, non kontrabandoko produktuak kontsumitzen ziren», azaldu du idazleak. Kafearekin, olioarekin, alkoholarekin, parpailekin eta bestelakoekin lan egiten hasi zen Sansberro.

Kontrabandoan izandako esperientziak lagundu zion gero mugaren bi aldeetan faxistek jazarritakoei laguntzeko, baita dokumentu sekretuak gorde eta helarazteko ere. 36ko gerran, jende askori lagundu zion Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira pasatzen, Mitxelenaren arabera. «Esaten zutenez, Arantza [Nafarroa] inguruko jendea zen, batez ere, baita Oiartzungoa eta Lesakakoa ere [Nafarroa]». Gatazka bukatu eta lasterrera hasi zen Bigarren Mundu Gerra, eta naziek handik urtebetera okupatu zuten Frantzia. Jende fluxuak kontrako norabidea hartu zuen.

Ez zen ohiko mugalaria, Mitxelenak dioenez. «Ez zuen jendea pasatzen bakarrik. Gorde egiten zituen, borda edo bestelakoetan. Zaurituta bazeuden, mediku lagun bati deitzen zion, sendatu zitzan». Aliatuen armadetako soldaduak heltzen zitzaizkion, hegazkinlariak batez ere: nazien mendeko eremuetan erortzen ziren; Belgikatik ihes egin, eta Maddirengana eramaten zituzten. Juduak ere babestu zituen.

Azpiegitura eraginkorra moldatu zuen, ikerlariaren berbei erreparatuta. «Erresistentziakoek ere jendea pasatzen zuten, baina hamarretatik zortzi atxilotu egiten zituzten. Sansberro behin ere ez zuten harrapatu. Azpiegitura oso segurua zuen». Hala, askok jo zuten harengana: ikerlariek ziurtzat daukate lau sarerekin behintzat lan egin zuela, eta Mitxelenak uste du gune horretako sare guztiekin kolaboratu zuela. «Zazpi-zortzi sare zeuden, guztira. Nahiz eta harreman txarra eduki, Elizak ere harengana jo zuen askotan: adibidez, aita Bordesek, erresistentziako kide famatua zenak. Baita CIAk ere».

Arerioen muturren aurrean egin zuen hori dena. Santinazioko lepo ingurura heldu zirenean, naziek begiz jo zuten Sansberroren hotela; han hartu zuten aterpe; Maddik zerbitzatu behar izan zien, eta, bitartean, haiek higatzen tematu zen. Zuhurtziaz jokatu zuen, nahitaez: bidaia gutxi egiten zituen. Iheslariak 19:00¡inguruan ateratzen ziren, eta 07:00etarako egon behar izaten zuten Oiartzunen; hamabi orduko bidea zen, gauez. Maddik osterak egin zituen inoiz, baina motzagoak. Mitxelena: «Bera [Nafarroa] eta Sararekin muga egiten duen Lizuniaga auzoraino heltzen zen: hiruzpalau orduko bidea, joan eta etorri». Ez zitzaion komeni luzatzea.

Bidaiak gauez egiten zituzten, tentuz, muga inguruan ugariak baitziren hala naziak nola Espainiako faxistak. Villaluze: «Bidasotik Behobiarako bidea [Gipuzkoa] errazagoa zen, baina beti zegoen zainduta. Orduan, mendira joan behar zuten, Erlaitz aldera». Bide gorabeheratsu eta malkartsuetan ordu askoz ibiltzen ziren, berehala hondatzen ziren alpargata batzuekin. Maddik zapatez ere hornitzen zituen iheslariak. «Hitz egitea ere nahiko mugatua zuten, hizkuntzagatik, eta baxu hitz egin behar zutelako. Adi egon behar izaten zuten, Lesakarako bideko balkoitik adierazten zieten nondik joan, nondik ez...».

1944an atxilotu zuten Maddi, eta urte hartan erail, Sachenhausengo (Alemania) kontzentrazio esparruan. Hori ere imajinatu du Portelak: lan behartuak, akidura, izua. Eta hondoa jotzea, gogoeten jario oparoa ezinezkoa bihurtuta jada, detaileak harrapatzen dituzten esaldi laburrak, eta Sarako eliz dorreko berbak: Oren guztiek dute gizona kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen. Lucien hasi zen amaren ekarpenak berreskuratzen, 1948an. Eta, urte askoren ondoren, liburu batean betikotu da Maddi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.