bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik
«Hala nola negua doan, udaberria agertzen da, eta nire biziko neguan egin behar dut ahal guzia hurbiltzeagatik nire biziko udaberrira, eta hala nola udaberrian betetzen diren lorez aldaskatu berri guziak, hala nire biziko oroimen guziek atera dezatela lore mota guzietatik nire idaztietan». Horixe erran, eta hasi zinen idazten memoriak...
Hiruretan hogei eta hamabietara nindoan, eta tenore txarra du geroko uztea. Badakit jende anitzek beren gazterian izan dituztela nik bezalako nahi berak, baina batzuek egin dutena bertze batzuek ez dute erdietsi, hasi ere ez dute egin. Eta nik hasi behar nuen. Oroitzen nintzen gauza guziak idatzi nituen, deus utzi gabe, orai duela urte gutiz deusengatik idaztera utziko ez nuena ere. Orai ez zait inport.
Orai ez zaizu inport?
Ez. Nahi nuke gure alaben ume guziek jakin dezaten beren amatxik igaro dituen zailtasunak, nire bizia ez dela izan berek izan dutena bezain ona. Bai eta ere nahi dut nire bilobek ikasi dezaten nire euskara bera hitz egiten, irakurtzen eta idazten. Eta izan daitezela kristau txintxoak, nonahi langile onak, umilak, eta maita ditzatela beren senideak eta, guti edo anitz dutelarik, oroi daitezen beharra duten guziez... Irria duzu ezpainetan?...
«Hiruretan hogei eta hamabietara nindoan, eta tenore txarra du geroko uztea»
Barkatu, Perpetua, betiko zera hori: «Kristau txintxoak, langile onak, umilak»...
Kasu! Irritik zoroa ageri! Mezkirizko seme-alabak arrunt langileak dira. Japonesak deitzen dituzte, beren lanak eta bertzerenak egiten dituztelakoz. Aspaldiko esaera zahar bat bada: «Mezkiritz eta Olonditz, ogi guti eta haur anitz». Haur anitz bazen nire denboran, baziren hamaika, hamabi edo hamahiru umeko familiak. Hainbertze ume zituzten etxeetan zer egin behar zuten? Lana eginarazi, ez zen bertze biderik.
Nork beretzat ez ezik, herriarentzat ere egiten zenuten lan. Zure tonbara gentozela, mezkiritarrak auzolanean zirela ikusi dut. Jasone Mitxeltorenak hobekiago galdeginen lizuke auzolanaz ...
Auzolanak behar ziren guzietan egiten ziren, eta etxe bakoitxetik joaten zen gizon bat. Auzolaneko lanak izaten dira bideak, iturri eta askak garbitzeko. Orai bertze gauza bat ona egiten dute udan, larunbat guzietan biltzen dute zikinkeria guzia, eta uste dut leizeetara botatzen dutela Berregu mendian, han baitira Mezkirizko leize gehienak. Bada leize handi bat, Lezemotz, eta nire amatxik erraten zuen leize horretara bota zutela karlistek bertze aldeko manazale baten andrea, Mezkirizko Paxkualenean bizi zena. Bi hilabeteren buruan haurra izan beharra zen.
Paskualeneko Josetxoren ezagutza egin dugu... Hurrena galdeginen diogu horretaz. Segitu zuk leize historiak kontatzen, Perpetua...
Berreguko bertze leize batera zazpi urteko mutiko bat erori zen, Apesui etxeko semea, artzain zegoena bertze lagun batekin. Nire aitak eta Justok, Mañuelain etxekoak, atera zuten leizetik. Etxera zeramatelarik, bere bonetaz galdegin zuen, beldur zuen etxean haserretuko zutela. Baina etxera gabe hil zen, uste dut. Lusarretako eta Esnozko hegian bada bertze leize bat, Lezestali, eta bertan bizitzen omen ziren lamiak, eta bazter haietara ateratzen omen ziren eguzkira orraztatzera urrezko orraziarekin. Hori erraten zuten, baina nik ez dut ikusi gauza hauek. Bakarrik, ni haurra nintzenean, handik hezur alde [multzo] bat atera eta eraman zutela hobitegira.
«Amatxik erraten zuen Lezemotzen bota zutela karlistek bertze aldeko manazale baten andrea»
Amatxik erraten zuenetik zeuk erraten duzunera etorri gara...
Beharrik, oroitzen naiz! Mezkiritzen, lehenago, etxeetan urik ez zelarik, joaten ginen negu minean arropa zikina garbitzera estalpe batean. Putzu handi bat bazen herriaren erdian. Hogei andre edo neska inguruan egon zitezkeen garbitzen eta ez zen ur zikinik biltzen; ura kurritzen zen anitz. Baina udaberrian, denbora ontzen zenean, joaten ginen Usaingo errekara eta han bakar-bakarra gelditzen ginen. Behin batez, ama eta biok ari ginen arropa alde bat garbitzen eta, bat-batean, amak garrasi handi bat egin zuen. Txutitu zen, inarrosi zituen bere soineko guziak eta suge handi bat erori zen lurrera. Nik, harri handi bat hartu bi eskuekin, bota nion buru gainera eta hilik gelditu zen. Ikusten nituen sugeak, hiltzen nituen denak. Aldi horretan nire ama haurra hazten ari zen...
Ez dira bart arratseko kontuak.
Nire amatxik erraten zuen lehenago herrian izan zela izurri edo pestea, eta jende anitz hiltzen ari zirela. Eta orduan apezak erran zuen nola Sebastian deuna zen pestearen aurkakoa, eta ekarri behar zela bere iduria. Eta joan zela apeza Iruñera iduria erostera, eta eraman zuela herrira, eta herriko dermioan sartu orduko eri zeuden guziak sendaturik gelditu zirela. Denbora puxkaten buruan Erromara joan ziren apeza eta alkatea, aita santuari eskatzera eliza-besta egitea Mezkirizko herrian. Santuaren hondakina ere ekarri zuten Erromatik. Nire amatxik erraten zuen gauza horiek guziak gelditu zirela idatziak eta gorderik herriko etxean edo elizan.
Aitaren zerbitzuaz, edo soldadutzaz, baduzu idatzirik.
Bai. Orduan ere, mutil euskaldunak joaten ziren Espainiako gorroto edo gerretara. Nire aitak egin behar zuelarik zerbitzua, hartu zuen bia [vía, gaztelaniatik] Kubara joateko. Baina arrunt tikia zen eta utzi zuten berantagoko, eta denboraren buruan berriz neurtu zuten Iruñean eta, berriz, ez zuela balio, baina, asperturik haiek, eman zioten eskura paper bat erraten zuena «licencia absoluta» [behin-betiko baimena]. Irri eginez, isekaz, eman zioten papera: «Tori zure andregaia, gorde ezazu ongi!». Aita etorri zen etxera eta lasai-lasai erran zuen: «Ama, ez noa Kubara, hara joateko tikia naiz». Baina ordutik aita hasi zen goratzen eta bere anaietan handiena izan zen, eta gainerako anitz baino luzeago ere bai Mezkiritzen. Anitzek erraten zioten: «Ez duk erreginaz gaizki irri egin!».
«Lezestalin bizitzen omen ziren lamiak, eta bazter haietara ateratzen omen ziren eguzkira orraztatzera urrezko orraziarekin»
Kar, kar...
Nire aitak bazituen sei arreba eta bortz anaia, berarekin sei, baina batek ere ez zuen zerbitzurik egin. Batek gauza batengatik eta bertzeak bertze batengatik, ez zen anaia bat ere egun bat ere egon zerbitzuan. Gazteenak egin behar zuelarik, aitatxik erran zuen: «Zer, nire gazteena zerbitzura joaten utzi? Ez nekez!». Eta erosi zuen bertze mutil bat, egin zezan nire osabak egin behar zuen zerbitzua.
Oraintxe berritu dugu harako Jean-Martin Hiribarrenen hura: «Etxerat ezin joan / ilundu artean / egoten ohi dira / zozoen elean». Edo noizbait Asiskok erran zuenez, «Solasturi onarekin ere, orenak labur»... Nondik heldu zitzaizun «Perpetua» izena?
