Etxeko animaliak, babestuago

Lagun egiteko animalien lege berria onartzeko bidean dira Nafarroan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere 1990eko hamarkadako legea berritzekotan dira, eta 2015etik babes handiagoa dute animaliek Iparraldean.

Paseoan. Emakume bat eta bi txakur paseatzen Iruñeko Gaztelugibelean. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Iker Tubia.
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Lagun egiteko animaliak babesten. Horretan ari dira lanean Hego Euskal Herriko parlamentuak. Izan ere, 1993 eta 1994ko legeak daude indarrean Araban, Bizkaian, Gipuzkoa eta Nafarroan, eta alderdi eta eragileek uste dute zaharkiturik geratu direla. Ipar Euskal Herrian egoera hobea dute animaliek; batik bat 2015ean Frantziako Kode Zibilean egindako aldaketaren ondoren: orduz geroztik, animaliak «sentitzeko gai diren izakiak» dira, eta ez gauzak.

Nafarroan martxan da laguntza emateko animalien lege berria onartzeko prozedura. Joan den astean foru-lege proposamena aintzat hartzea erabaki zuten Iruñeko parlamentuan. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu-Orain Bai eta Ezkerra taldeek bultzatutako proposamena eztabaidatzearen alde egin zuen PSNk. Alderdi guziak bat zetozen ideia batekin: egungo gizarteak bestelako ikuspegi eta sentsibilizazioa du animaliekiko, beraz, legea garaietara egokitu beharra dago.

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak lege berria izan dezakete hemendik gutxira. Eusko Jaurlaritzak esana zuen zirriborroa aurkeztuko zutela urte hasieran. Zirriborro hori oso aurreraturik dago, eta aurki eraman dezake legebiltzarrera. Joan den urtean etortzeke dagoen legeaz mintzatu zen Ikerne Zuloaga Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendaria: «Ahal den gehiena lortu nahi du lege honek. Gure gizarteak erabat barneratua du animalien ongizatea puntu garrantzitsua dela, eta hori arautu beharra dago». Orduan esan zuenez, egungo legea «zaharkiturik» geratu da, eta lagun egiteko animalien kontzeptua zabaldu nahi dute.

Sentitzeko gaitasuna duten izakiak dira animaliak Ipar Euskal Herrian, Hegoaldean ez bezala. 2012an 13 neurozientzialarik sinatutako Cambridgeko adierazpenaren muina dago horren atzean. Legeak zenbait zigor ekonomiko eta penal aurreikusten ditu animalien tratu txarrak zigortzeko. Animalien bizitzaren kontrako erasoak edo tratu txarrak isunekin zigortzen dira; ekintza krudelak, tratu txarrak eta animaliak abandonatzea delitu dira, beraz, isunak edo kartzela zigorrak aurreikusten dira kasu horietarako.

Nafarroan lantzen ari diren lege proposamenaren gakoak bi dira: animalien zaintzaileen betebeharrak handituko dira, eta animalien kontrako jarrerak eta erasoak gogorrago zigortuko dira. Helburua animalien ongizatea bermatzea da, eta haien kontrako tratu txarrak bukatzea. Legea prestatzeko mahaian denetariko eragileak izan dira: animalistak, albaitariak, ehiztariak eta abeltzainak, besteak beste.

Lege proposamenaren gakoak azaldu dituzte Alfonso Bañeresek eta Irma Jimenezek. BASATI Babesgabeko Animaliak Sendatzeko Albaitari Talde Iraunkorra elkarteko kidea da lehenbizikoa, eta Nafarroako Animalien Askapena taldeko bozeramailea bigarrena. «Legea zaharkiturik geratu da. Garaiak aldatu dira, eta agerikoa da lege zaharrak ez duela funtzionatzen, animalien abandonuek eta tratu txarrek gora egin dutelako. Beraz, bada garaia neurriak hartzeko», esan du Jimenezek. Horregatik, kontent agertu da parlamentariek «gizartearen eskariari» kasu egin diotelako.

Lege proposamenak zenbait betebehar aitortzen dizkie animalien zaintzaileei. Adibidez, katuek txipa jarrita izan beharko dute, txakurrek bezala. Txip horren bidez identifikaturik egonen dira animaliak. «Jendeak, normalean, ez die txipa jartzen, eta katu asko kalean egoten dira libre. Kontrolatzeko modu bat da, eta katuak txakurrekin parekatzekoa ere», azaldu du albaitariak.

