EITBko administrazio kontseilu berriak atzo egindako bileraren ondoren, hedabide publikoko batzordeko kideak nortzuk izango diren jakinarazi zuen Maite Iturbe EITBko zuzendari berriak. Erabaki horren ondorioz, finkatuta geratu dira lau zutabe nagusiak: Pello Sarasola (Hernani, Gipuzkoa, 1964) ETBko zuzendaria izango da; Odile Kruzeta (Eibar, Gipuzkoa, 1957), EITBko irratietako zuzendaria; Andoni Aranburu (Andoain, Gipuzkoa, 1956), estrategia arduradun berria, eta Jesus Elgezabalek (Bilbo, 1957) taldea kudeatuko du.
Sarasola 1989an sartu zen EITBn, ikerketa eta audientzia teknikari modura. 1995etik 2005era bitartean programazio zuzendari lanetan ibili zen, Antena 3 katera joan aurretik. Bertan sei urte egin zituen, eta 2011n EITBra itzuli zen ETBko eduki zuzendari izateko.
Irratien zuzendari eta koordinatzailea Kruzeta izango da. Kazetari gipuzkoarra 1984an sartu zen Euskadi Irratian, eta azken urteotan hainbat irrati saio zuzendu eta aurkeztu ditu. Irratia zuzentzearekin batera, edukiak eta ildo editorialak ere kontrolatuko ditu.
Elgezabal ekonomilaria taldearen kudeaketaz arduratuko da. 1992an administrazio eta finantza zuzendari izendatu zuten. Hedabide publikora iritsi aurretik, enpresa pribatutan ibili zen.
Zuzendaritza taldean izan den berrikuntza Aranbururen izendapena izan da. EITBko zuzendaritzarako hautagai izan zen Mikel Agirrek aurreko hiru izenak proposatzeaz gain, Jaime Otamendi ere proposatu zuen estrategia arduradunerako. Iturbek, berriz, Aranburu hautatu du Otamendiren lekuan. 1985ean hasi zen EITBn lanean, eta besteak beste, Nazioartea saileko arduraduna izan zen 1999. urtera arte. Ordutik gaur egun arte, kalitate zuzendaria izan da.
Iturbek Alberto Surio ordezkatuko du, eta azken hori El Diario Vasco egunkarira itzuliko da, Iritzi arloko arduradun gisa.
Informatibo buruak
EITBko informatibo buruak nortzuk izango diren ere eman zuten jakitera: Maite Amundarain ETBko informatibo burua izango da. Arantxa Garcia Moreno Radio Euskadiko informatibo burua, eta Aritz Agirre Euskadi Irratikoa. EITBko irratietako zuzendariorde berriz, Iñaki Guridi izendatu dute.
Komunikazioa
Etxeko adituekin osatu dute zuzendaritza taldea EITBn
Pello Sarasola, Odile Kruzeta, Jesus Elgezabal eta Andoni Aranburu izango dira zuzendaritzako kideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu