Musikaria

Karlos Gimenez: «Etxean baino askoz hobeto jotzen dut jendaurrean»

Imanol Larzabal, Amaia Zubiria, Pier Paul Berzaitz eta Xabier Lete izan ditu kide, besteak beste, Karlos Gimenezek. Haiekin egin zituen abestiak X5 kolektiboarekin aurkeztu ditu orain.

JON URBE / FOKU.
JON URBE / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun

X5 Kolektiboak Abestiak gogoan (Vaiven, 2022) diskoa kaleratu zuen iaz. Karlos Gimenezek (Rosario, Argentina, 1956) bere ibilbide profesionalean oholtzakide izan dituen abeslari askorentzat konposaturiko kantuak bildu dituzte bertan. Joan den igandean eman zuten lehen kontzertua, Donostian.

Kontzertuen aurretik atera zenuten diskoa. Nolatan?

Bueno, Iñaki Salvadorrek eta biok elkarrekin jotzen oso ondo pasatzen dugunez, aspaldi pentsatu genuen zerbait grabatzea. Berak komentatu zuen nire errepertorioa izan zitekeela aukera bat, eta nire bizitza profesionalean zehar egindako abestiak aukeratzeko esan zidan; horrekin egin genezakeela. Orduan deitu genituen Petti, Francisco Herrero eta Nerea Gorriti.

Kantu horiek berreskuratzeak eraginik izan du zugan?

Oso zaila izan da aukeraketa egitea. Dena den, saiatu naiz berritzen eta bertsio berriak egiten aukeratutakoekin. Iñaki Salvadorrek zenbait berritu ditu, eta neuk ere abesti batzuen akordeak moldatu ditut; egia da taldean konplizitate berezi bat sortu dela, eta horrek asko lagundu dio musikari.

Nabari da taldearen sintonia on hori diskoan?

Horixe baietz. Entseguetan primeran egon gara, eta gero grabaketa oso azkarra izan da. Bi egunetan grabatu genuen diskoa. Ia-ia zuzeneko baten gisara.

Oholtzan hainbesteko esperientzia izateak zer ekarri dizu?

Hor ikasi daiteke asko, eta nik ere zorte handia izan dut Imanol Larzabalekin, Antton Valverderekin, Xabier Leterekin eta Pier Paul Berzaitzekin jotzeko aukera izateagatik. Oholtzan egoteko lasaitasuna eta kontzentrazioa ez galtzeko ohitura irabazten dituzu behintzat.

Jendaurrean hobeto jotzen dut etxean baino. Ez dakit ondo adierazten hitzez, baina hor magia bat sortzen da, eta horrek asko laguntzen dit.

Bigarren planoan egoteari nola eusten zaio?

Ohitura hartzen da. Nik beti hartu dut nire lana oso pertsonalki. Nahiz eta beste baten diskoak izan, nik hor ahal nuena jarri dut, eta pixka bat nireak ere bihurtu ditut kantuak. Badakit entzuleentzat ez daukadala protagonismorik, baina niretzat badaukat.

Aukeraketa egiteko orduan, zer hartu duzu aintzat?

Erabaki nuen poesia izango zela protagonista. Horregatik, hitz gehienak Xabier Leterenak dira. Uste baitut Euskal Herrian izan dugun poeta onena izan dela, eta hortik jo nuen. Bederatzi poema dira harenak, eta guztira hamahiru abesti dira.

Xabier Letek musikatuta entzun gabeko letra batzuk jaso dituzu, ezta?

Bizitzako azken urteetan, kapritxo antzeko bat izan zuen: disko bat egin nahi zuen, eta esan zidan grabatu nahi zuela zerbait. Hamabi poema eman zizkidan, eta ni hasi nintzen musikatzen. Asko kostatu zitzaidan. Azkenean, hiru abesti berri egin nituen, baina Xabier oso gaizki zegoen ordurako. Nik baliatu ditut hiru abesti berri horiek disko honetan sartzeko.

Horregatik dauka lanak Abestiak gogoan izenburua. Leteren omenaldi gisa?

Izan daiteke, bai. Abesti gehienak zaharrak dira, baina hiru berri horiek, niretzat, Xabier Leteri egindako omenaldia dira.

Lana jendaurrean aurkeztea izaten da musikarien nahia. Nola ikusten duzu zuzenekoen zirkuitua?

Gaizki, egia esan. Nik ez dakit non dagoen arazoa, baina uste dut erru pixka bat badugula jendeak, oro har. Ez garelako mugitzen antzokietara ezer ikustera. Orduan, kultura arduradunek beldurrez antolatzen dituzte ekitaldiak, jendearen esperoan. Nire ustez, ordea, instituzioek apustua eginez gero, posible izango litzateke egoera hau iraultzea.

Kolektiboak lanean segituko du aurrerago ere, ala diskorako elkartu zarete soilik?

Jarraitu nahi dugu. Orain, honekin gaude, ea kontzertuak ateratzen zaizkigun. Etorkizunean ere zerbait gehiago egingo dugu, baina abestiak konposatu ere egin behar dira, eta hor badago lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.