Etxean ere osasuntsu

Etxean gelditzea beharrezkoa den honetan, garrantzitsua da osasunari erreparatu eta ahalik eta osasuntsuena mantentzen saiatzea. Kirola egitea, burua okupatuta mantentzea eta koronabirusaren gaiari izkin egitea aholkatzen dute adituek, eta ahalik eta sanoena jatea.

BERRIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Osasuna erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera da, eta ez soilik afekziorik edo gaixotasunik eza». Horrela definitzen du osasuna hitza OMEk, Osasunaren Mundu Erakundeak. Sano mantentzea erronka da egunerokoan, zer esanik ez azken egunetan. Etxetik ateratzeko aukerarik gabe zailagoa baita osasuntsu mantentzea. Oro har, gutxiago mugitzen da jendea, hozkailura ohi baino bisita gehiago egiten dira, eta buru osasuna mantentzea ere zailagoa da. Aholku batzuk beteta, ordea, badago etxean egonda osasuntsu mantentzeko manera.

«Errutina bat ezartzea ezinbertzekoa da denentzat». Elena Olaiz psikologoaren hitzak dira. Olaizen arabera, garrantzitsua da egunerokotasuna antolatzea eta errutina horren barruan kokatzea denbora bat ariketa fisikoa egiteko, eta beste bat behar bezala jatek. Iritzi berekoa da Jabier Agirre medikua. Burua okupatuta edukitzea gomendatzen du, errutina ahalik eta gehiena mantentzen saiatzea, baita irakurtzea eta gurutzegramak egitea ere: «Bakoitzak egunerokoan egiten duena egiten saiatu behar gara».

Errutina mantentzearen aldekoak dira Nahia Zeziaga eta Andrea Larrea On Ekin kontsultako nutrizionistak ere. Errutina bat izateak jateko orduan zer eragin duen azaldu dute: «Askotan,errutinarik ezak kontzientzia gutxikiagoarekin jatera eraman gaitzake, eta, elikaduran, beti izaten da garrantzitsua kontzienteki jateamomentu hori disfrutatu ahal izateko eta zer jaten ari garen kontuan hartzeko». Ongizate fisikorako zein mentalerako, garrantzitsua da elikagaiak ere osasuntsuak izatea. Garai «berezi» honetan ere, jateko plateraren oinarria barazkiak izatea gomendatu dute Larreak eta Zeziagak: «Komeni da barazkiak izatea plateraren oinarria, eta proteina eta karbohidrato iturri osasuntsuz laguntzea. Komeni da frutak ere egunerokotasunean presente egotea». Funtsean dieta elikagai «errealez» osatua egotea gomendatu dute nutrizionistek.

Jatekoaz harago, osasuntsu mantentzeko, bertzeak bertze, kirola egitea gomendatzen duteadituek. Kirola egitea, ordea,ohi baino zailagoa da, bai behintzat Hego Euskal Herriko biztanleentzat. Ipar Euskal Herriko biztanleek egunean ordubete ateratzeko aukera dute, betiere etxetik hurbil bada. Ez da hori Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarren kasua. Etxetik ateratzeko debekuaren ondorioz,etxeko egongela bihurtu zaie anitzi gimnasio.

Kirol saio birtualak

Andu Martinez de Rituerto gorputz hezkuntzako irakaslea da Alegiako Aralar institutuan, eta bere etxeko egongela bihurtu du gimnasio: Internet bidezko gimnasia klaseak ematen hasi da. 40 minutu inguruko klaseak igortzen ditu Facebook eta Instagram bidez. Klaseak prestatzeko orduan, adin guztiak kontuan hartzen saiatzen da Martinez de Rituerto. Ariketa bakoitza egitean,gainera, aldaera ezberdinak egokitzen saiatzen da, bakoitzak bere gaitasun fisikoaren arabera egiteko. Bihotz pultsazioak igotzeko ariketa aerobikoak eginez hasten du saioa. «Aerobikeko mugimendu errazak egiten ditugu, baina tokian eginda muskulazioa ere lantzen da», erran du. Ondotik, indarra lantzen dute, hiru zatitan: hankak, abdominalak eta gorputzaren goiko aldea. Hori bukatu ondotik, luzamendu batzuk egiten dituzte, eta, amaitzeko, erronka jotzen die.

Egunerokoan, jendea gutxiago mugitzen denez, kirola egitearen garrantzia azpimarratu du Rituertok: «Nahiz eta pertsona oso sedentarioak izan, egunerokoan mugitu egiten gara. Egun hauetan, ordea, gerta liteke ohetik jaiki, sofara joan eta gehiago ez mugitzea egun guztian». Kirola egiteak gorputzaren sistema guztian onurak dituela dio, baita alderdi psikologikoan ere: «Kirolak alor ludiko oso handia du, eta oso inportantea da psikologikoki oreka bat lortzeko ». Talde giroa sortzeko, kirola aproposa dela uste du Perez de Rituertok, eta dio klaseen bidez jendea gorputza zaintzen hasteko kontzientzia lortzen ari dela.

Perez de Rituertorekin ados da Olaiz ere. Ariketa fisikoa egitean, nork bere mailaren araberako helburuak jarri behar dituela dio: «Normalean kirol anitz egiten ez duen batentzat orain ez du zentzurik helburu handiak jartzerik. Baina garrantzitsua da gorputza mugitzeko tartea izatea». Gorputza askatzeko gogo horretan dantza ere egokia izan daitekeela esan du Olaizek, baita nork bere burua besarkatzeko tartea hartzea ere: «Jendea beldurrarekin, kezkarekin, antsietatearekin dago, eta horrek nahi gabe gorputzean eragiten du. Horregatik da kirola eta luzaketak egitea beharrezkoa». Nork bere burua zaintzea garrantzitsua dela dio, baita emozioak zaintzea ere.

Emozioekin erabat lotuta dago elikadura, baita askotan otorduetatik kanpo jateko dagoen ohitura ere. Litekeena da jendeak azken egunetan ohikoa baino bisita gehiago egitea hozkailura, kasu horretan gakoa da begiratzeaarrazoia zein den begiratzea, Larrea eta Zeziagaren hitzetan: «Askotan gosea ez den beste emozio batek eramaten gaitu. Aspertuta gaudelako joaten bagara hozkailura, momentu horretan jatekoak plazera emango digu, eta aspergarritasun sentsazioa murriztuko dugu, baina hortik gutxira berriz aspertuta jarraituko dugu, ez dugulako emozio hori kudeatu, eta hor egoten da arriskua, emozioak elikadurarekin ezabatu nahi izate horretan».

Gose emozionala eta benetako gosea ezberdintzen ikastea da gakoa nutrizionistentzat, horretarako aholku batzuk eman dituzte: «Gose emozionala dugunean ez daukagu barazki pure bat bat jateko gogorik, bai, aldiz, txokolatea edo galletak jateko gogoa. Benetako gosearekin, ordea, berdin zaigu zer daukagun aurrean». Benetako gosea izatean zerbait jatea aukera ona dela diote: fruta bat, fruitu lehor batzuk, txokolate beltza edo ahuakatezko tosta bat adibidez.

Gainera, konfinamenduan denbora libre gehiago dagoela aprobetxatuta, errezeta berriak probatzeko abagune aproposa izan daitekeela diote, eta gero errezeta berri horiek egunerokora eramatea.

Loaren garrantzia

Osasuntsu egoteko bertze gako garrantzitsuetako bat da ongi lo egitea. Behar adina ordu lo egitea eta lo ordu horien kalitatea ere ona izatea. Bakoitzak egunari aitzin egiteko beharrezkoak dituen orduak lo egitea gomendatzen du Agirre medikuak, ez gehiago. Azken egunetako errutina aldaketak eragin dezake loan. Horregatik, lotara joateko orduan baliagarriak diren hainbat aholku eman ditu Agirrek: «Lo ongi egiteko, batetik, komeni da lasai joatea, laneko kontuak ahaztuta, eta logela ez egotea ez beroegi ez hotzegi». Horretaz gain, aholkatu du ez joateko lotara afaldu eta berehala, eta, lotara joan aurretixe, alde batera uztea tresna elektronikoak, pantailak eta gainerakoak.

Olaizek dio buruak atseden hartzeko uneak ere beharrezkoak dituela eta, horretarako, informazio uholdea saihestu behar dela. Informatzeko une zehatz batzuk aukeratzea gomendatu du, eta, horietatik kanpo, koronabirusaren inguruko gaiak alde batera uztea. Gainera, bakarrik egoteko uneak bilatzen saiatzea aholkatu du, eta, ahal dela, nork bere espazio pertsonala zaintzea.

Aholku guztiak beteta ere, litekeena da ezegonkortasuna dela-eta larritasun handia sentitzea. Eta larritasun uneetan zer? Koaderno batean buruan dauden sentimendu guztiak idatzi. «Idaztean, pertsonak distantzia hartzen du, eta pentsamendu eta emozio horiek kudeatzeko modu bat da. Dinamika apurtzekoa», erran du Olaizek. Etorkizun argirik gabeko garaiotan, ahal dela egunerokoa disfrutatzeko aholkua eman du: «Gure egunerokoan modu automatikoan funtzionatzen dugu. Normalean, etorkizunean edo iraganean pentsatzen bizi gara. Orain, koronabirusak gelditzeko eta orainean bizitzeko erran digu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.