Erranen dizut hori ere. Orduan, sortu eta biharamunean bataiatzen zen haurra. Mezkiritzen eultziak [uzta] biltzen ariko ziren. Ortziralea zen eta denbora ezin ederragokoa. Ahotzak [lastoa] bide guzitik, udako eultzi urrina bide guzian. Bataiatzeko tenorea etorri zelarik, nehork ez zekien apezak ze izen eman behar zidan. Eta erran omen zuen: «Gaur dagonilaren laua, badugu gizon izen anitz, baina andre batena bakarrik: ‘Perpetua’. Hori da ume honek eraman behar duen izena». Etxekoak denak isilik, ez baitzuten sekula entzun izen hori. «Erranen diozue anitz aldiz ‘Perfecta’, baina ez du inport, ‘Perpetua’ da eta hala deitu behar zaio». Etxera itzultzean, zenbait galdera: «Zer izen eman diozue?». Eta: «Perpetua». Apa edo musu tiki bat eman zidaten, bataiatu berria nintzelakoz. Ondoan, aitatxik bi soseko bana eman haur guziei, berdin etxerako bidean jende multzo zenbaiten artera botatuz sos zerbait... Herrian jende gehiena eultzi hondarrak biltzen, zaku kostalak ogi pikorrez beteak... eta bizia segi aitzina.
«Behin batez, ama eta biok ari ginen arropa alde bat garbitzen eta, bat-batean, amak garrasi handi bat egin zuen [sugea]»
EMAKUME INDARTSUAK
Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia (Euskaltzaindia, 2011) du izena Andres Iñigok paratu zigun lanak eta, zinez, badu mami aski asko, eta, aldiz, guti alferrik galtzekorik. Perpetuaren memoria-ariketa gaitza ageri du liburuak, amatxik erranak han eta Perpetuak berak bizi eta ikusiak hemen. Eta, gehigarri, berrogeitaka emakumeren gaineko soslai sotilak, margolari inpresionistaren pare eginak. «Gisa guzietako emakumeak baditut (...) badira irakasleak, anitz ikasi dutenak, eta bertze batzuk batere ikasi gabekoak. (...) Xoko guzietan Euskal Herriko emakume indartsuak bilatu ditut eta, aitzina begiratuz, bilatu behar ditut bakar batzuk gehiago. (...)
»Anitz aldiz gogoratu zait Espainiako gerra edo izen genuen gorroto handi hark zenbat ama semeak gabe eta zenbat alargun senarrik gabe egin zituen. Niri andre alargun batek erran zidan Erriberako Mendabiakoa zela eta hogeita zazpi andre alargun gelditu zirela herrian. Batere berak gerrara joan gabe zinpi-zanpa herrian berean hil zituztela, eta bere senarrak hogeita zazpi urte zituela [hil zutenean]. Negar egingarri zen erraten zuena gaixoak. Hori gure herrietan ez zen izan, baina elkar ezin ikusi zuten herrietan bai. Nik ez dakit inguruko herrietakoak ziren hiltzaileak edo herri bereko bihotz gabeko zenbait ote zen. Betiere negarrak utzi zituzten xoko guzietan. Eta zer indartasuna behar zuten emakume gaixoek, buru ematen gelditu ziren lan aldearekin. Nahigabe guzien gainera, gehienek galdu izan zuten beren osasuna, bakea eta gauza on gehienak. Berriz ezkontzen zirenak, laneko besoak behar zutelakoz... Hori gertatzen zen. Ez zen hain errax ongi aurkitzea bertze batekin, baina denak ilundurak ziren orduan, eta bertze bat gehiago irentsi behar izanen zuten. Gaixoak!».
ARTIEDAKO EMAKUMEAREN INDARRA
»(...) Berrogeita zazpigarren emakumea: Aoitzera hurbil den herri pollit batean, Artieda deitzen denean, ni haurra nitzelarik bazen andre bat ederra, zentzu handikoa. (...) ezkondu zen bere gogoko mutil on batekin (...) Etxe handi batean bizi ziren eta, aldi batez, berak kanpoan zirelarik, suak hartu omen zien etxeko gibelaldea. Etorri zirelarik, ikusi zuten ia ez zela deusetako itxaropenik. Orduan, hartu omen zuen andreak Jose deunaren iduri bat, sua zegoen toki berean paratu, eta erran omen zion: ‘Jose santua, itzal ezazu su hau. Eta ez baduzu itzaltzen, zu zara lehenbiziko erreko zarena!’ Andre hark ze sinesmen handia zuen honetarik ageri da. Eta sinesmena ongi saritua izan zen, ez zelakoz erre iduria eta itzali zen sua, arrunt handia izanik ere. Ageri da ere andre haren indar handia suaren artean sartzeko eta errateko santuari erran ziona. Nire idurikoz, oraino etxe berean dago iduria batere erre gabe. Gero, herri bereko elizan paratu zuten iduri bat handiagokoa, Jose deunarena, eta herri guziak maite du eta eskatzen diote laguntza».