Bestelako ardurak ere izanen dituzte animalien zaintzaileek, besteak beste, urtero albaitariarengana eraman beharko dira animaliak, eta txertoak jartzea ere derrigorrezkoa izanen da. Horrelako betebeharrik ez dago, oraingoz, Euskal Herri osoan.

Animalien osasuna zaintzearen alde mintzatu da Bañeres: «Urtero txakurra albaitariarengana eramanda, ikusiko dugu ea arazorik baduen, edo tratu txarrik jasaten duen». Harago doa: osasun bakarra kontzeptuaren alde egin du: «Animalien osasuna eta gizakion osasuna ez dira bi gauza ezberdin, osasun bakarra dago guztientzat. Modu horretan, bektoreak, mikrobioak, parasitoak eta horrelakoak guri ez dizkigute pasako animaliek».

Albaitariek eta animalistek garrantzi handia aitortu diote zigorren alorrari, baita horiek betetzeko baliabideei ere. Adibide bat jarri du Bañeresek: lege proposamenean zehazten da txakurrak ezin direla egun osoz kateaturik egon. Hori betetzen ez duenak zigorra izanen luke legea onartuz gero. «Orain ere legeak hori galarazten du, baina ez dago zigorrik hori betetzen ez duenarentzat».

Jimenezek ere begi onez ikusi du animalien tratu txarren eta abandonuen zigorrak eta isunak gogortzea: «Gaur egun irrigarriak dira. Gogorragoak izan behar dira jendeak ez dezan horrelakorik egin». Gainera, adopzioetarako erregistro bat sortuko da, aurretik animalien kontra aritu direnek ez dezaten adoptatzerik izan: «Pertsona batzuek ez lukete animaliarik izan beharko, ez dituztelako ongi zaintzen». Legeak gogortuko badira ere, ekintzaile animalistak uste du animaliak zaintzen dituzten pertsonak ez direla kezkatu behar. «Animaliak egoera onean dituztenek ez diote beldurrik izan behar lege berriari».

Tratu txar asko

BASATI elkartekoek diotenez, animalia askok jasaten dituzte tratu txarrak; haiek kasu asko ikusten dituzte. «Ohituta gaude, zoritxarrez, hori ikustera», zehaztu du Bañeresek. Lege aldaketak tratu txar kopurua gutxituko duelakoan dago. Zenbakiak ere eman ditu: urtero 150 animalia artatzen dituzte, gutxi gorabehera Nafarroako albaitariek. Haietarik 50 inguru tratu txarrengatik. Abandonuak ere asko direla ohartarazi du Jimenezek. Haien kalkuluen arabera, 1.000 txakur inguru hartzen dituzte kalean, eta 600 katu baino gehiago. Nafarroako Animalien Askapena taldeak Iruñean kalean bizi diren katuen errolda ere egina du: 2.500 zenbatu zituzten. «Pentsa zenbat diren gainerako herri eta hiriak kontatuta».

Lege proposamenarekin kontent badira ere, onartu dute badirela alde batera utzi behar izan diren aferak. Adibidez, «sentitzeko gai diren izaki» izendatzearena. Berdin sakrifiziorik gabeko herrialdea lortzeko helburuarekin. «Ez dago ongi espresatuta, baina hori izan behar da azken helburua: ez dadila sakrifiziorik egin», dio beterinarioak. Herbehereetako kasua jarri du adibidetzat. Han, esterilizazioaren alde egin dute kaleko zakurren poblazioak desagerrarazteko. Horrekin batera, pertsonak animaliak izateko heztea eta animaliak identifikatu behar izatea dira hartutako neurriak.

Nafarroako Animalien Askapena elkarteak nahiko luke lege proposamenak animalia guziak bilduko balitu, baina Jimenezek onartu du hori «oso zaila» dela. «Hori gehiago kostatuko zaigu». Hala ere, ez du uste ezinezkoa denik: «Geroz eta jende gehiago da beganoa. Hau, gutxika-gutxika doa aurrera». Bañeres ere kontent da lortutako emaitzarekin: «Nahiko osoa dela uste dut; ez dut uste errenka sortuko denik legea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.