Etxe hau aipatzen dutelarik, 'zuen etxea' erraten dute». Hartzea Lopez Aranaren hitzak dira. Baionako Plantoun auzoko etxe bat okupatu zuen maiatz bukaeran, beste lagun batzuekin batera. «Hasieran, pixka bat estralurtar batzuk bezala ikusi gaituzte. Baina badakite haiek ere, guk bezain ongi, bizitoki bat ukaitea ez dela erraza Ipar Euskal Herri honetan, eta etxe eskubidea denen afera dela», gehitu du.
Auzoko jendea hurbildu zaie atzo ere, batzuk bederen, sostengua adierazteko. Abuztuaren 14an erabakiko baitu Baionako auzitegiak kanporatze agindua eman ala ez. «Etxe abandonatu batean sartzea, ez dakit zertan den delitua hor. Gero ere Plantounetik abiatuz erakutsi nahi dugu beste errealitate bat». Izan ere, Lopez Aranak dioenez, Baionan bertan jende gehiago bada modu diskretuan etxeak okupatzen dituena, «bereziki prekarietatean direnak».
Plantoun, auzo berezia
Plantoun auzoan bertan, etxeak jabegoan dituztenek ere errealitate berezia dute, Lopez Aranaren erranetan: «Ez gara haien egoera berean, baina nolazpait egoera bertsuan gara: bizitegi arazoa. Haiek ari dira etxeentzat maileguak pagatzen, eta prozeduretan sartuak dira; biziki luze egiten zaie. Maileguak pagatzen dizkiete kanporatu nahi gaituen jabeari». Habitat Atlantique promotoreak etxeak saldu zizkien, baina gaizki eginak direlakoan hustu behar lituzkete. Batzuek hala egin zuten, eta horietarik bat da okupatu zutena.
Promotorearekin, okupazio hasieratik, harremanak polizia eta prozedura judizialaren bidez egin dira: «Alokatzaile sozial baten partez ez genuen espero halako harrokeria eta bakarrik errepresioaren karta jokatzea. Argi erraten diegu guk ez dugula liskar egoera bat nahi haiekin, baina haiek horretara bultzatzen badute, gu prest egonen gara erantzuteko», dio Lopez Aranak.
Baionako bestak Plantounera
Kanporaketa mehatxua hor izanik ere, etxe okupatuko biztanlea ez da ezkorra: «Ene ustez, moralki zerbait irabazi dugu. Etxe huts bat okupatzearen ekintza bera ulergarria da, eta hori hemengo jendeak sentiarazi digu. Hori irabazia da». Kanporatuak balira berriz, argi dute hor geldituko direla, eta hasi dira herri harresi baten ideia planteatzen ere.
Atzoko bestak islatu zuen haien egoera nolakoa den gaur egun: «Egoera aski lasaian gaude oraingoz, auzo berri batean bizitzen eta bertako biztanleekin harremanak ukaiten». Baina epaia etorriko da. Etxearen estreinan kantatu zuenean, Xumai Murua bertsolariak bertaratu zirenak deitu zituen elkartasunera, kanporatze agindua emanen balitz. Plantoun utzi eta Las Dos D kubatar kantariek ZUP auzoan kontzertua eman zuten gero, 19:00ak aldera. Baionako bestak presentzia gutxi duen auzo horretara mestizaje kulturala gehiago ekarri zioten okupaziokoek. Sostengu zabala sentitu zuten antolatzaileek.
Baionako bestak
Etxe okupatua estreinatu dute
Besta bat egin dute Plantoun auzoan etxe okupatu bat estreinatzeko. Ondotik, Kubako Las Dos D kantariek kontzertua eman dute ZUP auzoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu