Euskal Herriko etxebizitza eta familiak garapen handia izan du XX. mendetik gaur egunera arte. Hori ez da gauza berria, baina bi kontzeptu horien eraldaketaren berri era xehean eskaintzen du Etniker Euskalerria eta Labayru ikastegiak argitaratu duten Casa y familia en Vasconia izeneko liburuak. Ikerketa etnografiko batean oinarrituta dago liburua, eta 1990ean jorratzen hasi ziren Atlas Etnografikoaren zazpigarren zenbakia da honakoa. Atlas hori Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografo ataundarrak urratu zuen bidearen jarraipena da. Hark zioen gisan, «atlas horrek Euskal Herri osoaren ikuspegia begien aurrean jarriko du. Horretaz gainera, zenbait kulturaren ikerketan euskaldunon etnografia partaide izan dadin ikuspuntu ziurra izango da lan hau». Oraindik jorratzeko bide luzea dago, baina lehen zazpi oinarriak ezarrita daude.
Etxea eta familia, biak atal berean eskaini du Etniker eta Labayruren ikerketa berriak, «Ander Manterola zuzendariak etxea bizidunekin batera deskribatu nahi izan baitu, ez etxe hutsa, betea baizik», Segundo Oar-Arteta Labayru ikastegiko eta ikerketako kidearen hitzetan. Etxearen eta bertako biztanleen arteko harremana estua da, horrenbeste, bizidunen beharren arabera eraldatzen baita etxebizitza. Ogibidea nekazaritza edo abeltzaintza izan, etxeak itxura ezberdina hartzen du, eta bi faktoreen artean dagoen harreman horregatik landu dituzte bi gaiak liburuki batean.
Ikerketa hamasei kapitulutan banatu da, eta horietan, iraganeko eta egungo egoeraren arteko alderaketa egin dute. Euskal Herriko 87 herritan egin dituzte galdeketak, eta denera 750 informatzailek eman dute ikerketa egin ahal izateko testigantza. Lan etnografikoan, gainera, lekuan lekuko hizkuntzan etxearen eta familiaren inguruko zenbait hitz bildu dituzte, «eta horrek aberastasun handia ematen dio lanari», Oar-Artetaren ustez.
Iraganeko kontuak
Etxeen ikerketa egiteko garaian, Euskal Herriko 39 etxebizitza mota bildu dituzte, denek ere lekuan lekuko bereizgarriekin. Etxeak inguruneari zuzenean lotuta zeuden, eta horren adierazlea da, esaterako, teilatuen egitura. «Klima euritsuko parajeetan, teilatua eroriagoak izan ohi dira, hegal luzeagoekin, eta lehorrean, berriz, teilatu lau eta hegal gabeak dira». Etxebizitzen egiturak, gainera, egurrezkoak izan ohi ziren, eta askotan etxeak ere egurrezkoak ziren. Baina suteek eraman zituzten etxe horiek, eta harriz egiten hasi ziren ostera. Ate eta leihoen kokagunea ere eguzkiaren araberakoa zen, berotasun hori ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
Berotasunari dagokionez, sua eta sutondoa ziren etxearen ardatz, «gune hori oraindik garrantzitsua da, baina nik uste dut apurka egongelara igaro dela elkartzeko gune hori, telebista ere han baitago». Egindako bilketan azaltzen da lehen sutondoak zuen garrantzia, ikasteko gune, ilobei istorioak kontatzeko leku etaelkargune ere baitzen. «Baina orain hori galdu egin da».
Errituekin ere zerikusi zuzena izan zuen denbora luzean suak, «sua ez baitzen amatatzen iraganean, zerekin piztu ez baitzen egoten biharamunean», Oar-Artetak dioenez. Horren ondorioz, sineskera ugari daude aingeru eta sorginak su ingurura dantza egitera biltzen zirela, esaterako. «Barandiaranek ere bildu zuen beste erritual bat oso zaharra, non katuak etxeratzeko hiru buelta eman behar zizkioten suari». Antzinako sinesteetan suak zuen garrantziaren isla zuzena.
Erritualak ere bildu dituzte ikerketa lanean, «askotan beste liburukietan landutako gaiak hemen ere agertzen dira, kultura ez baita zatikatutako zerbait», Oar-Artetaren hitzetan. Era horretan, etxearekin zerikusia dutenak bildu dituzte batez ere. Beste adibide bat: ekaitza zenean. Atarian aizkora bat ahoz gora jartzen zuten ekaitza etxera sar ez zedin. «Orain badakigu horrek tximista erakarri egiten duela».
Aldaketa garaiak
Barandiaranek XX. mende hasieran egin zituen ikerketak, baita etxearen eta familiaren ingurukoak ere. «Horrek guztiak gure ikerlana joan den gizalditik gaur egunera arte luzatzea ahalbidetu digu», Oar-Artetak dioenez. Egungo ikerketa, beraz, 50eko hamarkadatik gaur artekoa izan da. Orduan hasi ziren aldaketa handienak. Izan ere, bizimodua asko aldatu zen, batez ere familiaren egitura. Eta, hori aldatzearekin batera, baita etxebizitza ere.
«Etxekoandrea hasi denean kanpoan lan egiten, etxea goitik behera aldatu da». Izan ere, lehen beti zegoen norbait etxean, eta orain lan egitera irten denetik, ez dago inor adineko pertsonak eta haurrak zaintzeko. Hori dela eta, «hiru belaunaldiak ez dira batera bizi, eta haurrak oso txiki direnetik bidaltzen dituzte haurtzaindegira». Adineko pertsonak, bestalde, bakarrik edo egoitzetara joaten dira gaur egun.
Laborantza eta abereak alboratu egin dira gaur egun. Horien ordez, ukuiluetan txokoak edo garajeak egin dira, eta lehengo etxeetan orain gela gehiago daude aprobetxagarri. Izan ere, etxeak bizimodura egokituta daude. Oar-Artetak adibide bat jarri du: «Iraganean, korta etxearen azpialdean egoten zen, eta ganbaran, berriz, belar lehorra. Horrek guztiak kamara bat egiten zuen, eta etxean berotasuna egoten zen». Horregatik, abereak eta laborantza alboratu direnean, bizitzeko modua ere erabat aldatu da.
Casa y familia en Vasconia lanak etxearen eta familiaren egituraketaren inguruko aldaketa guztiak ulertzeko zantzuak ekarri ditu. Alde horretatik, ondoren etorriko diren ikerlarientzako tresna baliagarria izan daitekeela uste du Oar-Artetak.
Ezarian. Etnografia
Etxea eta familia, mende bateko aldaketan
Etniker Euskalerria eta Labayru ikastegiak 'Casa y familia en Vasconia' izeneko liburua argitaratu dute. XX. gizalditik gaur egunera arte izandako eraldaketa bildu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu