Hernaniko (Gipuzkoa) Lepa Txiki baserriaren magalean dagoen belardiari so dira hirurak; zein ederra den eta zenbat lan duen pentsatzen, hain segur. «Larre zabal horretan belarra mozteko robota sartuko bazenu, laguntza galanta», erran dio Amaia Odriozola (Azpeitia, Gipuzkoa, 1984) Karabeleko nekazaritza elkarteko kideak. Begiradarekin erantzun dio Kontxi Zubiondo (Hernani, Gipuzkoa, 1966) baserritarrak, hitzen beharrik gabe: «Alferrik ari zara; robota aldapa horretan sartuz gero, galdu egingo da». Sasi-garbitzeko makinarekin aritzen dira normalean, baina badute orain berrogei urte eskuratutako sega bat ere. «Makineriak noiz edo noiz huts egin lezake; honek, ordea, sekula ez», argitu du Zubiondok.
Segarekin eta gainerako eskuzko erremintekin makina bat ordu pasatuak dira Zubiondo eta Odriozola; baita Pablo Lodeiro (Vigo, Galizia, 1974) Bellota Herramientas-eko langilea ere. Landa eremuko lanetan aritzen dira hirurak, baina helburu komun bat dute: tresneria eroso erabiltzeko modukoa izatea lortzea.
Lepa Txiki baserrian sortu eta hazitakoa da Zubiondo; ikusiaz ikasi du nola aritzen den landa lanean. «14 urterekin ikasteari utzi nion, eta etxean hasi nintzen lanean. Esne behiak, belarra, baratzea... beti izaten zen zerbait», oroitu du. Baratzea autokontsumorako izan dute beti, baita gaur egun ere. Dena den, orain urte batzuk merkatu zuzenera egin zuten salto; eta haragiarekin aritzen dira orain. «Bost kiloko loteetan saltzen dugu haragia, eta, egia esan, oso ondo funtzionatzen du. Jendeari asko gustatzen ari zaio», azaldu du Zubiondok. Etxeko elikagaiekin elikatzen dituzte abereak, eta libre ibiltzen dira soroan barrena. «Horrek eragin handia dauka haragiaren zaporean». Haragiarekin hasi aitzinetik, esne salmentan aritzen ziren Lepa Txikin, baina bizitza «oso makala» zen; «hortik ezin zen bizi».
«Batzuetan lurrak eskatzen du arriskua hartzea eta lur txarretan sartzea, eta, kasu horietan, balantzan jarri behar da merezi duen edo ez»
KONTXI ZUBIONDO Baserritarra
Odriozola ere baserrian jaiotakoa da; gurasoak baserritarrak izanda, bera ere bizimodu horretan hezia. «Behiak, lur eremu handiak eta baratzea izaten genituen etxean. Aitona abereez arduratzen zen, eta amona, baratzeaz». Amonaren partea jaso du Odriozolak: baratzerako afizioa. 2013az geroztik, Hernaniko Karabeleko nekazaritza elkartean aritzen da lanean, nekazaritza ekologikoaren aldeko apustu betean. «Elikadura subiranotasunarekin problema latza daukagu, jaten dugunaren %5 bakarrik baita bertako produktua», azaldu du Odriozolak.
«Urte txarra» izendatu dute aurtengoa Zubiondok eta Odriozolak, lurrak ez baitie nahi bezala erantzun eta eguraldiak ere ez baitu lagundu. «Aurten ez dugu izan ez babarrunik, ez tomaterik, ez patatarik, ez kalabazarik, ez tipularik...», dio Odriozolak. Uztarik ez denean, baina, ezin deus egin. «Argi falta handia» izan dute aurten; eta horixe da, bien aburuz, baldintzarik okerrena. «Eguraldiak eragin handia izan du azken urteetan, baina aurten argi falta izan da gehienbat. Landareak ez dira hazten, ez dira lehortzen...», etsitu du Odriozolak.
Arriskua hartzea
Etxetik ikusten den soroa seinalatuta, halaxe aitortu du Zubiondok: «Horko belardian lau mozketa egiten genituen urtero; aurten, ordea, bi». Eguraldi txarrak zuzenean eragiten duen sektorean, «kosta» egiten bada ere, geldi egoten ikasi behar izan dute baserritarrek. «Lan egin nahi dugu, eta gaizki ateratzen da. Eguraldia txarra denean lanik egin ezin denez, ematen du denbora galtzen ari garela; baina itxaroten jakitea denbora irabaztea da nekazaritzan», azaldu du Zubiondok. Lurrak agintzen du nekazaritzan, eta, hortaz, hark markatzen du Odriozolaren eta Zubiondoren erritmoa; haren beharretara egokitu behar beti. «Batzuetan lurrak eskatzen du arriskua hartzea eta lur txarretan sartzea, eta, kasu horietan, balantzan jarri behar da merezi duen edo ez. Istripu asko egon dira aurten; urte txarra izan denez, aukera txarrenak hartzeagatik», argitu du Lepa Txikiko baserritarrak.
Inoiz edo behin egin dute lur txarretan sartzeko hautua; eskuz egiteko lana zenean. Makineriarekin, ordea, ezin da «edozein» lurretan sartu; «arriskutsua» izan daiteke. «Baldintza batzuk bete behar ditu lurrak, eta, nekazaritza ekologikoan, are gehiago», dio Odriozolak. Uzta jaso nahi eta ezinak, sarri, lurra behartzera daramatza baserritarrak. Behin kaltea eginda, baina, zaila da berriz goxatzen. «Kontu handia eduki behar da elementu askorekin, nekazaritzan kaltea eragiten duten faktore asko eta asko daude eta», ohartarazi du Odriozolak. «Nekazaritzak ez du abisurik ematen: zuk egon behar duzu alertan».
Faktore eragile horietatik kanpo hezitakoa da Lodeiro, baina, afizioek hala gidatuta, nekazaritza eta natura arloan egin zituen ikasketak; eta eremu horretan aritu da beti lanean. «Gaur egun, batik bat, nekazariekin egiten dut lan; norbanakoekin eta haiek erabiltzen dituzten erremintekin», azaldu du. Eskuz lan egiteko tresneriak gauza bakarra eskatzen die erabiltzaileei: egokitu daitezela haren moldera. «Zaila da hasieratik gure gorputzetara egokitzen den tresna bat topatzea. Guk hor gabezia bat nabaritu genuen, eta gure alea jartzen ahalegindu ginen. Egia da gorputzak ikasi egiten duela tresnetara egokitzen, baina bidea erraztu daiteke, eta posible da gorputzetara egokitzen diren tresnak sortzea», kontatu du Lodeirok. Ideia bururatu, eta egin. Gaur egun, tamaina, indarra, altuera, lan mota, gustua, ohitura, erosotasuna, eskuaren forma... guztia har daiteke kontuan laguntzaile berri bat erosi aitzinetik. «Pixkanaka hasi ginen egokitze lana egiten, eta ohartu ginen, gainera, emakumeen gorputzetara egokitzen zen tresneriarik ez zegoela kasik. Horretan hasi ginen: tresna arinagoak eta manipulagarriagoak egiten. Indarraren hain mende egon ez zitezen, eta, oro har, erabilgarriagoak izan zitezen».
«Pixkanaka hasi ginen egokitze lana egiten, eta ohartu ginen, gainera, emakumeen gorputzetara egokitzen zen tresneriarik ez zegoela kasik»
PABLO LODEIRO Bellota Herramientas-eko langilea
Zubiondok ez zuen inoiz pentsatu aitzurrik molda zitekeenik haren gorputzera; gorputza izan da beti erremintara egokitu dena, ez alderantziz. «Gure etxean guztiok erabiltzen genituen tresna berak, nahiz eta bakoitzak bere tamaina eta indarra eduki». Tresneria egokia erabiltzen hasi, eta lanari etekin handiagoa atera diote baserrian —eguraldiak eta lurrak lagundu ez badute ere—. Odriozolari ere lan handiagoa eman dio makineriak eskuzko tresneriak baino, nahiz eta gerora hasia den bizkarreko minak eta bertzelako zenbait ondorio jasaten. «Gorputza zaintzea» deitu diote erreminta berriak erosteari.
Zalantzati agertu da Zubiondo, bidean gaitasunak galtzen ari ote diren nekazaritzan. «Gure aitak orduak eta orduak ematen ditu baratzean; bizi guztia eman du han, eta ez du sekula minik eduki. Gure amona ere halakoxea zen, beti tresna pisutsu eta handiekin ibilia, baina sekula ez zen kexatu; guk baino askoz ere lan hobea egiten zuen». Makineriara ohitzeak izanen du zerikusirik horretan, nahiz eta oraindik ere baden lanik eskuz bertzerik egin ezin daitekeenik. «Aitzurra beti existituko da. Makineria hondatu daiteke, eta etorriko dira aitzurra baino hobeki lan egiten duten tresnak, baina aitzurra han izango da beti; ez du inoiz huts egingo».
Tresneria gorputzera egokitzeak erran nahi du, adibidez, gomazko kirtenak egitea, kirten luzeagoak eta motzagoak sortzea, finagoak eta lodiagoak, astunagoak eta arinagoak, punta irekiagoa edo itxiagoa dutenak... Kailurik eta babarik eraginen ez dutenak; edo gutxiago, behintzat.
«Urte osoko produkzioa egin nahi bada, 10-15 egunetik behin aritu behar da landatzen, eta oso nekagarria da ateratzen ez den elikagai baten bila arrastaka aritzea»
AMAIA ODRIOZOLA Karabeleko elkarteko nekazaria
Dena dela, nahiago lukete eskua kailuz bete, baldin eta horrek saski bete uzta ekarriko balu. Galera urteetan, aurtengoan kasurako, ez dute laguntzarik jasotzen; aitzitik, susmoa dute maiz ez dituztela ulertzen. «Urte osoko produkzioa egin nahi bada, 10-15 egunetik behin aritu behar da landatzen, eta oso nekagarria da ateratzen ez den elikagai baten bila arrastaka aritzea», kontatu du Odriozolak. «Uste dut oso lagungarria dela egoera bere horretan kontatzea; erosle-saltzaile harremana existitzen bada, ulertu egiten gaituzte». Horixe du merkatu zuzenak; saltzaileari aurpegia jartzeak eroslea hurbildu egiten duela, bertzeak bertze. Elkar laguntzen eta aditzen ere aritzen direla kontatu dute, arazoak azaltzeak «lasaitu» egiten dituelako.
Harreman ona dute erosleekin; izan ere, «ezinbesteko» iruditzen zaie hartu-emanean oinarritutako harremanak egitea. «Gure mundua hain hurbil ez izanagatik ere, behin ezagututa, sentsibilizatu egiten dira, eta gustua hartzen diote. Lehen aldiz bezero egiten denak errepikatu egiten du ia beti. Seinale ona da hori», dio Zubiondok.
Etorkizuneko zalantzak
Nolakoak izanen dira etorkizuneko eskuak? Eta erremintak? Kirten gomadunak izanen dituzte? Erantzuna nolanahikoa izanda ere, beso zabalik hartuko dituzte gazteak. «Baserrian jaio diren gazteek badakite errealitatea zein den: bere poz eta bere min. Prestatuta daude, eta dagoenera egokitzen dira», dio Zubiondok. Makineriarekin eta esku tresnekin «adituak» dira, baina, horretarako, mundua ezagutu egin behar dute. «Gurekin bezala gertatuko da, txikitatik ezagutu badute edo gustatzen bazaie, oso onak izango dira; baina gustatu egin behar».
Lodeirok «beharrezko» ikusten ditu gazteak; «ezinbestekoak» belaunaldi aldaketa bat emanen bada. «Haize freskoa dakarte lur zaharrerako. Elikagaiak beti beharko ditugu, eta beti beharko da hori sortzen duen norbait». Aldaketa ongi gerta dadin, baina, «ikuspegi gaitasuna» garatu behar da aurrez. «Zure biziraupena landareen mende badago, bai, garatzen da ikuspegi hori; baina behar hain handirik edukitzen ez bada, galdu egiten da gaitasuna», dio Odriozolak. Arazoei irtenbideak bilatzea, hainbat aukera izatea eta aurreikuspenak egitea da, hain zuzen, ikuspegi gaitasuna izatea. Geroz eta urriagoa den zantzua hartu diote baserritarrek.
«Hori, alabaina, sektore askotan gertatzen da, ez nekazaritzan bakarrik», dio Lodeirok. «Azkar eta presaka bizi gara, eta gizarteak berak eramaten gaitu ikuspegi hori gutxitzera. Arazoa da nekazaritzak ez duela presarik onartzen, eta, akaso, horregatik alboratzen da».